www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Zezen-kurtsak

 

        Egun zortzi erraiten ginuen, frantses eskualdunak osoki kaskointzen ari garela; eta aldiz gure auzoan Espainiako eskualdunak, ari direla españoltzen.

        Ez dakit oraino ez othe garen gu hemen Frantzian ere españoltzen ari? Bertze solasik nuen alta egungotzat gogoan; bainan inguru hautako kazeta guziak zezen kurtsez mintzo direnean, ez nauke nik ere hitz bat edo bia erran gabe kurtsa horietaz.

        Badut beldurra, ez dutela orok ene errana onhetsiko; nahi ez badute ez. Bainan erran dut, eta diot berriz ere garbiki españoltzen ari garela Frantzian. Eta nor? Ez bakharrik gu hemen Frantzia hegi huntako frantses eskualdunak, bainan barnagokoak ere, frantses guziak españoltzen ari gare.

        Ez liteke gaizki, españolen aztura onak bagintu. Bainan onak utziz, makhurrak eta tzarrak hartzen ari ditugu ordean.

        Berehala erran dezadan, gehiagoko itzulikarik eta elhe alferrik gabe, balin bada Espainian aztura zoro makhurrik, hori da, zezen-kurtsetako hori. —Ba othe? —Ba, ba otherik gabe, hori da erhokeria handienetarik bat. —Ez dakit alaxintxo, erran bazineza Espainian, harrika zintzazketela españolek. —Sinhesten zaitut. Hortakotz nago Frantzian, eta nahi nintuzke ikhusi zezen kurtsak hemendik urrun, mendi horietaz bertze aldean. Dagozila han, zezen-hiltzale guziak, hunat ethorri gabe. Gutartean odol eta orro gose direnak, doazila Donostiarat, edo nahi badute, Madrilerat. Guk ez dugu Frantzian holako beharrik. —Zer mintzo zare, jauna? —Mintzo naiz, gogoan dudanaren erraiteko. Arren daukat badugula Frantzian jostetarik aski, bereziki guk hemen, Eskual Herrian. Bakhotxak bere gostu. Badute españolek solas huni doakon erran zahar bat: «hay gustos que merecen palos». Erran nahi baita badirela gostu batzu, iphurdian zartakoak merezi lituzketenak. Hetarik bat da españolek zezen-kurtsentzat duten errabia hori. Itsutuak dire horietara. Nahi badute ba; ez da gutiago egia josteta bat dela, eta bertze aldetik salbai-josteta bat.

        Zer ditake haurkeria handiagorik, abere basa bat gizon batekin borroka ikhustea baino? Eta zer salbaikeria itsusiagorik, gizona eta zezena, hil edo bizi, han ar-araztea baino: bat adarrez gizonari tripak egin nahiz; bertzea ezpataz, bi sorbalden erditik zezenari bihotza zilhatu beharrez? Zer atsegina, zezen gaizoa khordokan mihia luzaturik hiltzen ikhustea! Gizona hiltzen bada, hanbat gaixtoago harentzat! Ehortz, eta bertze bat bilha. —Eta hilaren arimaz, nor da orhoit? Nor da khexu dohakabe haren bethiereko ethorkizunaz? —Nehor ez. Egiazki harrigarri da ikhustea mundu katolikoan den populu fededun handienetarik bat, Espainiako populu zahar eta ederra, aztura zoro eta krudel horri den bezen atxikia! Aspaldikoa dute; eta deusek ez nehork ez diote hori utz-arazi ahal izan. Alferretan izan dire Elizako buruzagien erranak, ba eta gobernamenduko aitzindarien mehatxu eta gaztiguak.

        Frantzian ere halaber gerthatuko othe da? Agian ez! Badugu esperantza, giristinotasunarengatik ez bada, bederen gizontasunarengatik, laster aseko dela eta nardatu Frantzia odolezko eta hertze zilhatuzko ikhusgarri okhaztagarri horietaz.

        Luze daramat solasa; bainan ez nauke hemen aiphatu gabe, iragan arrats batez jaun frantses batek erran dautana.

        Burdin bidez nindoan, baiones bi jaun gazterekin mintzo: hek biak beren kurtsez espantuka; ni aldiz kurtsen kontra. Hek gora, ni gorago. Ez eta-bai askoren ondotik azkenean erran nioten: «orizue, jaunak, atxik azue zuen eskualdea, nik nerea. Bainan uste dut, erlijionerik aiphatu gabe ere, gizonez gizon, frantses anhitzek, frantses direlakotz, nik bezen higuin dituztela zuen kurtsa tzarrak».

        Guri buruz xokho batean jarririk zagon gorago aiphatu bertze jauna. Ez dakit nor den. Arrotza zela ageri zuen. Gutarik nehor ez zuen ezagutzen; bainan bere zokhotik solasaz jabetu zen, gora-gora ziolarik frantsesez: «monsieur, vous avez raison. Les courses de taureaux, ce n'est pas digne de nous, Français. Et après tout, si nous en sommes là, tant pis! Car c'est un signe de décadence».

        Erran nahi baitzuen, frantses izaitea bera aski behar litzakegukela kurtsa zoro eta krudel horien arbuiatzeko; eta oroen buruan, hortaratuak balin bagare Frantzian, hanbat gaixtoago! Zahartzen eta zartzen ari garela marka.

        Aithortzen dut atsegin handi egin zautala hantxet jaun arrotz haren atheraldiak. Nor ere baitzen, gorri ala xuri, katoliko ala protestant; bardin litzakedan orduan; eta edonor izan zadin, elgarrekin jautsi bagine eta gelditu behar izan bidean, bihotz onez pagatuko nion pinta-erdia, ba eta osoa ere kurtsa horien ondotik dabiltzan zenbeiti baino gogotikago!

 

Eskualduna, 1894-10-05

 

aurrekoa hurrengoa