www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Etsenplu

 

        Egun zortziko Eskualdun-ean irakurtzearekin, Tissier deithu Arrotako auzaphez orhoitgarria burutik joan zela, herri hortan auzaphez bezala elhepide onik eman ondoan, —ez ahal du balinba nehork uste izan atsegin ginuela hemen aspaldiko etsai batez gaizki mintzatzea. Hori uste lukeena hutsean litake.

        Are gutiago du zeren nehork erran, edo norbeitek hala ez dena erranik, sinhets, herraz, jazarri gitzakola gizon eri bati. Ez da hola. Lehenago ere, behin baino gehiagotan, bere buruaren jabe zelarik eta nehor bezen on, bere makhilaren xuritzeko, bereak aditurik dago hemenxet Arrotako auzaphez ohia. Gaizki diot: ohia; ezen ez da oraino haren ordaina izendatua. Izaitez ez bada, bederen izenez erho izigarri bat du oraino meratzat Arrotako herriak, on bazaio eta ez bazaio.

        Du... eta merezi du.

        Ikhusten dut solasa gaizkirat hartu nahiko dutenek, zer erranen duten: gizon dohakabe bat, eroria, herrestan erabiltzea ez askiz, haren hobenetan ikustekorik ez duen herria, herri guzia nahi ginukela berriz orai lurra baino beherago ezarri. Ez da egia hori ere.

        Bainan gaizki hartuak izan behar bagine ere gogoan duguna erranen dugu, zabal-zabala.

        Zer ere baitzauku iduri, gizonaz bezala, gizonez. Egia.

        Eta ez bat ere, nehoren aphaltzeko gutiziaz, bainan holako gerthakari bat ororentzat etsenplu delakotz.

        Orok engoitik dakiketena da bertzenaz, ez dugula Eskualdun-ean holako solasik nehortaz hanbat erabilki. Non da ere holakorik? Bainan hots, ez zauku lakhet, beharrik gabe, nehortaz gaizki mintzatzea. Eta hemen artetik erran dezadan egia, solasak dakharrenaz geroz, gure artha berezienetarik bat da, egiazko lan bat, bertzeak bertze, eta ez bethi errexena, athe leihoen zaintzea; ez dakigun, uste gabean, artekatik sar, behar ez denik. Halere lizafinek badakite xilhoen hatzemaiten. Ahal duguna egiten dugu.

        Beltzuri bat baino gehiago ukhanik gaude segurki, eta gure adixkide ustez hoberenetarik zenbeitekilan makhurturik; edo guti edo aski hoztasunetan jarririk, zeren ez ditugun igorri zauzkutenak oro hemen ezarri bethi. Bertze zenbeitek hala egiten omen baitute. Nahi badute ba. Guk ez.

        Garbiki bertzenaz, iduri zeie batzuei, oro on direla erraiteko, zeren eta errana den bezala, paperak ukhanak oro hartzen dituen.

        Paperak ba. Guk ez. Orhoit hortaz.

        Bainan ez du horrek erran nahi oilo busti batzu girela, zenbeit antzara karrankaritarik entzuten dugun bezala; edo ahate mutu batzutarik. Baitire halakoak ere; bertzen buztanaz uli haizatzaile batzu onak. Xo; bego hortan.

        Zeihartu zauku solasa. Non ginen? Huna... ahanzter baitut gehienik gogoan nakharrena hemen erraitea.

        Arrotako auzaphez dohakabearen adixkide edo ahaide hurbiletan balitz nor edo nor, bera hobendun ez delarik, hartaz erran behar izan ditugun egia latzek bihotzean zimiko egin diokenik, barkha dezagula. Barkhatzen ez balakute ere, guk gure eginbidea bethea dukegu, erakutsiz, ez gabiltzala nehori penarik eman beharrez, merezi ez badu. Ez eta merezi luketenei ere, non ez den holako zerbeit etsenplu izigarri, ingurune guzian orok dakitena, eta etsenplutzat oroitzeko dena.

        Halaber, nor ere baititake Arrotako herrian, herriko mera dohakabearen hutsetan ikhustekorik ez duena; hura nolazpeit lagundu ez duena, bozez edo bertzela, gaizkiaren egiten, ez dakiola othoi gaitzi hemen erraitera deramaguna.

        Bertzez ez dugu axolarik; edo hobeki erran dezadan, orok egia onhar dezaten nahiago ginuke ba, bainan egiaz hunkituak ditazkenei min egin beldurrez, ez gira egonen ixilik.

        Egun erran nahi ginuena, hau da: Arrotako herriak hainbertze urthe huntan zuen bezalako mera balin bazuen, merezi zuena baizik ez zuela. Ez othe? —Ez, eta otherik gabe oraino. Zu hunen irakurtzen ari ziren bezen segur.

