www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

«Eskual etchea»

 

        Berri on bat heldu zauku Buenos Airesetarik. Hango eskualdun jaun batzuek, Salgizeko seme Martin Errecaborda xuberotarra buruzagi, elgar hitz-hartu dute, toki hetan diren eskualdun herritarrentzat zerbeit ongiren egiteko.

        Buenos Airesetan dute jaun hoiek beren fortuna egin; eta hemen Eskual Herrian sorthu zirela ere orhoit dire bethi. Erakutsi nahi dute beraz bai beren sor-herriari, bai Buenos Airesetako eskualde, heientzat hain on izanari, ez direla esker gabeak; ez bihotz gabeak; badakitela beren zorionetik bertzei pharte emaiten.

        Lurrik hoberenerat bota zazu hazirik hoberena: bihi anhitz sorthuko dira eta ederki handituko. Ba ordean zenbeit lurpean geldituko ere, galdurik.

        Gizon hazi onik balin bada, eskualduna da; eta berriz Buenos Airesetako lurra, lur bat pare gabea. Halarik ere lur hartan eskualdun zenbeit bethi galtzen, nahi eta ez. Dela eritasun, dela tratu okher, errekontru txar, lagun ahul edo ezazol, suerte gaixto, berek dakitela edo ez dakitela nola, burhaso eta haur, hanxet familia osoak ikhusten dire miseria gorrian; beren sor-herritik urrun, urrikalgarri.

        Gorphutzeko miseria baino hitsago arimakoa; eta huntarik izanki han trumilka.

        «Non da hobe gizonarentzat, zioten galdegiten behin amerikano bati, Ameriketan ala Eskual Herrian?».

        Amerikanoak errepusta: «bizitzeko, bego Amerika; haatik hiltzeko, Eskual Herria». Erran nahi: gorphutzarentzat, sakelarentzat, abere, azinda, errekoltentzat, han, han, hobe. Bainan arimarentzat lekhu hotzak hek, eta murritzak: elizak bakhan, bakhan aphezak; erakaspen eta etsenplu on guti; txarra frango.

        Arimak galtzen ez badire ere, ahultzen, lazatzen, eritzen.

        Beraz Buenos Airesetako eskualdun on heiek lagundu nahi dituzte beren herritar beharretan direnak: zahar ezindu, gazte ahul, edo eri haur umezurtz; berenaz ezin egin, eta jaberik ez; nahi diote ahalaz esku eman orori, eta laguntza. Eskola, eritegi, etzateko atherbe, sendagailu, mediku... hots behar diren laguntza guziak. Ez oro berehala betan, ez; bainan ahal arau, beharrenetik has.

        Oraidanik lur bat erosirik, atherbe handi baten egitera doazi, deithuko baita «Eskual Etchea».

        Hasteko lehenbailehen, han gaindiko eskualdun semeak, beren haurrak bezala burhaso pobrenak ere nahi dituzte argitu eta altxatu gizonki, girixtinoki.

        Hemendik harat doazin gazteak, bereziki neskatxak, nahi lituzkete beiratu, bidatu, eror ez diten otsoen aztaparretarat.

        Hoik orok ordean galdatzen baitute, ez bakharrik diru, bainan buru eta bihotz, beso eta bulhar, eta begi. Ez baitire berak egiten diren lan batzu. Serora eta fraide, edo aphez, gorphutz ala arima laguntzaile, khar aphur batekin eskualdun odoletik zainetan behar baitute izan Eskual Etche hortako lanei lothuko direnek.

        Hortakotz galdegin diote gorago aiphatu Jaun Martin Errecabordak eta haren lagun aberats ongi-egile heiek, Eskual Herritik harat joanak diren beneditanoei, ea lagunduko dituztenetz beren xede ederretarik bederen zenbeitetarat heltzen.

        Beneditanoak ez direlakotz aski han direnak holako lan bati lotzeko, lagun bilha dabiltza. Aita Iñazio Gracy azkaindarra, Buenos Airesetik sei ehun kilometre urrunago Vitoria deithu hirian kokatuak diren beneditanoen buruzagia Eskual Herrian dugu, lagun bilha ethorria.

        Fraide ohi ala fraide gei, ala aphez gazte edo gei, fraidegoan sarthu gabe, langile lagun, haur eskolatzaile ala misionest, harat joan nahi duketenen hartzera dago, berekin eremaiteko; edo geroxago bardin.

        Hilabethe bat badu hitzemana giniola obra eder horren aiphatzea Eskualdun On-ean. Ezin heldu gira.

        Guregatik behartu zaio berak duen kharra eta hedadura. Ezen solasa hemen deramagularik, jaun gazte eskualdun bat heldu zauku gainera: «Agur. —Bai zuri ere. Non zabiltza? —Ori ez da egia bezalakorik, Ameriketarat noha; hola eta hola. —Gerthatzea da gehiago! Behazu zeren igortzera nindoan Eskualdun On-erat. Zure izena eman baneza ondarrean, ongi loake. —Ez eman othoi. Semenario handitik ere badira, uste dut hiru, ethorri beharrak. —Hobe segur. Beharra den tokian, eta haizu ongi egitea, eta bertzalde laguntza eskaintzaleak izanki, zoazte gogo onez».

 

Eskualdun Ona, 1905-03-10

 

aurrekoa hurrengoa