www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Errepublika

 

        Adiskide batek izkribatzen dauku, harritu dela, iragan astean Eskualduna-ren lehenbiziko artikulua irakurtzearekin.

        Ez dugu bada, gure ustez, deus ere erran egiarik eta zuzenik baizik. Erran dugu Aita Sainduak kontseilatzen gituela, bakearengatik eta erlisionearengatik, Errepublika on bat onhets dezagun. Egia erran dugu.

        Erran dugu onhartzen dugula guk kontseilu hori. Erran dugu orai baino lehen ere, gure baitharik eta aski erakutsi dugu, nor diren gure etsaiak; ez gituela gu Errepublikaren izenak izitzen.

        Erran dugu Errepublika ona izan dezakegula, baldin bozkatze guzietan gizon zuzenak, zuhurrak, giristinoak izendatzen baditugu. Hori egia othe da, ala ez?

        Hala ez bada, zoazi adiskidea; errozu Aita Sainduari, ez dela xuxen mintzo. Guk nahiago dugu haren eta gure hitzean egon.

        Zer bada? Orai xuriak gorri behar othe gira bilhakatu? —Ez dugu hori erran; ez eta hitz erdirik ere ez dugu erran, hortara dohanik.

        Gure adiskidearen arabera, gaizki egin dugu Aita Sainduaren letra laburzki aiphatzea. Behar ginuen beraz letra hartarik zathi handi bat bederen eman...

        Zertako ez letra guzia, osorik, zabal zabala? Bazuketen gure irakurtzalek behingo lan, letra luze horren burutik buru irakurtzen.

        Ez; ez dugu nahi izan sobera lan hartu, ez eta eman nehori.

        Oxala astean behin egia bat, bakhar bat ongi sar-arazten ahal baginu gure Eskualdun irakurtzaleen buruan!

        Azken aldian ahal bezen laburzki eta garbiki eman ditugu hemen Aita Sainduak igortzen dauzkigun bi kontseilu.

        Kontseilu horietarik lehena da, gorago aiphatu duguna: Errepublika on bat onhestea. Kontseilu hori zor ginuen gure adiskideri. Eta, ez, gure izenean, bainan Aita Sainduaren izenean, ezarri dugu hemen eta egun berriz ezartzen lañoki den gutieneko gibel-beldurrik, ez itzulikarik gabe.

        Hanbat gaixtoago hori ongi ez zaionarenzat.

        Eta aldiz Aita Sainduaren bigarren kontseiluaz ez omen dugu aski erran. Gure adiskidearen arabera, Errepublikaz sobera mintzatu gira; eta ez aski orai artinoko Errepublika hunen lege tzarrez eta egitate tzarrez.

        Barkhatu jauna. Huna, hitzez hitz, zer erran dugun egun zortzi:

        «Framazonen eskuetan gira. Framazon horiek bere ahal guziak egiten dituzte Frantzian erlisioneari erro guziak moztu nahiz.

        Guri dago ahal guzien egitea gaixtaginer jazartzeko. Dugun elgar adi, elgarri esku eman giristino guziek, framazonak eta heien alde diren guziak Ganberetarik eta herriko kontseiluetarik kanpo ezartzeko. Behin ere ez dezagun bozetan indarrik eman erlisionearen kontrako lege tzar horien khentzera ariko direla zinez hitz-eman nahi ez duten gizoneri».

        Xehetasunetan sartzeko denbora dugu. Etsaiek emanen daukute aski eta sobera okasione hortako. Goazin elgar adituz, bederen adiskidekin.

 

Eskualduna, 1892-02-04

 

aurrekoa hurrengoa