www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Bederatzi urthe

 

        Egun bethetzen ditu bederatzi urthe, lehen aldikotz agertu zela Eskualdun kazeta hau. Hamargarren urthean sartzera goazi.

        Gure xedea zen orduan Eskual Herriaren gure ahal oroz argitzea eta laguntzea bere zuzen ala behar-ordu guzietan. Eskualdun giristinoa nahi ginuen eta nahi dugu oraino ere argitu erlisionearekin egiazko gizontasunari doazkon eginbide guzien gainean. Zertarik eta nola, noren nahitik doazin legeak, on ala tzar; zertako eta nola behar litazkeen lege tzarrak khendu, makhurrak xuxendu; nor diren lege hoieri buruz gure etsaiak, eta nola behar litzaioketen etsai heieri orotan ihardoki; zer ondorio dakharketen gaixtaginek eginikako eta egin-gogoko lege galgarriek, luzaz nausi uzten baditugu: horra laburzki hastapenetik hunat zeri nahi izan ditugun ohartarazi eskualdun gure irakurtzaileak.

        Xede berean gira bethi; bainan xede hortarat buruz egin othe dugu, eta egiten zerbeit onik? Ez othe doa gure lana gutiz gehienentzat alferretan? Ez, ez balinba! Gutienetik bederen balinba bederatzi urthe hautan jarraiki zauzkigun irakurtzaileetarik zenbeiti zerbeit onik sarthu ahal diotegu buruan.

        Zenbeiten gogotik asko ilhunpe, asko lanho khendu dituzkegu; itsu zenbeit argitu, zenbeit gezur suntsitu, egia zenbeit ere ba ezarri lur onean behingotz ongi landaturik...

        Bertzenaz alabainan etsitzeko litake osoki Eskual Herriaz; ba, egiazki etsitzeko eskualdunen fedeaz, gizontasunaz, gure arbaso atzar eta erne, giristino azkarrek utzi dauzkuten ontasunik ederrenez! Jainkoak begira gaitzala!

        Datxikagun bethi gora eta zut eta oso gure eskualduntasuna; datxikagun hemen, gure sor-herrian, gure lurrean, gure etxeetan gure nausitasuna. Ez utz gure eremuetan arrotza, bereziki arrotz etsaia nausitzerat. Dagola bakhotxa bere zedarrietan.

        Gure buruen jabe nahi badugu egon bethi, jakin dezagun beldurrik gabe, behar arau mintzatzen eta egiten. Ez izan uzkur, ez herabe. Jazar etsaiari, zangoa buruaren gainean ezarri nahi leraukigukenean. Eta ez badu sinhetsi nahi gu girela, gu eskualdunak Eskual Herriko nausi, jo muthurrean.

        Etxeko-jaun batek nahi othe luke bere etxean arrotz bat nausitzerat utzi? Halaber dezagun herrian herriko gizonek atxik bethi gure nausitasuna. Elgar lagun, elgar argi, elgar susta eta sustenga. Ah! baginaki horrela eskuz-esku, bihotzez-bihotz orok bat egiten... baginaki! Zer indarra ginuken etsaiari ihardokitzeko?

        Batzuek uste dute, hauk oro kazeten eta kazeta-egileen egitekoak direla. Herriko goiti beheiti guzia, lege on, lege tzar eta bertze... hots, zer eta zer guziak oro gogotik eman litzazkete jauntto batzuek gure gain, kazetari hotz eta hits, ahul girelako batzuen gain. Hortakotz araiz igortzen daukute noizetik noizera: ea zer ari giren? Lokhartu girenez ala farlesian erori?

        Barkha othoi bizitasun hau; bainan ez nauke erran gabe: garbiki, ez daukatela baden hori baino astokeria handiagorik. Zer beraz? Guk behar ginuke, guk bakharrik lur hau argitu, onthu, erabili! Eta zuek, jaunak, deus ez? Orobat lakiket erraitea, egunazko lanak oro iguzkiak behar dituela egin; eta gauazkoak? Nik dakita? Hek naski hilargiak edo supazter xokoko arraxin-argiak. Zaude, nausia; eta zu, etxeko-andrea, zaude bi besoak kurutzaturik, argiari so, ea zer ikhusiko duzun? Nik hitz derautzut, egun eta gau laburrik barnean, bazter pollitik eta zokho garbirik argituko duela zure argiak.

        Ez da erraiteko baizik, halako igel, apho eta bare batzu behar ditugula guk ere zenbeit aldiz iretsi... edo barneak gaindi egiten duenean, holaxet jin bidez gibelerat igorri. Goraintzi nor ere baita hura eta hari.

        Bertze batzuez erranen derautzuete, burua bi aldetarat derabilatelarik, bi besoak, bi begiak goiti altxatuz: «ai, kazetak..., kazetak! Hobe litake, miletan hobe ororentzat, bat ere ez balitz kazetarik; haro gutiago litake den baino bazterretan; makhurbide, nahaskeria gutiago».

        Hala da hori, egia da, egia handia, gizon maitea. Bainan ez baita ordean... zer litaken hobe; zer den hobe baita solas.

        Zuk eta nik hau edo hura hobe litakela erranikan ere, urak aitzina bere bidea eginen baitu bethi.

        Guk erranikan ere: miletan ehun miletan hobe litakela kazetarik ez bertze halako paper zurruburru hoitarik ez izaitea; baitire ordean kazetak; baitire kazeta tzarrak eta tzar heieri behar-orduan ihardesteko behar baitire kazeta onak. Ez da hor harat-hunatik; debalde dugu lehengo mende eta jende dohatsuak gogoan, jarririk egoitea, gibelerat beha.

        Jeiki beraz hortik eta itzul, itzul alde huntarat hunat; ez gaizki dabiltzanei jarraikitzeko, bainan gibelerat dakharzkikegunen biltzeko; edo bederen gure buruen hobeki zaintzeko, ikhusiz bertzeak nola doazin eta zerk galtzen dituen.

        Bide makhurretik doanak du bide xuxenaren erakusle beharrena. Eta xuxenean denak daki, zer eta nolako lanak dituen; zenbat argi eta laguntza behar diren, xuxenetik makhurrerat ez zeihartzeko.

        Banuke hor engoitik aski erranik, gor ez denari adi-arazteko, nahiz ez duten, gorago erran dugun bezala, kazetek egiten bakharrik egungo eguneko gora-behera guzia, bizkitartean hein batez, bai oneko bai tzarreko, indardun direla kazetak. Zorigaitz kazeta onek baino tzarrek irakurtzale gehiago duten herriari!

        Debruak darama laster hango jendearen fede oso eta zinezkoa, gazteriaren garbitasuna, herriko buruzagien zuzentasuna; hitz batez, erlisionearen funts guzia.

        Solasa luzegi dakidan beldurrez ez naiz mintzo kazeta on batek erlisioneko eta gizontasunezko egiez kanpo bertzalde dakharzkitzan argiez, bereziki laborantzari buruz. Munduaren lau bazterretako berriak ere aphur bat jakitea on da; lakhet da. Egungo egunean, asko bilkhuretan, bertzeak nonbeitko gora-beherez mintzo direlarik, deus ez dakiena zozo da; eta zozo ez denean are gehiago ahalgetzen da bere buruaz, ez dea hala?

        Ixiltzen naiz; bertzenaz nere lagunak samurtuko zauzkit, toki guzia ebasten diotedala...

 

Eskualduna, 1896-03-13

 

aurrekoa hurrengoa