        Alabainan, ez ahal zen bera jarria gizon hori herrian auzaphez? Norbeitek izendatua zen araiz; eta nork? Herriak, herriko gizonek; boz-emailek. Lehen aldian edo bi aldiz tronpaturik ere, azkenean, zena zenarentzat ezagutua zuketen. Zertako ez utz, ezagutuz geroz, bazterrerat? Zertako ez khen? Bakearengatik baizik izan ez balitz ere, zertako ez ezar bertze norbeit haren ordain auzaphez? Ala nehor ez izakiz ordain-gei? Ez da egia. Hasteko, nornahi bazitaken hura bezenbat. Zer zuen, ororen buruan, halako zer berezirik, bertzek baino gehiago? Onik deus ez; bakharrik gaixtakeria.

        Bertzalde nehon guti den bezalako buruzagi geiak bazitazken Arrotan. Hetarik bat, diotenaz, haren axuanta; bertze itzalik gabeko gizona, baizik ere, haren gibeletik baitzagon, hura utziz askotan bere gogoa zapatzen zuelarik, nahi zituen kixkilkerien egitera.

        Itzalik aski, herriaren kaltetan. Ezen ahuleziaz, bere aldean gaizkia egiterat uzten duen gizona, izan bedi nahi duen bezen gizon ona... ez da gizona. Holako zain eta odolik gabeko batzuek dute jauts-arazia Frantzia, ikhusten dugun erreka zolaraino.

        Eta gero? Hura zen bezalako mera gaixto baten izenarekin bere izena lerroan ezartzen duen gizona, edo bakharrik uzten ezartzerat, nahi eta ez, bethi hari indar emaiten ari zaio.

        Bera utzi balute, listako lagunik gabe geldituko zen.

        Ondoan bederen, ikhusiz haren egitateak, batzuek egin zutena egin balute orok, demisionia eman, ber-bera gelditzen zela ikhusiz, beharko zuen berak ere demisionea eman, edo gelditu zangorik, ez besorik, ez bulharrik gabeko buru; ororen irri-egingarri.

        Gehiago dena, ditaken gizon —gizon, ongi-egile, prestu, bihotzdun, jakintsun, herriko etxeko-jaun hoberenetarik bat, laguntza asko berak egin zezakena herrian, eta beharrez ardiets ere ba goragodanik, Daguenet Baionako Jaun notari on, zuhurra, nahi izan baitute behin edo bietan, haren ordain ezarri zenbeitek herriko buruzagi, Irigoin hagin-jalitzale biphila eta herriko semerik zerenak oro alde zituelarik notari horrek... halere-halere oraino mahain-petik edo nolazpeit nausitu baitzen Tissier! Hura bezalako gizon hits batek behar zuela garhaitu Daguenet notaria? Biak ezagutzen dituenarentzat ahalgegarri da.

        Ba, egiazki gero, ahalgegarri herriarentzat.

        —Noren falta? —Zerarena... Xinako enperadorearena naski! —Ba bainan zera da: gider handiak omen zituen. —Zer derasate: gider eta gider? Orizue, alafede, burutik joan denean, oro erhautsi nahi omen baitzituen, hartu balu aizkora bat, hatzeman guziei burua arraildu behar zeiela, utziko othe zuten libro, erranez: «Bego, giderra eskuan du!».

        Khen, khen giderra; khen fite, zuen onetan. Lau urthetarik behin bazuketen arrotarrek gizon lanjeros hari gider guzien khentzeko parada ona. Zertako ez khen?

        Khendu baliozkate, ez baitzen beharbada burutik joanen ere.

        Hori zauku, hori, bi gogoetaren egiteko doia buru dutenentzat biziki handi. Etsenplu ditaken gogoetagarrienetarik bat.

        Hortako dugu hemen aiphu, nahiz barneak halako bat egiten daukun, erho dohakabe batez hain luzaz mintzatzeak.

        Hitzik ez ginuen jaliko bertzenaz.

        Ez daukagu ere, Arrotako herri ttipiari doakola Eskual Herri guziaren begietan horrela emana izaitea. Bainan etsenplua heldu den lekhutik hartzen dugu; on edo txar.

        Oxala Eskual Herriarentzat, ba eta Frantzia guziarentzat, bakharrik Arrotako ixtorioa balitz hau! Bainan zenbat herritakoa ez da?

        Bertzeak bertze, diote ikhusi dutenek, ez dela Combes ministro buruzagi tzar hura baino gizon itxura hitsagokorik (hitsago baititu oraino egitateak).

        Buru aphal, kokots herdoil, zango mehar, higatu bat omen da.

        Nehork ez omen du ere ikhusi nahi. Ez nahi ikhusi, ezin ikhus begien aitzinean. Hola-hola erraten zuten Arrotako merarentzat halere hura arrotarrek meratzat atxiki; zenbat urthez? Erhotu arte.

        Combes delakoa ere arront erho baladi, ez litakela nehor estona, diote. Ja erhotuxea ez balitz, ez litzazke dazkigun lan tzarrak egin.

        Anhartean gure nausi, Combes Frantziako auzaphez guzien «chef» ohiko aphez-gei arnegatua. Giderrak eiki eskuan dituzke hark ere. Nork emanak?

        Ba, haurrak, ba; berriz ere diot: nork emanak?

 

Eskualduna, 1903-06-12

 

aurrekoa hurrengoa