www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Bat gutiago

 

        Iduri du egiazki Jainkoa dabilala.

        Egun hamabortz erraten ginuen, ez dagola behin ere lo Gaineko hura; behin ere ez dituela harek ahanzten bere aldekoak, ez eta bere etsaiak. Erraten ginuen ethorriko zela guzientzat haren orena; menturaz guk uste baino lasterrago sar-araziko ziozkatela Harek gaixtagin buruzagi, judu, framazon eta pagano diren bezalako horier beren irriak eta trufak.

        Egun zortzi berriz aiphatu izan dugu nola eta nola leher egin duen Panamako zauri izigarriak; nola erdiz erdi atzemanak izan diren ohoinak eta heien aldekoak gezur eta nahaskeriarik itsusienen erdian.

        Xehetasun guziak orduan ezin emanez, egungo utzi gintuen zenbeit emaiteko. Eta huna non heldu zarokun Parisetik berri bat oro baino handiagoa.

        Ba, egiazki Jainkoa dabila!

        Ferry, senatorren president berria, hil izan da bet-betan, iragan ortziralean duela xuxen zortzi egun.

        Bihotzeko min izigarri batek ereman du, zenbeit orenen barnean. Oro harritu dire, berri hori entzutearekin.

        Uste zuten alabainan orok, behingo gizon bazela Ferry. Barne azkarra zuen... iduriz. Gizon gordina zen oraino. Hiruetan hogoi-ta bat urthe omen zituen. Eta horra non den hila!

        Erran dugu hemen berean berrikitan zer gizon zen bertzenaz Ferry hori.

        Egun ere badugu xedea xehekiago aiphatzeko harek egin lan tzarretarik zenbeit. Alta ez da, ez eder, ez laket, gizon bat etsai izanik ere, hil orduko berehala hartaz gaizki mintzatzea. Bainan zer egin dezakegu, baizik ere Frantzia guzia egun hautan, eskualde bat edo bertze, mintz-arazten duen gizon hortaz guk ere dakiguna egia den bezala erran? Hanbat gaixtoago harentzat, baldin ez badugu deus onik hartaz aiphatzeko!

        Kalte handiak egin darozkigu; bainan beretzat du ingoitik zorigaitz handiena, hoinbertze tzarkeriaz hobendun Jainkoaren aitzinean agertu denaz geroz.

        Hila hil, guk ez diogu egia baizik zor. Eta egia erratekotz, behar dugu erran hura bizi zelarik behin ere gorde ez duguna. Huna bi hitzez egia.

        Azken hamabortz urthe hautan Frantzian eginak izan diren lege tzar guzien, eta bereziki eskoletarik erlijionea khendu duen lege higuingarri horren egile nausia izan da Ferry.

        Duela sei, zazpi urthe, eskoletako lege hori ezarri zutenean, bere burua gehienik, itsuskienik agertu zuena zen Ferry.

        Ferry zen orduan ministroen buruzagi. Hura zuten framazon edo harginbeltz direlako gizon tzar horiek orok beren aitzineko.

        Egia da berek ere ez zutela bizkitartean hanbat maite, zeren eta oroentzat idorra baitzen, bere buruaz itsutuki hartua, eta oroz gainetik, ohore gose errabiatua, orotan bera nausi beharra.

        Tonkineko gerla denbora hartan galdu zuen bere burua. Itsuskeria batzu egin zituen orduan, eta gezurtto batzu ere erran, gure soldado gaizoeri han egin-arazi huts batzu ezeztatu nahiz.

        Bi hitzetan hatzemana izan zen; eta orok begietan hartu zuten, gorri ala xuri, guziek, salbu bere iduriko sorhaio bakhar zenbeitek. Arbuiatu zuten, iduriz bethikotz, guziek.

        Khendu ziozkaten esku guziak; eta gorri gorrienak hain ziren orduan asaldatuak, non erranen baitzinuen puskatu behar zutela.

        Geroztik hunat erdi itzalean egon da. Bainan maltzurkeriaz zagon, bere tenorearen begira.

        Tenore hura bere ustez ethorri zaionean, ikhusi dituenean bere adixkide ohiak Panamako saltsa beltz hortan igeri, berriz altxatu du burua.

        Zer egin dute bertzek? Ikhusirik oro galduak direla edo bederen higatuxeak, orhoitu dire beren buruzagi ohiaz. Elgarrekin hitz-hartu dute, nehork atheratzekotz Panamako ohoin zilo hartarik Ferryk dituela atherako. Ahantzi dituzte lehengo makhur eta herra guziak.

        Hor ezarri dute Ferry senatorren buruzagi, geroxago ezarriko zutela ministro eta nork daki? Beharrez oraino zerbeit gehiago. Ferry eta Ferry, ez zen hartaz baizik aiphu jadanik hiru aste huntan Frantzian.

        Hari zauden gorri guziak begiak eta ahoak zabaldurik...

        Krask! Horra non ximixta bezala hedatzen den berria: «Ferry hil da! —Ferry hil? —Ba, Ferry hil. Hil da Ferry. Ferryk ez du gehiago nehori bidegaberik eginen».

        Berri hori entzutearekin, gizontto batek erraten zuen egun hautan. «Egin bezate nahi dutena. Bil bedite Jainkoaren kontra nahi badute mila edo ehun mila. Horiek oro baino azkarrago izanen da azkenean Jainkoa bera». —Egia handia.

        Trufa bedite, trufa Jainkoaz. Nornahi eta zenbat nahi izan diten, ez dire aski izanen. Behinik behin, horra bat gutiago...

 

Eskualduna, 1893-03-24

 

aurrekoa hurrengoa