www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Espainia

 

        Azken bi aldietan aiphatu dugu nola gure buruzagiak, bai eta gure auzo herrialdetako buruzagiak oro gerlaren beldur diren. Erran dugu ere nondik eta nola dathorren beldur hori. Agian ez baita gerthatuko!

        Espainiak aldiz badu aspaldi huntan gerlaren beldurra baino beltzagorik eta dorpeagorik jasaiteko. Habanako gerla izigarri hura neholere oraino ezin bururatuz lan ederretan da Espainia dohakabea. Etsai azkarra du garhaitzeko, eta bazterretarik azkarki lagundua dena, bai diruz bai eta buruz eta zango besoz.

        Alta Espainiak ere ahalaz bere indar guziak dagizka, nahiz eho eta zanpatu etsai hori. Laster onik egin-arazten ere badio etsaiari; bai ordean etsaiak ere españolari. Bi aldetarik anhitz gizon galtzen dute; ez baitezpada odol ixurtze handiak direlakoan. Banazka, bi, hiru, seirazka, gorenik hogoirazka baizik ez omen da gizon hiltzerik, elgarri jazartzen diren aldi bakharretan. Halere aski... luzara!

        Bainan gerlako tresnez baino anhitzez gehiago badoazi eritasunez eta nekheduraz. Artha guti baitukete alabainan, gau eta egun, leihorrez eta urez, elgarren ondotik dabiltzan gerlatiarrek. Nahi eta ez, laster higatzen dire gizonak, eta higa arau, bethi berritu behar, edo ukho egin. Zenbait mila gizon baditu Espainiak hor harat igorririk, itsasoaz haindirat; Jainkoak baitaki zenbatek han galduko duten bizia edo bederen osasuna.

        Eta zer diru keta jadanik xahuturik, bai eta oraino xahutzen ari!

        Aste guziez miliunka derabilate dirua; geroago eta nekezago, eta geroago eta nasaikiago.

        Nola iraun eta noiz arte? Jadanik zor handien pean da Espainia, eta iduri du ez dezakela holaxet luzaz ihardoki. Bizkitartean badauka oraino, eta nonbeitik jalgitzen du dirua. Beharrik du gogo azkarra eta zaila. Bertze batzu lotsatuko ziren aspaldi; bainan españolak ez du barkhatzen azken hatseraino.

        Anhartean Kuba delako leihor hura larruturik daukate; ez uztarik ez etxerik ere, deus ez dute azkenean xutik utziko. Nornahik irabaz dezan garhaitia, ontasun baino hauts eta erhauts gehiago geldituko zaiote eskuetan.

        Hori bat; bainan bertze nahigaberik ere badu egun hautan Espainiak. Bertze itsas-leihor batzu baditu Espainiak, Xinako aldean. Eta han ere hango jendearekin gerla du. Bi tokitan beraz etsaiak, eta bietan ezin garhaituak.

        Ez da geroztik harrigarri herstura gaixtoan balin bada Espainia, gerlaren ondorioz. Bai bihi, bai arno, bai larru, haragi, oihal eta bertze asko igortzen zuen Espainiak urrungo leihor hoitarat. Hek oro ezin igor; langilearentzat sal-biderik ez; lan gutiago egiten; guti hura ere nehorat ezin sal nehorat. Lanak, lanak...

        Hor berean, gure auzoan Andoaingo eta Bergarako oihaleria batzuek langileak gutitu behar izan dituzte. Etxe handi batek ehun langile, bertzeak bertze hainbertze utzi dituzte, lanik gabe, bazterrerat.

        Bakearekin ere, bizitzea ez da errex egungo egunean. Eta gerlarekin are gaitzago. Jainkoak urrikari duela Espainia!

 

Eskualduna, 1897-03-05

 

aurrekoa hurrengoa