www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Hil dute

 

        Hil dute beraz azkenean Ravachol, gizon-hiltzale izigarri hura. Hil dute: ez berehala, ez eta ere errexki. Lehenago erran dugu nola behin Parisen anarxista bezala, zernahi tzarkeria egin zuelakotz, bethiko galeretarat kondenatu zuten. Handik gero Montbrison, Frantzia barneko hiri batetarat ekharri zuten, zeren hiri hartan eginak baitzituen lehenago bere balentriarik handienak. Egun hamabortz jakin ginuen Montbrisoneko tribunalak lephoa mozterat kondenatu zuela.

        Holako horier uzten diote berrogoi bat egun edo gehiago, nahi badute apel egin; edo bederen errepublikako jaun presidentari, barkamenduskatzen direlarik, galdatu, ardietsiko badute eta ez, biziaren grazia.

        Ravacholek ez du deus galdatu nahi izan. Jakinez geroz harenak egin zuela, nehor ezin hurbildua omen zen. Irri egiten zuen, ahotik blasfemioa zariola, Jainkoaren izena bera aiphatzen ziotenean. Presondegiko aphez omoniera ere ez zezaken begien aintzinean ikhus. Haren ahapaldi ikharagarriez harrituak zauden oro. Zioten orok egundaino ez dela ikhusi holako mustrorik. Hitz dautzut ongi et'ongi zaindua zela, eta hurbildanik begi ziotela haren urhats guzieri, nahiz ez zuen barne hartan urhats handirik egiten ahal. Gau eta egun, bere zaintzalez bertzalde, bazituen ez dakit zonbat soldado, harmak eskuan, xutik, han zaudenak. Garbitzen zuten, igitu balitz!

        Hamabortz egun huntan presondegia kanpotik ere soldadoz inguratua zaukaten. Beldur ziren, anarxista direlako heiek arma zezaten zerbeit izigarrikeria, bere laguna justiziaren eskuetarik atheratu nahiz. Halako mehatxuak zituzten ere eginak, ziotelarik goraki: «Ravachol hiltzen badaukute, erreko dugu burregoa, erreko dugu gillotina, eta behar bada Montbrisoneko hiri guzia!».

        Ravachol hil dute: bainan anarxisten sudurrik nehork ez du han ikhusi. Iziturik ihes egin othe dute? Ala gerokotzat othe zituzten solas lazgarri hek oro? Ageriko da.

        Erran behar da gaitzeko prekozioneak hartuak zituztela, justiziarekin hitzarturik, hiriko buruzagiek. Hiri guzia soldadoz eta harmaz bethea zen. Bereziki azken gauean ez zen, ez anarxistarik ez bertzerik, harat hurbiltzen ahal, bere izena emanik eta buruzagien baimenik gabe. Halere hanitz jende bazen harat bildurik. Egunaz bezen argi omen zen hiriko karriketan. Ikharan zauden alabainan oro, zer behar zuten ikhusi.

        Goizaldera buruz, burregoa tribunaleko buruzagiekin presondegian sarthu eta han hatzeman dute Ravachol, harria bezala lo zagola. Bertze guziak izialdurekin harrituak, eta hura lo... egiazko mustroa!

        «Jaiki, jaiki, Ravachol». —Jaikitzen da, jauzi egiten duelarik. —«Zer nahi duzue? —Har ezazu kuraie. —Zertako? —Hiltzera joaiteko».

        Dohakabea! Irri karkailaz hasten zaiote, trufatzen da orotaz; eskarnio egiten diote balakatzeko elhe on zenbeit erran nahi lioketen guzieri. Burregoa ari zaiolarik bizkar gibelean bi eskuen estekatzen, ahora jin guziak erraiten diozka, erdi irriz, erdi hortz karraskan, iduri josteta bezala. Apheza ikhustearekin erranen zinuen zainetakoa lotzen zitzaiola; zalapartan eta oihuka: ez zuela nahi aphezik; hurbiltzen bazen, thu eginen ziola begithartera, hari eta haren kurutzefikari.

        Halere aphez gaizoa jarraiki zaio gillotinaren gaineradino, bethi begiak haren begieri josiak zituelarik, bethi kurutzefika saindua eskuan.

        Deusek ez du hunkitu ahal izan haren bihotza. Ikhusteko omen zen, presondegitik hiriaren erdira zeramatelarik, orga handi batzuen gainean xutik, burua gora, begia zorrotz, alde orotarat oihuz, juramentu arrailka, gerrirainoko xehakatuak, erdi buluzia, ezin erran ere ditazke haren ahotik atheratzen ziren urdekeriak.

        Hiltzeko tresnaren gainera denean, nahi izan da jendeari azken aldikotz mintzatu. Berehala lothu zazko burregoaren laguntzaileak. Nahi bazuen eta ez, etzan-arazi dute han, taularen gainean. Oihu marraskaz eta zalapartan ari zen: nahi zela mintzatu; bazuela zerbeit errateko. Lephoa moztearekin khordokan ari zelarik, entzun dituzten azken hitzak hauk dira: «Biba errepublika». Ordu berean ikhusi dituzte haren burua alde batetarat, gorphutza bertze alderat erortzen. Eta haren arima, norat joan othe da? Nolako errepublika hatzeman othe du, orai den tokian? Orhoitzeak berak izitzen gaitu. Ez dea bada ikharagarri zertaratzen den bere aztura gaixtoak nausitzerat uzten dituen gizona!

        Jainkoak begira dezaukula dugun erlisionea!

 

Eskualduna, 1892-07-15

 

aurrekoa hurrengoa