www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Frantzia eta Espainia

 

        Holetan Afrika Marok delako herrialdeaz hor auzitan gira, ez bakarrik Alemaniarekin, bainan Espainiarekin ere.

        Hau bazauken eta bazagon ere ixilik, bere onetan, ez balu ikusi azkarrago bat guri oldartzen, iduri berehala borroka gerlan hastekotan.

        Egundainoko guziena da: handiak elgarri jazarri direneko... bertzeak ere saingaz, haumaka bederen hastea; non ez dautzuten bazterretik ausiki eginen, zure izariko etsaiarekin lothua zirelarik, edo lotzera joaki.

        Ez da gizontasuna, eta bere buruaz oro baino hartuago denarentzat eder baino itsusiago da; zuzenazko ez-baia bertzalde.

        Aspaldi du, mendeak ditu, Espainia Frantziaz bekaizti dela; mendeak, begietan gituztela gure auzoek; eta ez gero, uste bazinute ere, bakarrik hango nonbeiko Espainia barneko eta beherekoek, bainan hor gure auzo hurbil eta eskualdun aneiek ere; orok ez bada, frangok.

        Beren fueros, ohiko dretxo eta libertate galduez aiher direla Espainiako buruzagier, gu Frantziako buruzagi ditugun bezalakoeri bezenbat eta anhitzez gehiago; noiznahi gerla piztekotan —ahoz— uztarria gehiago ezin jasanez.

        Zazpiak bat behar girela bethi egon eskualdunak elgarren haurride mintzaiaz bezala bihotzez; eta gero noiznahi makurbide eta gerlabide, eta auzibide. Garazi aldeko mendietan abere eta azinden alhapidez bakerik ez dukegula; guarda eta karabinero, ez kontrabanda, ba kontrabanda, tinta-minta guzieri lothuak, leihor ala itsaso, zedarri guzietan, eta zoin zorrozki!

        Bethi heienak handienik, gureak deus.

        Populurik ez da lurraren gainean, elgarrekin guti edo aski makur, ba eta gerla handi zonbeit ere ukan ez dutenik, noiz edo noiz, edo ukaiter.

        Bismark zenaren denboran gutik egin du ez baita piztu Espainiaren eta Alemaniaren artean gerla bat gaitza. Ederki behartu zitzeien Aita Sainduaren arartekotasuna, berek galdatua, ikusirik zertara zoazin, beren kaltetan.

        Oraino ere, Marok eta Kongo ala edozoin lur puskari lothuak balire bi buruetarik, aleman matrail handi eta español mando buruak, berak utz, nehor artetik sarthu gabe, orai besarka dauden bezen aiher eta mutur lagozke segur elgarri, eta fite! Ez behin baketzekotan, española segurik!

        Ezen hau badu españolak, orok baino gehiagokoa: Moisen denborako eta oraino lehenagoko makur, hoztasun, auzi, gerla, bataila galduen orhoitzapena baitauka, menderen mende, sekulan ahantzi, ez eta eztitu ere gabe; duela ehun, berrehun urthekoa bardin atzokoa bezen samin eta bihurri.

        Beren herriari atxikiak direlako marka —ez othe urgulua minberago dutelakoa, zailago herra?

        Jende bakarren, familien, herri osoen ala populu handien arteko makurrak noizpeit uzten dire gogotik ezeztatzera; Espainian ez. Hasta la muerte badiraute.

        Ez da mirakulu Napoléon Handi zenak egin kalteaz orhoit baitire bethi, ahanzterainokoan, gizon izigarri, buruz eta orotaz bertzeak bainoagoko hura bera zela zen bezalakoa, gerlatiar nehon etzaukena; haren hobenak Espainiaren alderat ez direla, ororen buruan, Frantziaren hoben munduaren akabantzaraino; bara bat badutela noizpeit azkenean orhoitzapenik gaixtoenek. Nor non bizi bakean betzenaz!

        Bainan ja erran duguna, Napoleonen denboraz lehenagokoa da españolak frantsesarentzat duen janhiza.

        Dathorkigula nahigabe handixko bat, ez dautzu gordeko bere atsegina bertzenaz deus ikustekorik ez ukanikan ere.

        Berak edo beren erregea hemen gaindi dabiltzala, deus ez zeie sobera, artha eta agur. Hek eta gu baino adixkideagorik iguzkiaren pean ez dela iduri, eta gero, horra ikustatea, gutien ustean!

        Hortarik joan behar bagira, goazin hortarik; ez gure, bainan españolen nahiz.

        Marok delako tokiaz alemanarekin dugun makurrean ez zuen españolak sudurra zeren sar... ez sartzekotz gure alde; auzo hurbilenaren eta zuzenaren alde. Baduk hoberik! Azkarrena uste duenari jarraiki nahiago baitu ordean gure auzoak. On diola!

        Cuidado, sarri oraiko lagun azkarrari hortzak luzatzearekin, urriki ez dakion, aleman gose, nehork ezin asea lagundurik! Espainiaren kaltetan gure Napoleon zena bezenbat, xedez bederen, litaken bat balethor alemanen buruzagi, orduan litazke zinak eta minak; ederki merezituak.

        Hiruetan hogoita hamar bat urthe ditugu Marok-en zangoa eman ginuela gure aldetik. Denbora gutiz hangotu gira, eta hango jendea guretu, frantsestu, buruz, bihotzez, lanez, orotaz.

        Espainiak badu lau ehun urthe bere aldetik han sarthu zela. Zer egin du ordean? Ez hango jendearen gogoa hatzeman; ez bide, ez lur, ez lantegi, ez eta sal-erospen, deus ez du zehe batez aitzinatu.

        Lur batez jabetzeko, eta jabetu ondoan beretzeko lur hura bethikotz aski balire urtheak, mendeak eta «Nor gira gu» egitea burua goitituz, nausi litake aspalditik hunat Espainia Marok-en eta bertze askotan.

        Hala ez balin bada, noren falta da?

 

Eskualduna, 1911-10-06

 

aurrekoa hurrengoa