www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Zerk egin du Espainia?

 

        Egun hautarik batez adixkide batekin solasean nindagon. Zer eta zertaz mintzo ginen xuxen baitezpada erraiteko, ez ninteke on.

        Asko elhe eta erasia bazerabilan gure gizonak, buru kaskoa beroak jo baitzuen; eta bertzalde berenaz ere ez baitio gantzak baino hanbat gehiago haztatzen... zentzuak.

        Bihotz ona bai; ahoko eztena ere xorrotxa; bainan gaineko estalgi hura arin, arin...

        Eta gero zernahi errozun, harek bethi bertze eskualdea hartuko derautzu. Zoazi esker, joanen zautzu eskuin. Zu eskuin, berehala hura esker.

        Halere lakhetgarri da holako batzuekin elhekan egoitea; luzegi liteke erraitea zertako.

        Goazin laburtuz gure xedera. Mintzo ginen beraz bertze asko solasen artetik zezenez eta zezenkariez.

        Erdi irriz, erdi zinez, hanxet gogoratu guziak erran ginituen elgarri. Batek hau, bertzeak hura. Ez jauna, ba jauna. Azkenean gutik egin zuen, ez baiginen osoki samurtu.

        Nere adixkidea zezen-gudu horien alde zen; eta ni dakizuen bezala, ez alde.

        Hitz derautzuet ez zela ixilik egon gizona. Ez alafede eta ni ere.

        Batek ala bertzeak gure erraitekoak oro erran ondoan, badakizue azkenean zer atheraldia atheratu zerauntan? Huna hitzez hitz: «Espainia zezen-guduek egina da... Ce sont les courses de taureaux qui ont fait l'Espagne».

        Ez bakharrik eskuaraz eta frantsesez, bainan zazpi mintzaiez eman nintzazke hitz hoik, orok, orok irakur ditzaten eta har behin bethikotz ongi gogoan.

        Zer ahopaldia! Hori aditzearekin bazterretik guri so zauden batzuek irria ezin atxiki zuten.

        Bizkitartean egia zuen bertzeak. Bai egia; berak uste baino egiago.

        Eta horra zertako adixkide bezala, nahi dudan lagundu ahal bezenbat egia handi horren hedatzen, eskerrak bihurtuko ahal derauzkidalakoan...

        Jendakia guziek bezala badituzke eta baditu españolak ere bere ongaitzak. Behinik behin, bana-bertze, edozoin baino bihotzez atxikiagoa da española bere fedeari. Gizonez gizon ere, nehor guti dukezu española baino adixkide hobeagorik.

        Baditu bertze asko alderdi on españolak, bereziki español eskualdunak. Bere sor-lurra eta sor-etxea itsutuki maite ditu. Zernahi egin lezake; eman letzazke dituen guziak, bizia barne, bere nausitasuna eta bere zuzenak galtzerat utzi baino lehen.

        Españolaren aiphamen ederra orotan hedatua da.

        Bizkitartean erran zaharren arabera, ez da munduan itzalik gabeko arbolarik.

        Españolaren itzaletarik bat... ez dut erraiten handiena, ez eta ttipiena, bainan itzal bat ezin-ukhatuzkoa da frantsesak deitzen duena: le goût du sang. Odolaren gostua... ez dezaket bertzela erran eskuaraz.

        Aspaldi ezagutua da: ez duela odolak izitzen española; ez eta ere gizonaren odolak.

        Abere bat bezen gogo onez hilen derautzu españolak gizona, hitz batetarik bertzean.

        Egun zortzi hemen aiphatu dugu Mugerreko harri-atheratzaile langile batzuen arteko gudu izigarria. Hiru edo lau gizon gazte hanxet gelditu dire kanibet sistaka itsuski kolpaturik. Hetarik bat engoitik hila da, edo gutitarik behar da bizi gelditu, bizkarretik bulharretara kanibeta sarthu ziotelakotz. Zer alimalekeria!

        Erran dugu zein estakuru gutiz hasiak ziren kolpeka; eta gehiagoko makhurrik gabe, hiltzerainoko sarraskiak han zituzten eginak. Nori? Frantses batzuei. —Eta nork? —Españolek. Holako makhur hoitan bethi españolak dire kolperik itsusienen emaileak.

