www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Floquet-Renaud

 

        Hilabethe hunen hamarrean, etzi zortzi, Doniane-Garazin pesta baten egitera doazi Eskual Herriko eta inguruetako framazonak.

        Alegia Errepublikaren ohoretan dela pesta hori, framazoneriak du hor eskualdunen libertatea eta erlisionea zangopean dauzkala erakutsi nahi.

        Bi gizon hor aiphu direnen ohoratzea estakuru bat da, bertzerik deus ez. Egiazko xedea, eskuko erhiak iguzkitara bezen ageri dena da: gutaz eskualdunez nahi dutenaren egiteko, nausi ditugula erakustea, framazon hoiek.

        Hoik ditugula etsai, badakigu engoitik aspaldi; bainan oraiko huntan bezen agerian ez dabiltza bethi.

        Hemengo framazonek Frantziako framazon bilkura guzieri galdegina zioten laguntza, pesta hortako.

        Guti edo anhitz, orok hitzeman bederen diote, Floquet framazon zenaren ohoratzeko zerbeiten emaitea.

        Framazon bezala dute beraz ohoratu nahi Floquet framazon zena, eta ez eskualdun bezala.

        Nehon guti du egundaino erakutsi bere burua eskualdun bezala; guti baino gutiago: bat ere ez.

        Donianen sorthua zen, bainan ez delarik hain aspaldi hila, nor othe da Donianen orhoit hura ikusirik sorherriari nornahik ere daukon atxikimenduaren erakusten?

        Non zer da Donianeko hirian hari esker eginik? Haurdanik urrundua sor-herritik, gazterik paristartua, noizetik noizera heldu zen Eskual Herrirat bere ahaide batzuen ikustera; hori ere bakan, zeren hemengo ahaide hurbilenak beraz bertzelakoak baitzituen.

        Bainan hauk ere ez Doniane Garazin. Aiphatzen ere ez zuen Donianen sorthua zelakorik, eta haren berri dakitenek diotenaz, ez omen zuen laket, bertzek aipha zezoten ere sor-herria.

        Hots, arroztua zen osoki, eta goizdanik. Haren gogoa ez zen hemen.

        Sor-herriari, bihotzez edo buruz, nolazpeit, azkenean zangoz bederen atxikiak direnek badaukate beren herritarrekin.

        Gizon publiko bilhakatu nahi direnean sor-herriko deputatu edo zerbeit sartzerat lehiatzen dire. Hunek ez du hortaz behin ere axolarik agertu.

        Ahaidetasunezko atxikimenduak balin bazauzkan, ez ordean eskualduntasunezkoak.

        Eskual Herriarentzat bereziki, ez eta bere sor-herriarentzat ez badu deus egin, Frantziaren ongi-egile izan othe da? Zer ongi du egin?

        Hogoi-ta hamar urthe huntan framazonek eta heiekilakoek gure erlisionearen kontra egin lege tzar eta gaineratiko jazarkunde dazkitzuenak oro ongiak balin badire, hainitz ongi egin du. Hala ez badire, gaizkirik baizik ez du egin.

        Gizon batek bere buruaren altxatzea, ohoretarat heltzea, Deputatuen bilkurako president behin baino gehiagotan izaiterainokoan, buru puska bat bazuelako marka da. Bainan sor-herriko jendearen eskerren merezitzeko, behar da bertzerik.

        Horra odol hotzean egia, eskualdun giristino arnegatu dohakabe zenarentzat gehiagoko janhizarik, ez aiherkunderik gabe.

        Hein huntaraino ere nahiago ginuken ezinbertzean ez aurkitu hemen huntaz mintzatzeko.

        Floquet framazon, erlisionearen etsaienetarik bat hil zenean, egin gaizkiaz urrikitu gabe; gero ehortzi zutenean bere lagun framazonek, elizako sar-jalgi bat, ez fritsik gabe; orhoit gira, zer bihozmina izan zen hemengo eskualdun giristino, haren ahaide hurbilentzat, erlisionerik gabeko ahokia bati ezin jarraikiz, berak berex joan behar izan baitziren eliza batean othoitz eta nigar egiterat.

        Orhoitzapen samin horren erreberritzeak oraino ere bihotza hautsi behar baleie bizi direnei, ez da gure falta; eskualdun arnegatu edo arrotz axola gabe, hemen gaindiko framazonen gain doala.

        Michel Renaud, bere itzalekin, eskualdunago zen; garaztarrago ere.

        Giristinoago? —Ba balinba bat ere izaitekotz. Izaitez, sinestea bazuela zion berak, eta daukagu zinezkoa.

        Eskual Herriari ere atxikiagoa zen, bere heinean; bainan erran behar da, ez zen gizon handia; ez handiaren aldekoa ere.

        Gizon ona ba, edo bederen bihozduna. Ezen bihozdun eta on, biga dire; nahiz ongi doazin, elgarrekin direlarik.

        Buru baino bihotz gehiago zuen. Enperadore zena nausitu zenean, Frantziako lurra gal-arazi zioten gizon zenbeiti; hetarik bat zen hau. Gero berriz utzi zuten sartzerat hobeki eginen baitzuten, ez kentzea.

        Gauza hitsa baita bethi —nehondik ahal bada ez egitekoa— gizonari bere sor-herriaren gal-araztea.

        Hiruetan hogoi-ta hamarreko gerlan, engeiatu zen soldado, ja 59 urthe zituelarik. Hortakotz bereziki luke merezi eskualdunen orhoitzapena. Bainan egia den bezala erran dezagun bururaino; geroztik senator izan delarik, boza behin baino gehiagotan eman du erlisionearen etsaien alde.

        Nola egin zuen hori galdatzen ziotenei, ihardesten zuen: Pariseraz geroz, hango lagunek beretzen zutela; han sarthuz geroz ez zela bere buruaren jabe.

        Gizon piru ahulekoaren atheraldia hori. Bainan egia zuken. Buru guti, eta hura beroa, barka zakioken bertze bati baino behaztopa gehiago.

        Ororen buruan, daukagu, Michel Renaud zena hemen estakuru bat dela, eskualdun zenbeiten eta bereziki soldado ohi zahar andana baten biltzeko pesta hortarat.

        Lehen eta azken xedea, xede nausia framazonen gogoan —bertzalde berek errana, hau— framazoneria Eskual Herriaz jabetzea da; jabe direla, nausi direla, zangopean gauzkatela, sendi-araztea.

        Horra zertako, igandean zortziko pestan aurkituko diren, hemen gaindiko framazon guziak; heien esklabo eta eskumakil, eskualdun giristinotasunaz ala jazko haizeaz bardintsu axola dutenak; gero edozoin pestaren usainera laster egileak.

        Bertzeak egonen dira etxean.

 

Eskualduna, 1910-07-08

 

aurrekoa hurrengoa