www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Vaillant anarxixtaren gillotinatzea

 

        Iragan astelehen ihaut goizean moztu diote lephoa Vaillant zelako anarxixta tzar hari. Azken memento arte, beldur ziren oro, zerbeit izigarrikeria gertha zadin. Jadanik hiru edo lau egun eta gau bazituen holako ikhusgarrien ondotik dabiltzanak, han gaindi zabiltzala presondegiaren inguruetan, arima salbu-ta zakhurrak hilkiaren usainera doazin bezala.

        Oren fresko zenbeit hanxet iragan dituzte batzuek, gau osoak han, karrikaren erdian xutik; batzu multzoka elgarretara bilduak solasean; bertzeak harat-hunat ibilki, bi eskuak sakelan, zangoen berotzeko. Eta presondegia bethi hetsia...

        Azkenean ideki da holetan. Astelehen-ihaut goizeko zazpi orenetan, argi urratzean jalgiarazi dute Pariseko plaza baten erdira, jandarmez eta soldadoz alde orotarik inguratua, dohakabe zen bezalako hura, gillotinatzeko!

        Ez omen zen han ikhusle eskasik!

        Nola hil da?

        Nola bizi, hala hil; alimale bat bezala bizi, eta halaber hil. Burua gora eta mintzoa azkar omen zituen presondegitik atheratzean. Bi eskuak bizkarrean estekatuak eta zangoak ere labur-laburra elgarri, lasterka ihes joan etzadingatik.

        Burregoak eta haren bi lagunek gibeletik eta bi besoetarik atxikiz baitzeramaten, erraten zioten: «utz nezazue; ez dut atxikitzale beharrik; ez naiz hiltzearen beldur».

        Presondegitik hiltzeko tokira bide erditan gelditurik, oihu egin du: «Vive l'anarchie! Mort à la societé bourgeoise!»... erran nahi baita: «Biba anarxixtak! Leher egin dezatela aberats eta buruzagi guziek!».

        Holakoak izan dire haren azken hitzak, ba eta naski azken gogoetak ere. Ezen ez du erakutsi den gutieneko urrikirik, ez gizoneri, ez Jainkoari buruz.

        Hiltzerakoan aphezak galdatu dionean ea etzenez nahi barkhamenduskatu, ihardetsi dio: «ez jauna, ez dut gaizkirik egin, eta ez dut hiltzeko nehoren laguntzaren beharrik. Bizkitartean ori, jauna, letra hau emanen diozute ene izenean ene ahaideri; ez duzu bertze deus egiten ahal enetzat, eta ez dautzut deus galdatzen».

        Dohakabea! Bi hilabethe bortz egun guti eman ditu presondegian. Hogoi egun bazituen hiltzera kondenatua zela. Hogoi egun eta hogoi gau luze bizi izan da herioarekin buruz-buru.

        Goiz guziez lotarik atzartzearekin bere begien aitzinera heldu zitzaion lepho mozteko tresna izigarri hura. Arrats guziez lotan sarthu baino lehen bere baithan erraten ahal zuen: «bihar... bihar goizean gillotina!».

        Gogoetarik ikharagarrienak egiten dituzte holakoak azken egunetan; eta bereziki gauaz, erdi lotarik nigarrez eta oihuka artzen dire.

        Vaillant horrek ez du den gutieneko beldurrik, ez bihotz-minik erakutsi. Ongi jaten eta edaten ere omen zuen. Egunaz bethi irakurtzen edo izkribatzen ari zen; gauaz lo, harria bezala lo. Ez omen zuen iduri amets handirik egiten zuela.

        Arima salbu eta abere bat edo azinda bat ez da hiltzeko bezperan hura zen baino iduriz trankilago.

        Azindek eta aberek hil aitzinean ez dakite zeri dauden; harek bazakien eta halere lo ongi egiten! Ez denez ikharagarri, gizona hortaratua ikhustea!

        Vaillant eta Ravachol

        Duela urthe bat eta erdi hil zen holaxet Vaillant horren iduriko bertze anarxixta bat, Ravachol deithua.

        Hori baino itsuskiago mintzatu zen hura hiltzerakoan. Irriz eta kantuz, oihuka eta juramentu arrailka, aphezari eta kurutzefikari thu eginez joan zen, bide guzian bere atheraldi ikharagarriez oro harrituak zauzkalarik.

        Oraiko Vaillant hunek ez du harek bezenbat ahapaldi itsusi eta harrenbertze oihu erabili; bainan etzen gutiago lazgarri haren ikhustea, begithartea zuri-zuria egina, bere begi zorrotzak alde orotarat itzulikatuz, oihu egin duenean: «Vive l'anarchie».

        Hobeki eginen zuen aphezaren oinetan belhaunikatzea, bere krima handientzat barkhamendu ardiesteko. Bainan ez. Nahiago izan du bizi bezala hil. Ez ukhanik ere Ravacholek bezen mihi zikhina, harek bezenbat edo gehiago urgulu bazuen; urgulu bat gaitza!

        Eta horra nolakoak izan diren harentzat urguluaren ondorioak.

 

Eskualduna, 1894-02-09

 

aurrekoa hurrengoa