        Arrotzekin bezala, elgarren artean bardin dire. Den gutieneko ez-bai bat aski dute, berehala al kutchilo joaiteko. Iduri dute ez dakitela borrokatzen elgar sangratu gabe. Sangre! Odolaren eta odol ixurtzearen izen hori bera española da. Emozute odol...

        Eta zerk emaiten othe diote jaidura tzar hori? Odolaren ixurtzeko gutizia higuingarri hori, gizonen hiltzeko errextasun itsusi hori nondik othe dukete beraz españolek? —Ez beren baitharik. Ezen erran dugun bezala españolak berenaz bihotz ona du. Bada hor bertze zerbait. —Zer othe? Anhitzen arabera eta ene ustez ere zezen-guduetarik dathor aztura salbai hori.

        Alabainan ardurenik begien aitzinean ikhusten duen hartara da tirriatzen gizona. Haurrez errana da: zer ikhus, hura ikhas. Arren halaber dezakezu erran gutarik bat bederaz. Edozoin adinetan haur handi batzu gira oro, edo bederen gutiz gehienak. Ikhusten dugun hartaz gutiziatzen gira, bereziki gure jaidurak azkarki phitz-arazten dituen hartaz; zernahi izan dadin, janhari, edari ala ikhusgarri. Hala nola gizon edalea ez dagoke arno edo bertze zerbeit edariren izena dakharren zerbeiti lothu gabe. Azkarrago eta nahiago du.

        Alta jan edanetarakoa baino garhait-gaitzagoa da begiz ikhusteko jaidura. Tripa bethe duenean gelditzen da edatetik gizon hordia.

        Bainan begiak ez dire tripa edanez bezala bethetzen ikhusiz. Hortakotz ere ez othe da errana: tripa baino goseago direla zenbeiten begiak? Nik uste nuke oroenak ere hala direla.

        Eta orai huna zertara doan nere solasa: balin bada ikhusgarri dorpherik, gizonaren begiak eta zainak phizten dituenik, haren odola erakit-arazten duenik, hura da gizon eta zezen hil edo bizi borrokan ikhuste hori. Batek edo bertzeak behar dute han leher egin. Eta zezenaren orde gizona hil daitekelako beldur hori bera zaiote atsegin bat ikhuslei.

        Ororen buruan, bat ala bertzea hil dadin, odol zorta bat ixurtzen ikhusi dutela badakite. Ai gizona, odol gorri hura zezenaren lephotik edo gizonaren ixterretik burrustan jauzten ikhustea, zer ikhusgarri gozoa begientzat!

        Nondik nahi duzue odolaren ikhusteak izi ditzan españolak? Ez dute nahi bezen luzaz eta ardura zorion hori!... Zer diot? —Norbeiten sangratzeko gutizia heldu zaiotenean, aski dute kutchilo hura eskuan harturik idekitzea. Etsai edo adixkide, hitz bat goregi derasanari saka tripatik edo bizkarretik... saka giderreraino.

        Odol bero hartan eskuaren bustitzea gozo da, ez dea hala, Manuel?

        Iragan negua zen. Baziren hor, Espainia hegal hortan (ahantzia dut herriaren izena) bi gizon langile; biak elgarren adixkide minak. Bat urde hiltzalea zen, bertzea haren lagun zabilan, etxez etxe, hiltzalearen lagun. Batek atxik, bertzeak hil. Elgarrekin lana egin; gero jan eta edan eta lo; hots ezin bereziak ziren elgarretarik.

        Horra non egun batez, zerri baten buztana baino gutiagoko zerbeitetarik makhurtzen diren. Ez eta bai erraiteko arterik gabe, sartzen dio batek bertzeari urde hiltzeko kanibet handi hura. Paria nezakezu... biharamunean ez zakikela zertako hil zuen gizon adixkide hura. Lo on batek ahantz-arazten ditu holako gerthakari ttipi hoik... Espainian.

        Hemen Frantzian haro aphur bat eginen zuen halako batek. Espainian ez. Josteta bat zaiote eta españolei odolaren ixurtzen ikhustea. Orotarat egiten da gizona... ikhusiz eta ikhasiz.

        Ba Bettiri, egia diozu. Espainia, den bezala, zezenkariek eta zezenek egina da. Hori baino egia handiagorik ez duzu erranen, biziak dirauzuno. Zaude hortan!

 

Eskualduna, 1895-09-20

 

aurrekoa hurrengoa