www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Zaharren erretretak

 

        Zenbat langile zahar othe dire Frantzian, jakin dutenak iragan asteart aphirilaren bieko beren izena eta beren lehen emaitza, gizonek 9 libera, emaztek sei, zoin beren herriko-etxean emanak behar zituztela nahi bazuten erretretaz gozatu?

        Hiruetan hogoi urthetan pasatuak eta hetarat hurbilduak direnek aski zuketen, izena emaitearekin, legea onhartzen zutela, lehen emaitzaren egitea ehun eta zonbeit liberaren ukaiteko.

        Adineratuz geroz deus gehiagoren emaiterik ez; eta bizkitartean ehun eta zonbeit liberaren altxatzeko eskua ba.

        Intresean eman diruarentzat ehuneko bortz eder da, ez dea hala? Huna hemen kasik bortzeko ehun.

        Aski goiz ernatu ez direnek anhitzez gutiago izanen dute. Hanbat gaixtoago. Noren falta? Ez gurea; guk entzun eta lehenbailehen hemenxe adi-arazi dugu, zena zen bezala.

        Gobernamenduak ere Journal Officiel delakoan eta merietako afixetan eman-arazia zuen, zer zuketen hor egiteko legeaz gozatu nahi zutenek.

        Bizkitartean ez du egin halako harorik. Ez balioz othe, zeren ez duen kasik nehork haren boza entzun aitzinagokoetan erretreta direlakoez mintzatu denean; ala ez othe beldurrez, oraikotik hor bereziki hunkituak zirenek adi zezaten orok, eta sinets?

        Ezen non litake Gobernamendua hiruetan hogoi betheak edo hurbilduak dituzten guziak oro baloazko, bakotxa beren 6 edo 9 liberekin, huna nere izena eta huna nere emaitza. Emadazue hunenbertze arranda.

        Hor sarthu den baino anhitzez gehiago ez baladi uko egon, ederki hatzemana litake Gobernamendua.

        Alabainan biziki diru guti luke altxatzekorik, bakotxa emaitza bat edo biekin berehala handik harat deus kasik ez gostarikako erretreta onaren jabe litakenaz geroz.

        Nondik luke orori emaitekoa? Zahar anhitz bada, nahiz gazte are gehiago.

        Gazteak oro uko egoki; langile gazte nehor kasik ez oraino legean sarthurik, gobernamenduak hor sos biltzeko zuen esperantzarik hoberena zen, zaharreri emaitekoa gaztetarik bilduko zutela.

        Gazteak gibelerat, gazteak hotz, gaztetarik deus ezin ardiets, nondik athera zaharreri emaitekoa?

        Zaharrek berek bakarrik ez dezakete aski eman, ez dute aski emanen elgarrentzat. Beraz orduan?

        Orduan bietarik bat: gobernamenduak hitza jan beharko diote, nahi eta ez, ezin bertzez, lehenik hor sarthuak edo sarthuko direneri.

        Hitza ez jatekotz, beharko du hartu dirua bertze nonbeitik.

        Gibel aldearen peaxatzeko belhaunetik haixturrez oihal puska motz; zilho baten tapatzeko, bertze bat bertze nonbeit bardina egin, edo handiagoa. Ahal den lana!

        Orok onhartuz legea, ontsa zoaken. Ontsa? Ez dakigu azkenean langilearen onetan izanen zenez. Bainan gobernamenduak bati kendua bertzeari emanez, erran zezaken zerbeit ari zela, eta zerbeit onik.

        Ororen buruan on bat othe den biziko diren bakar batzuentzat orok luzaz karga dorpe baten jasaitea, ez ginuke gure gain hartu nahi erraitea.

        Bainan gobernamenduak duen bezin diru emaile guti dueno, eta galdatzale anhitz, nondik nahi zinukete, ihardok dezan.

        Laster hitzaren ezin atxikia, orori ezin emana jin dakioke. Edo atxikitzeko hitza, beharko du dirua den lekutik hartu; ohointzari lothu berriz, edo hobeki erraiteko, aspaldiko sailari jarraiki?

        Gauza ebatsiak egundaino nehori ondorio on guti egin dio; ez ebasleari, ez eta haren eskutik hartzaleari.

        Ororen buruan hor beren emaitza eginik sarthu direnek, erretretaren ukaiteko, den gaixtoenetik ere, adinean joanak direnaz geroz, ez dukete mila galtzen biziki gutiren emaitea baitute.

        Eta guti emanik, badukete berehala hor arrandaño bat pullita. Agian ba, bizi direno.

        Sarthu ez direnak aldiz, gure arabera, urriki ttipi bat badukete, bainan ez buruko ileri lotzekorik.

        Ezen ez da hoin segur, erretretaren hitzemailek hitza luzaz atxik ahalko dutela. Dirurik biltzen ez badute, nondik ukanen dute emaitekoa?

        Eta nondik bilduko dute aski orori emaiteko, fornitzalerik hoberenak, langile gazteak oro edo gehienak legeari gibelaz itzulirik balin badaude, daudela ikusten duzuen bezala?

        Agian gauzak guk uste baino hobeki joanen dire. Hala baloazi, hobe ororentzat.

        Anhartean, espantu guti dute gure gizonek orai artinokoaz.

 

Eskualduna, 1912-07-05

 

aurrekoa hurrengoa