www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Bortz mila... hurbil

 

        Iragan urtharrilaren zortzian agertu zen, Eskualdun zenaren ordain, Eskualdun Ona. Bortz hilabetheren buruan, erran dezakegu, ez diola irakurtzaleen eta gutarteko batasunari kalterik ekharri, ez eta engoitik ekharriko, izenaren berritzeak.

        Hogoi ta bi astez igan gira bi miletarik lauetara. Zer diot? Bortz miletara hurbil-hurbila helduak gira eta ja; eta bethi aitzina joaki. Aste guziez handik edo hemendik heldu zauku hamar, hogoi, berrogoi Eskualdun On gehiagoren galdea.

        Banazka bethi zonbeit abonamendu berri; eta noiznahi saltzale berri edo zahar... aintzinka bezala, ehun, berrehun aste bakhotx gehiago baderamatzagute. Nun uste duzue girela? Bi miletarik hiru mila berehala jo ginintuen; gero hiru; gero lau. Gero? Huna nun giren bortzekora hurranduak.

        Norbeitek erran ere badaut: «etzazula aipha oraino; hemendik bizpalau asteren buruan, bortz miletan harat baigoazke, orduan emanen duzu, orok ikhus dezaten, kazetaren hastean, hitz larriz: Bortz mila».

        Ba bainan orduan bertze zerbeit aiphatu beharragorik badukegu. Egun aldiz artea dugu, elgarrekin mintzatzeko, zertan giren.

        Luzatuz, gertha lakikegu ja gerthatu zaukuna. Gure Pochelou adixkide onari zinez hitzemana ginion, lau miletaratzen ginenean, kukuruku eginen ginuela hemen, hastapen huntan; labur ba, bainan ahal bezen gora eta azkarki.

        Lau milakoa jin; joan, joan goiti, holetan bortzetaraino hurbil. Arte hortan, bertze solas-bide asko ezin utzizkorik sorthu.

        Eta futxo, aldian xori bat baizik ezin biphil. Halaxet astetik astera luzatu dugu beraz; bainan ez ginauden ahantzirik, ez eta gogoa saldurik.

        Gure lan idorrari buruz eta bihotzez garraizkolarik, atsegin dugu ikhustea, ez doazila guhauren eta gure laguntzailen ahalak oro alferretan. Urrun da, bortz hilabethez, elgarren laguntzari, eta gutarteko batasunari esker, holako jauzia egin dugunaz geroz.

        Lotsatzekotan izan bagine (nahiz ez ginen hala), baginuke hau bera aski, bihotzaren altxagarri. Ezen zer da langilearentzat hoberik... barnea hobeki hatzeman dezokenik zer da, baizik ere ikhustea, norentzat ere baita lanean ari, eta harenganik esker ona duela lanak?

        Hola goazinaz geroz, eta hola goazino, agian luzaz, eskerrak hemen bihotzetik gure irakurtzalei. Guziz irakurtzale zaharrenei, zeren zauzkun bethi jarraiki; eta zeren duten gure kazeta beren inguruetan ezagut-arazi.

        Eskerrak adixkide aizinadun, argitu... argitzale on, asko gisetara ja zenbeit hilabethe huntan kazeta hunen bethetzen, aphaintzen, aberasten, hedatzen... hegaldarazten lagundu gaituztenei.

        Eskerrak herrietan ditugun saltzale jarraiki eta biphilei. Goazin hola, eta bethi gero-ta hobeki, elgar lagunduz, argituz, eta behar-orduan... xixtatuz (minik egin gabe) lokhartzen denean gutarik bat edo bertze.

        Goazin bethi aitzina..., aitzina norat joan bide deno.

        Elgarri gauden tinki, azkarrago izaiteko. Eskualdun Ona-ren egile eta hedatzale, eta irakurtzale, Jinkoak lagun gitzala oro. Badugu beharra.

 

Eskualdun Ona, 1904-06-03

 

aurrekoa hurrengoa