www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Noiz arte urririk?

 

        Egun zortzi erran dugu, nola gaduzkaten gu nekatzaileak iretsirik bezala kargudun alfer batzuek. Egia.

        Erran dugu kargudun hoitarik erdiak baino gehiago erdi alfer bizi direla. Egia. Erran dugu lanik gutiena egiten dutenek dutela ukitzen saririk handiena. Egia.

        Erran dugu kargu behar-gabekoak emendatzen ari direla, eta bizkitartean kargu bakhotxaren irabazia oroz batean goititzen ari; bi aldetarik iresten ari gaituztela gero-ta gehiago. Egia.

        Huna egun bertzerik; ez da egungo solasa, ez eta ere atzokoa; urtheak ditu solas hauxe tokitan jadanik zahartuxea dela. Bainan guk ez dut uste oraino aiphatu dugun Eskualdun-ean; eta ordu da solas delakoaz hitz bat erran dezagun. Hazi onak hemen ere, bertzetan bezala zerbeit onik dakharke.

        Dakizuen bezala, badire kargudunen artean irabazdunak eta badire sari-gabeak. Urririk beren kargua bethetzen dutenak badire, hala nola herrietako auzapezak eta kontseiluko gizonak. Kargu horiek deitzen dire ohorezkoak; eta izaitez kargu bezen karga dire gutiz gehienentzat, zeren eta baituke auzapez batek, baitukete kontseiluko gizonek, zuzenak direlarik, asko urhats egiteko, eta zenbait aldiz egunak ere galtzeko, herriarentzat derabiltzaketen harat-hunatetan.

        Galdua gal, ohoreak ere zerbeit balio duelakoan araiz, nehor nehon ez zen, eta ez da ere gutartean oraino nehor hanbat mintzo, kargu horien kargez. Jasan ez detzazkenak utz ditzala bertzentzat, eta dagola itzalean.

        Ba bainan ez nahi nehor egon itzalean. Deus ez diren eta deus ez duten batzu nahi karguetarat igan goiti, oro goiti... Egungo egunean herriko etxeko-jaunik txarrena ikhus dezakezu auzapez, edo bederen kontseiluko gizon.

        Bereziki Frantzia barnean ikhusgarri omen dire auzapez eta bertze buruzagi txar batzu. Zehe bat lur berenik ez izaki; bazterrak oro zorrez betheak... eta futxo halere: «Nor gira gu?».

        Beren etxeaz nausi ez diren gizon ez-deus batzuen eskuetan herri guziko nausigoa. Herrietan eta herrixketan baino sordesago dire oraino hiri handietan horrela nausituak diren gorriak. Ez gutarteko gorri hauien kidekoak, bainan gorriago batzu; zeren eta jaunen jaunak bezala baitire gorrien gorriak; ba eta izanen ere, bide huntaz aitzina balin bagoazi: beherekoak goiti eta gainekoak beheiti.

        Azkenean zer gerthatzen da? Aski aphal jautsi ondoan, buruzagiak ezin biziz diruari lotzen dire. Batzuek esku-azpiz, bertzek agerian, beren kargutik biltzen ahal duten guzia bil, bil... ebatsiz edo bertzela, eta biba Errepublika!

        Horra non diren ohorezko karguak irabazpide bilhakatuak. Noiznahi Frantzia barneko kazetetan irakurtzen dugu holako hiriko auzapezak bi edo hiru mila libera beretzat buxetean eman dituela. Eman... gaizki mintzo naiz; hartu dituela behar nuen erran buxetetik bi edo hiru mila libera.

        Pariseko kontseiluetan, ez bakharrik auzapezek, bainan kontseilari guziek zenbat uste duzue urthean berentzat daukatela hiriko dirutik?

        Bakhotxak sei mila libera. Karrosak urririk, burdin-bidetako harat-hunat guziak urririk. Bertzalde asko edari eta bertze gozagailu, oro urririk. Saritzat sei-mila libera bakhotxak! Zaude, Manex; egiazki etxeko-jaun onak dire Pariseko jaun kontseilariak. Irabazi ederra dute beren lanarentzat. Ez da beraz harrigarri jaun hek oro erromes gose hamikatu batzu balin badire.

        Parisen bezala bertze zenbait hiritan ere auzapezek eta kontseiluko gizonek beren buruak hiriko dirutik pagatzen dituzte, estakurutzat emanez beren eginbideen bethetzekorik ez dutela; eta nonbeitik behar.

        Behar, errex da erraitea: behar. Zertako ez utz beren ahalaz goragoko kargu hoik aberatsagoentzat?

        Ez dut erran nahi auzapez eta kontseilari guziak aitoren-seme edo bederen herrian jaun handi izan behar direla; ez eta ere jakintsun handi; bainan hein bat bada. Kargu hoik urririk bethe ez ditzazkena, dagola holakorik gabe. —Ez ordean egon nahi.

        Ahalgetu ere behar luke gizonak bere buruaz, holako kargu bat saritan bethe nahi ukhaiteko.

        Baitire ordean ahalgea zangopean emaiten dakitenak. Eskual Herrian berean asko auzapez baginazkike bi eskuz boza eman lezaketenak beren kargutik soldata on baten altxatzeko.

        Orai artean esku-azpiz ahal dutena beretuz, bederen agerian urririk ari dire, sorhaio bakhar zenbeitez bertzeak. Noiz arte horrela urririk? Ez othe dire gosetuko, urruneko heien berriak entzunez? Ni beldur. Horra zer den herriko nausigoa etxeko-jaun azkar batzuen eskutik deus ez duten eta ez diren batzuen eskuetarat erortzerat uztea. Dirutan baizik nehork gehiago deus ez egin nahi. Urririk zerbait egin lezaketenak bazterrerat utziz herri-jale batzu ari dire kargu guziez jabetzen. Bizi denak oraino bazter politik ikhus dezake.

 

Eskualduna, 1896-07-31

 

aurrekoa hurrengoa