www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Gorritik beltzera... zalditik astora

 

        Azken aldian gorriz gorri; egun beltzez beltz; zer izanen othe da heldu den astean? Hoi dakiena ixilik dago. Guk hemen erran dezakeguna da: ez goazila onthuz, iragan bozetako egunetarik hunat.

        Bizkitartean iduri zukeen eta zioten ere baginuela onerateko esku-gain poxi bat, guti bazen guti, onerat buruz. Ez othe zen egia? Naski ez. —Zer zerasaten beraz: deputatu berriek president berria lehengoa zen baino eztiagoa, gorrietan eztienetarik bat izendatu zutela? Brisson zahar tzarra bazterrerat utzirik, Deschanel gaztea ezarri zutela deputatuek beren president, eta ez errexki halere, bainan bethi nolazpeit han ezarri zutela buruzagi: gezurra othe zen? —Ez, etzen gezurra; egia zen; bainan egia horri zarraizkioken bertze itxura guziak ez bide ziren egiazkoak. Iduri ba orduan hau eta hura; bakezko errepublika zuzen zuhur batean sartzera ginoazila; edo ez baginen oraino hartaratuak osoki, bederen urhats bat gehiago ginuela eginik harat buruz; hots, haizea gure alde zoala. Zer gerthatu da beraz? Hauxe da gerthatu: haizea bethi haize: aldakor, itzulkor.

        Bet betan hor itzuli da gorri-beltzen alde; hainbertzetaraino non bazterrerat utzia zelako Brisson hura baitukegu bihar, ba eta ja egungotz ere minixtroen buruzagi.

        Badakizue nola ginen hamabortz egun huntan minixtrorik gabe? Méline aitzineko minixtroen buruzagia eztiegi zelakotz, begietan zuten gorri beltzek. Halere xurien bozak, zuzen bezala, hartuz, gaina zuen. Bainan gorri-beltzek estakurutzat emanik xurien bozak ez balire bezala behar direla utzi; gorriz-gorri gorriak bakharrik behar direla nausi egon; hor arthiki dute Méline minixtrogoatik, Mélinek deputatuen buruzagigoatik Brisson khendu zuen bezala.

        Eta gero? —Gero... hotz ez dena bero. Nork erran hamabortz egun huntan hor derabiltzaten elhe eta urhats nahasiak?

        Holakoetan Errepublikaren presidentari doako, nor ere uste baitu gehienak indardun eta gai dela minixtro-nausigoaren hartzeko, hura deitzen du eta othoizten: bil ditzan hamar minixtro lagun. Félix Faure jaun presidentak deithu berehala Ribot minixtro ohi bat, ahoz eztia, bainan izaitez bi sosen ohorearentzat bere burua debruari sal lezoken kalamanka bat. Ribot horrek gorri, gorrasta, zuhail, beltz eta ilhun (xuriak bakharrik bazterrerat utziz) nahi ukhan du bere minixtro hamarrekoa bildu. Ezin heldu da bere xederat.

        Gero bi edo hiru gorri-beltz, Sarrien, Peytral, eta nik dakita nor eta nor oraino ikhertu ditu Errepublikaren presidentak; ibil-arazi ditu, bat bertzearen ondotik lagun-keta. Oro alferretan. Ezin elgarretaratu dire gorriak.

        Azkenean jaun presidentari gogoratu zaio: behar diola minixtro-nausigoa eskaini... nori uste duzue? —Brisson zaharrari. —Zer? Bazterrerat emana zen hari? —ba; hari eta berari. Gehiago dena, harek topatu. Bildu ditu berehala bere hamar lagunak; oro bere kidekoak; oro gorri-beltz hutsak.

        Hara non diren orai: Méline lurrean; eta Deschanel eta Brisson, hek biak aldiz xutik buruz buru; ontsala minixtro behar zaitekena deputatuen president; deputatuen presidentgoa galdurik, deusetako gehiago etzela iduri zukena... Brisson higuin higatu hura... hura aldiz orai minixtro-nausi.

        Komedia da! Orotako bitziena da gorriz-gorri elgar ezin adituz gorri beltzetara nola giren erori egun batetik bertzean.

        Zer goiti-beheiti nahasiak! Emazue hor gorri eztiak; xuriekin bat eginez, bazineten zerbait; horra non tuzuen orai gorri beltzak nausi. Merezi duzue; bainan Frantziak zuenganik horrela othe zuen merezi. Zer bakezko hitzen ondorioak! Jainkoak duela urrikari Frantzia!

 

Eskualduna, 1898-07-01

 

aurrekoa hurrengoa