www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Sozialixtak

 

        Jadanik errana dugu badirela azken bozaldi huntan hautatuak izan diren deputatuen artean 60, hiruetan hogoi sozialixtak.

        Anhitzek izen hori eta izen hortako deputatuen nonbrea irakurtu dituzkete; eta gero bertze asko berri bezala, ahantzi, hanbat gogoan hartu gabe.

        Bizkitartean ez da hori gauza bat ahanztekoa. Ezen hortarik doake, gutien ustean, deputatu berriek eginen dituzten on-gaitzetarik gehienen ez-baia.

        Badire asko herri, hala nola Alemania, zoinetan gobernamenduko gora-behera guzien giderra, alde batetik girixtino katolikoek eta bertze aldetik sozialixtek baitaukate.

        Han ez da gehiago, erran behar bada, ez gorririk, ez xuririk. Nor den sozialixta, eta nor ez? Hortan da guzia. Biba sozialixtak! Fuera sozialixtak!

        Ni beldur Frantzian ere, iduri ez duelarik, emeki-emeki, hortarat ari othe giren? Orai arte hogoi-ta zenbeit bakhar deputatu sozialixta baizik ez ziren eta orai hiruetan-hogoi. Bertze aldian baditazke ehun eta berrogoi. Eta behin nausitzen hasiz geroz, gero-ta gehiago. Jainkoak begira behin gainaren hartzerat utz!

        Erranen dautazu, ea zer kalte othe ginuken sozialixtak nausitzerat heldu balire?

        Sozialixtak azkartuxeak diren tokietan heien garhaitzea baino errexago da zure galdeari ihardestea.

        Nahi baduzu jakin zer bilhaka litaken Frantzia sozialixten eskuetan, aski duzu gogoan hartzea zer diren, nolakoak diren sozialixten egitateak, eta heien xedeak.

        Sozialixta izen horrek berak deus ez du bere baitharik erran nahi. Hori bertze asko hitz bezala, hitz bat da; eta hitzak edozoin kolore eta soinu ukhanik ere, ez du ageri kanpotik zer den, ez norat dagon.

        Da ikhusi behar zer duen barnean.

        Orobat duzu Errepublikaren izena. Batzuer iduri zaiote «Biba la République» oihu egin eta ez dela deus gehiago erratekorik, ez eta ere egitekorik. Hala behar litake, eta hala litake ere Errepublika izaitez ona balitz. Egia, Manex, bainan non da Errepublika ona?

        Sozialixtek ere Errepublika dute omen nahi. Berek diote, eta Jainkoari esker aski gora errepikatzen dute, heien gogorako Errepublika hura litakela, hura egiazko Errepublika! Alaxintxo!

        Oraiko hunek izena du omen Errepublika bainan ez izana. Izan hura emanen diote holetan sozialixtek, beren xedetara heltzen direnean. Zer xede dituzte? Huna laburzki: behinik behin akhabo erlijionea. Errotik khen fedea eta hari darraizkon guziak, aphez eta serorak, elizak eta bertze gaineratiko guziak.

        Jainkorik ez; aphezik ez; nausirik ez. Edo hobeki errateko oro orotan oroen nausi. Zer besta! Oro bardin; nehor nehoren azpiko.

        Ez dea hala Errepublika ederra hura izanen dela?

        Baginuke asko xehetasun emaiteko, sozialixten xeden gainean. Bainan hitz laburrez hortan da heien gogorako gobernamendua.

        Eta ez da hor harat hunatik. Ez badugu azkarki gibelerat egiten, ez badiogu erlijioneari bere indarra begiratzen, nahi ala ez, hortara goazi.

 

Eskualduna, 1893-09-29

 

aurrekoa hurrengoa