www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Louis Etcheverry

 

        Egun zortziko berantegi jakinik, laburzki baizik ezin eman dugu Louis Etcheverry, Donazaharreko seme, auzapez eta ongi-egile handi zenaren hil berria.

        Alta ez ginintazken azkenak izan nahi gu, hemen Eskualdun gazeta huntan, haren laudatzaile, hura zen eskualdun egiazkoari doakon bezala.

        Bere bizi guzia, on zeno eta haizu izan deno, Eskual Herriaren onetan ereman baitu, eritasuna bera garhaituz anhitz urthez; ba eta zenbeit aldiz eritasuna baino jasan-gaitzagoko nahigabe asko. Ez badu bethi bardin osoki laño eta ezti erakutsi bere burua, bazuen batzutan zertaz arrangura.

        Bihotz ona duen gizonari deus etzaio hain gaitzi nola eskergabekeria. Eta Jinkoak daki, egungo egunean, hura zen bezalakoek zenbat bihotzmin duten iresteko.

        Beren sor-herria itsutuki maite; haren onetan zerbeit egin nahi. Nahi zuketen guzia ez eginik ere, ahal guzia bederen egin eta gero... dakizuena.

        Ahalgegarri diren gizon, gizontasun izpirik gabeko batzuei behar lekhu egin!

        Ongia egin, eta saritzat ez milesker ere askorenganik. Othe da deus goihengarriagorik, oneko aldea daukanarentzat, nondik ere baitzuen igurikitzen ezagutzarik gehiena, eta harek huts egitea baino?

        Bizitasun eta hoztasun zenbeit barkha dazkioke hari, non ez den jazartzen hobendun ez denari. Eta, zertako ez orduan ere uste gabearen gain eman hutsik handiena?

        Aspaldiko urthetan hainbertze bidegabe egiten daukun politika madarikatu horren tzarkerietarik bat izan da —eta ez ttipiena— adixkiderik hoberenak berak nahastea.

        Gaixo Etcheverry! Hemezortzi urthe ditu, haren ezagutza eginik, lanari lothu ginela, hura buruzagi, Eskualdun gazetan.

        Ezen ordu da erran dezagun, Eskualdun gazeta bat balin bada Eskual Herrian, hari esker dela lehen-lehenik.

        Hari zitzaion hau gogoratu; harek zuen hasi, adixkide zenbeiten laguntzarekin, bainan lehenbizian gehienik bere lanez eta bere diruz.

        Bi urthe zituen hasia zela, gu sartzean. Geroztik anhitz urthez elgarrekin lan berean arizan gira.

        Goraki erran dezakegu beraz, gurea izan dela luzaz Louis Etcheverry, eta gu harenak. Ez dezakegu hori ahantz eta ez dugu nahi ahantzi.

        Eta zuzen da gazeta hunen irakurtzale guziek jakin dezaten hamasei urthe iraun duen Eskualdun gazetak bere aita Louis Etcheverry zuela. Doala bakhotxari berea. Iduri zauku, hil dena bizi balitz, atsegin zukela, hau hemen irakurtzea.

        Hain zen atxikia bere Eskualduna-ri non, orai duela lau urthe, utzi zuenean lan hau, gazetaren izena beretzat beiratu nahi ukhan baitzuen, zer gertha ere.

        Geroztik hunat izenez eta buruzagiz aldaturik, langile berek lan bera deramagu.

        Eskualdun Ona bere eskuko ez izanagatik, begi onez ikusten zuen bethi, hedatuz eta azkartuz joaki, gure buruzagi ohiak.

        Dakigunaz mintzo gira. Hala ez balitz, ez ginezake aipha; bainan atsegin dugu hori hala denaren erraitea.

        Hortarik ageri da, zenbat ere baitzen Louis Etcheverry berak gogoan zuen hari atxikia ororen buruan eta oroz gainetik Eskual Herriaren ona zuela nahi.

        Gazetaz bertzerik egin du, bai hartan ari zelarik, eta bai hura utziz geroz. Eskual Herria, eskualdun etxe eta guziz laborari etxea nahiz ikhusi azkar eta iraunkor, zenbeit lerro izkribaturik dago gazetak baino goragodanik mintzo diren batzuetan, nola baita Réforme sociale deithu bat, erakusten duena zoin den erlisionea gauza ona, gauza beharra, mundu huntako bereko; bertzekoa bertzalde.

        Zenbeit urhats erabili ere du Garaziko laborarien dretxoak ez nahiz galtzerat utzi. Etxetik kanpo egin duen azken urhatsa, ja eri zelarik, eta zoin zen eri zakielarik, egin du, ez nahiz Donibaneko konkurra huts egin.

        Jinkoak saristatu du bere borondate onaz; eman dio hiltzerakoan bere eginbidearen bethetzeko denbora eta ezagutza osoa.

        Bere kofesora deitharazi du; eta jin denean, oharturik etziotela nahi zuen bezen laster iganarazten goiti, galdatu du, zeren goait zauden: berehala nahi zuela kofesatu, biharamun arte iguriki gabe. Ikusgarri omen zen haren kuraia eta fede bizia.

        Jinkoak duela haren arima. Eta guk Eskual Herrian, bereziki Eskualdun On huntan, hunek eta guk dirauguno, haren orhoitzapena.

 

Eskualdun Ona, 1907-10-25

 

aurrekoa hurrengoa