www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Uhaldea

 

        Joan den astelehen eguerditik oren bat ondoxean ohartzen hasi dire Baionan la Nive Kanbotik heldu den ura goiti doala eta dena lur gorri, zikin, oro puzkateriaz bethea.

        Begiz ikus ahala zalhu eta gaindi joaki, gero-ta zurruburru gehiagorekin. Metaka heldu, itsas-ura samur denean bezala, mailka; gibeleko maila bethi aitzinekoa baino gorago.

        Zer da hau? Leihoetarik beha, ur hegiko egoiliarrak oro. Uraren bi bazterrak eta hiru zubien gainak oren laurden batez betheak jendez.

        Oro harrituak, non zer othe zen eta zeri ginauden!

        Anhartean, ura bethi gaindi, oldar gaitzean: lapar, egur, abar hil eta bizi, solido, ernai zahar, laborantzako tresna, kadira, ohe somier, athe-leiho, arbola oso errotik jali, gero-ta gehiago eta handiago; behi bat; zonbeit ardi; xerrikume eta urde larri... bat segurik hiru kintalez goitikoa; zaldi, asto; ahate, antzara, oilo, zakhur, apotzar, suge, musker ferde, han iragaiten ikusi ez dutenik ez da.

        Hil kutxa bat ere ba omen.

        Batek hau ikusi, bertzeak hura. Ez balinba! Nola ditake hori? Bizi ala hil? Hango erasia!

        Eta oro beha, begiak luzatuz urerat. Huna suge alimale bat, haur baten besoa bezala, lephoa goiti altxatuz doala. —Bizi? —Ba naski! Beha zozu, gizona. —Huna bertze bat, ur hegirat ezin helduz ari; bipera izan behar da, —Ez —Ba...

        Parasol giderraz batek laguntzen du sugea hegiratzen. Jali orduko, han berean kali.

        Ureko sugeak izan behar ziren oro edo gehienak. Mendian urak lo hatzeman zonbeit ere ba naski.

        Sant-Izpiritako ur hegi harri lauzaz estalietan omen zen biharamunean frango ageri suge hetarik, multzoka, nonahi. Beharrik ez dezakete min handirik nehori egin suge urekoek.

        Arraina ere izitu du, zoratu, nahasi osoki uhaldeak; ur zikin, lurrez loditu hartan ezin bizi, ala nork daki zer? Zernahi arrain hil omen da; eskuz bil ahala bazen tokitan, urak apaltzearekin, pentze eta landa zilo batzuetan geldituak.

        Amarrain, kolaka eta bertze, zaretaraka hatzeman dutenak omen dire, Baionatik Milafrangan harat. Hetarik batek ziola: «ogi ez artho, ez belhar, bertze deus ez badugu zeren igurik aurthen, goazin, egur eta arrain poxi bat bederen dukegunez».

        Ez da jostetarik hor. Izigarriko malurak izan behar dire: ur hegiko errekolta guziak gal. Lurrak oro itsuski zikinduak behere hautan lohi gorriz eta purruskeriaz.

        Husten, garbitzen, sorho poxi bat bederen emaiteko heineratzen, zer lana!

        Ur hegiz hegi, goiti joanago eta galtze handiagoak ez othe diren, oro beldur.

        Itxura guzien arabera, pentze eta landa osoak, lur erabili zenbat ez duke urak ereman burrustan?

        Hainbertzetarainoko lur andana derama urak itzulipurdika mendi aldetik itsas alderat. Baionan untziak bethez hartzen zuten hegitik ura, ikusteko zertsu zaukan eta zoin lodi. Erdinkala lur zolarat zohan berehala.

        Zonbeit orgatara joan ahal baita hor harat!

        Astelehen arratsalde guzian deus garbitasunik ezin jakin da Baionan.

        Arratsalde eta gau guzia iraun du izigarriko ur jauste horrek, zernahi zeramala.

        Bizi direnen orhoitean egundaino nehork ez duela eskualde hautan holakorik ikusi, zioten orok.

        Elhur urtze edo eurite handi luze batzuen ondotik hirian eta orotan urak atheratzen ba; bainan ez holakorik.

        Non zer othe da gerthatu? Biharamun arte, garbitasunik deus ezin jakin dugu.

 

Eskualduna, 1913-06-06

 

aurrekoa hurrengoa