www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Emaztearen errespetua

 

        Erlisioneari esker da gutartean emaztea den bezala errespetatua; deus dakiten guziek aspaldi dakitena da hori; erlisioneak jalgia dela emaztea eta altxatua —zoin aphaldanik eta zoin gora!

        Lehen esklabo zena, kasik abere bat bezala gizonaren eskuko, hunek nahi zuenean har, nahi zuenean utz; nahi zuen bezala erabil, eros edo sal.

        Harentzat lan guziak, edo bederen hastioenak; esker guti edo bat ere ez. Estimu, ohore, nausitasun den gutienik.

        Osoki azpitik zaukan bertze orduz, paganoen denboran, gizonak emaztea, sehi bat baino biziki azpitikago. Sehia lan truk irabazitan dago, bere beharrez ba, bainan bere nahiz ere. Lana zor du, bainan gaineratikoaz bere buruaren jabe da. Emaztea lehenago senarrari buruz, eskurik gabe zen. Hau bakarrik nausi.

        Giristinotasunari dio zor emazteak, etxean eta etxetik kanpo ere, orotan lehen baino ikusiago balin bada, eta entzunago, errespetatuago.

        Gizona jaun bezen andere baita gutartean emaztea, ba eta puskaz andereago, bederen jende ikasietan, ongi altxatuetan.

        Emazte baten joitea —baitezpadako ezinbertzez kanpo— desohore bat da gutarteko gizonarentzat; eta aldiz askotan ohore, haren alde jazartzea, gaizki lerabilkenari.

        Etxe batean sartzearekin bizitzen dakienak agur eginen dio etxeko-jaunari baino umilkiago etxeko-andereari.

        Karrosa batean tokirik hoberena utziko diozu emaztekiari, edo bederen ez hartuko aitzinka, gizonkiari bezen aise. Jende handietan, ba eta entralekoetan ere, mahainean lehen tokia senarrari buruz-buru, nork dauka? Madamak.

        Eskual Herriko etxerik hoberenetan, guziz laborarietan, egia da, eztuzuela ikusiko etxeko-anderea bertzekin jarririk mahainean jaten; bereziki arrotz edo atze, bazkaltiar norbeit duelarik; are gutiago pesta egunetan, non ez dituen alaba edo seme baten ezteiak.

        Sukaldetik dago ardura eskualdun etxeko-anderea bazkariari; bainan ez alfer, ez eta zokoan gorderik. Jar zaite, adixkidea; apetitu on, eta sarri erranen dautazu, etxe hortan badenetz erregina bat eskurik duena, eta zer eskua! Askoren tronuarentzat ez bailezake truka bere soineko torxun xuria.

        Zinezko familia giristino batean, emaztea baino hobeki ekarririk nor duzu? Eritasun eta bihozmin, orotan jasaiteko zerbeit bada edo izanen goiz edo berant.

        Bainan othe da emaztearentzat nahigabetan ere laguntza hoberik, erlisionearena baino? Dohatsu, egiazki jainkotiar balin bada bera; laguna eta haurrak bere iduriko balin baditu, are dohatsuago.

        Bizi deno errespetuz inguratuko dute orok, etxean eta auzoan. Hil ondoan ez dute haurrek behin eta behin haren izena aiphatu ahalko, begiak busti gabe.

        Senar-emazte giristinoen artean ez gira zeren sar. Begoite Jainkoak bizi guziko ezarri dituen batasunean. Josienetarik zonbeit ikusi dituzketzue, nik bezala, eta entzun behin baino gehiagotan, bata bertzeaz mintzo, zoin den ona, zoin hau, zoin hura!

        Bitxiz irri egiteko litake, ez balitz ederrez Jainko onari eskerrak bihurtzeko, zeren duen egin jendea jende, gizona gizon, emaztea emazte, biak elgarren lagun familiaren hazteko eta altxatzeko eginbideari buruz; biek bat egiten dutela bethi; gorputzez baino ere arimaz elgarrenago.

        Emagun gauzak ez doazila orotan bethi hoin ederki; badela bazterretan hogoi-ta bortz gizon eta emazte, lagunaren aldetik dohakabe denik; bitartean ere ba goiti-beheiti asko; osoki xuxen edo arras makur doazin bezenbat ez othe da, elgarren itzalak ikusiz, hutsak estaliz bizi direnik purgatorio puxka bat eginez aitzinerat, oro hil ondoko utzi gabe.

        Ditzagun ikus eta erran gauzak lañoki, diren bezala. Ez da gutiago egia, familiako lokarriak eztiago eta azkarrago, maiteago edo bederen jasangarriago dauzkala erlisioneak. Hau gal, familia gal, edo galtzeko irrisku handitanago.

        Nork erran behar luken, eta nork sinetsi, gure begiz ikusten ez baginu, ez daukutela nahi utzi erlisionea familiaren zimendu bezala ere!

        Xantilun pollitak baitituzte bardin eskaintzeko, bertzeak bertze, familian burhasoei, haurrei, senar-emaztei, elgarrekilakoaren berme, erlisionearen orde!

        Aski da ikustea zertaratzen ari den eta ja zertaratua familia, erlisioneaz gabetu tokietan. Haurrik den etxetan, burhasoen errespetu mikorik ez, haurrik ez bada edo diren hek poxolu badituzte aitamek, poxolu eta ezin jasan elgar ere, familiarenak egin du.

        Gizonak erlisionerik ez badu, beldurtzeko da jendetasunik ere ez dezan ukan. Urrikalgarri, haren emaztea.

        Bainan huni berari ken-ozue gaztedanik Jainkoaren beldurra, harenganikako esperantza eta sokorria, asko oren hitsetan bertze nehondik ez duken kontsolamendua, zorigaitz orduan emazteari, ba eta harekilakoeri!

        Gaztetasunean, erlisioneak beiratzen ez badu, arinkeria baizik gogoan ez duelarik, gertha dakiola uste gabezko nahigabe handi zenbeit; hara non den abandonatua; aitzinean alegia guri bezen idor bihotzak ondoan. Erlisionerik ez badu, norat itzul? Zeri loth?

        Familiatua den emazteak ere, zer konfiantza duke geroaren gainean, lagunaren partetik, ba eta lagunak harenetik, ez badire bata ez bertzea Jainkoaren beldur?

        Alta hortara goazi, bide xuxenez eta laburrez, haurrak erlisionerik gabe altxatuz; muthikoak bezala neskatokoak.

        Neskato gaztearen ala emazte adinekoaren errespeturik ez badute harekin bizi behar direnek, hanbat gaixtoago gisa guziez, ororentzat.

        Emazteak berak gal baleza bere buruaren errespetua, erlisionea galtzearekin, orduan ginezake ikus bazter pollitik...

        Ohiko esklabotasunerat eror litake emaztea, egundaino baino beherago. Hori lukete nahi emaztearen erlisionetik libro ezartzeaz mintzo direnek.

        Gogo eman dezatela, Jainkoaren beldurrarekin batean gal-araz emazteari gizonarena.

 

Eskualduna, 1911-02-03

 

aurrekoa hurrengoa