www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Gillotina

 

        Kentzer daukute gure deputatuek. Ehun bat eta zenbeit bozez nausitu da. Hiruetan hogoi bat itzuli balazkio, lepho mozteko tresna izigarriari kontra, akabo zen. Bethikotz edo behingotz, edo nork daki? Gizon hiltzaleak ministro jarri arte, itzalerat beharko zuen.

        Erreboluzione handiaren aitzineko egunetan ere kendu zuten behin gaixtaginen hilaraztea lephoa moztuz. Gero ezarri berriz legean; eta dakizuena, gaixtaginez bertzerik hilarazi, Frantzia guzia odoletan ezartzerainokoan hoben izpirik etzutenei lephoa moztuz.

        Ordu arte burregoak hiltzerat kondenatuak zirenei burua zur baten gainerat etzanarazirik, aizkora ukaldika mozten zioten. Huts egiten zutenean berriz jo, moztu arte. Ikaragarri omen zen ikustea.

        Dohakabeak urrikariz, eskuzko aizkoraren orde, Guillotin deithu mediku deputatu batek eginarazi zuen oraiko tresna hori, burregoaren lan lazgarria errextuz, hil behar zena ere horrek lasterrago mozkinduko zuela, min gutiago eginez; kasik ohartu gabe; atx erraiteko arterik utzi gabe.

        Nonbeitik halere kenka onean jina zen gillotina delako tresna izigarri hori. Mila zazpi ehun eta lauetan hogoi-ta hamahiruan horrekin Frantziako hiri guzietan, edo gehienetan moztu zituzten buruak ehunka, milaka. Eta nori? Ez bakharrik erregeri eta erreginari, bainan gizon ala emazte, inozent, ahul, tzarren ihes beldurrak zerabiltzanei eta orori; neskato gazte, haur, zahar ezindu, eri herresta, hiltzaleen alde etziren guziak harrapaka preso ereman, eta jujatu ere gabe, multzoka orgetan estekaturik, gillotinatzerat.

        Hitz dautzuet, etzela zenbeit hilabethez herdoildu gillotina, bereziki Parisen, alfer egonik.

        Azkenekotz elgarri jazarri ziren hilzaleak, arima salbu-ta zakurrak hilki gosez elgarri jazartzen diren bezala. Batzuk bertzen ondotik jastatu zuten —ez orok, bainan anhitzek—, ea lephoan min egiten zuenez gillotinak.

        Gizon tzar bihotz-gabe heiek harriturik utzi zuten Frantzia dohakabea; gillotinaren izena bera ez baititake aipha, hetaz eta heien egitate lazgarriez orhoitu gabe.

        Eta halere —ahalgegarri dena, gizon handiak zirela hek, erranen dautzuete oraiko hauiek. Ez dakite zer derasaten, edo barnez hek iduriak dire.

        Gauza segura dena da, orai ere tzarrenak, herratsuenak, odol ixurtzearen gutienik beldur litazkenak direla beroenik gillotinaren kentzera.

        Kentze horren alde direla, lehen-lehenik nor? Gizon-hiltzaleak; norbeit ja hilik dutenak edo hil gogo.

        Hitz batetik bertzean bulharretara puñalaz eman lezakezutenak edo tripan tirahalako ostiko batez gizona lurrerat hil-gor aurdik lezaketen guziak oro gillotinaren kontra dire.

        Poxolu dute, ageri da.

        Bizkitartean aski lukete nehor ez hiltzea; ez lukete gillotinaren beldur izaiterik. Ez baitire ordean hortarik ari!

        Egia erran behar da: ez dire bakarrik jende hiltzaleak eta heien idurikoak, gillotinaren kontra. Bada bertzerik. Ez balitz tresna lazgarri hori baitezpada beharra; zuzen ez balitz, gizon hiltzalea, odol-hotzean, tzarkeriaz, bere idurikoa hil duena hil dadin; ez balitz bertzalde larderia izigarri horren beharra, gaixtaginen izitzeko; oro ez bada, zonbeit bederen ez balitu horrek gogoeta- razten, lotsarazten, gibelatzen, begiratzen hil nahi luketenaren hiltzetik... hori ez balitz, orok ginuke behar gillotina gaitzetsi, madarikatu; puskaturik zokhorat aurdiki; edo erre, suntsitu sekulakotz. Ez balitz ere horrek Frantzian bertze orduz egin dituen sarraskien orhoitzapenetan baizik. Fuera gillotina behar ginuke orok oihu egin; eta egin ginezake gogotik.

        Ba bainan, larderia hori kenduta, gero, nork egin burutziarik ohoin tzar, gizon-hiltzale deusen beldur ez litazkenekin?

        Hori da gogoetagarri.

        Eta futxo halere, barne oneko gizonetan ere frango izanki gillotinaren kontra. Diotelarik: hortara gabe gizon-hiltzaleak biribilka ditazkela eta itzalerat ereman sekulakotz. Bati edo bertzeri, huts eginik, hobendun ez denari, uste-gabean, lephoa motz, eta lepho hura ez ditakela berriz sorbaldei jos; bizi dena, urtheak ondoan ere, presondegitik jalgi ditakela, etzela hobendun ezagutzearekin; hil bat ez dezakezula pitz.

        Hoik oro hola, batzu kontra, bertzeak alde, oraiko huntan ez dire nausitu deputatuen bilkuran gillotina kendu nahi zuketenak. Ehun bat eta zenbeit bozez joan dute bertzeek.

        Gure departamendukoetarik, Barthou ministroa zen bakarrik, bere ministro lagun guziekin, kendu nahi zutenen alde. Bertzeak bertze alderat oro.

        Gorri beltz aitzinatuenetarik has, eta xuri eztienetaraino, batzu alde, bertzeak kontra, bat ere alderdika ari gabe, eman dute boza, ba edo ez, bakotxari zoakon bezala.

        Gaizki erran dut: gorri aitzinatuenak oro edo kasik-oro kentzeko ziren. Gorri eztiak eta xuriak dire bi aldetarat joan; eta halere gillotina nausitu.

        Tresna itsusia balin bada izan bedi, nahi bezen itsusi; den bezalakoa delakotz da haren beharra, justiziak izan dezan larderia eta indar; gillotinaren urrunera ikusteak ikhara eman dezoten, orori ez bada, bederen zenbeit gizon hiltzalei.

        Ezta erraiteko baizik: badire bi apez deputatu; bat Lemire, buru baino bihotz gehiagoren jabe dena; bahez ura eman bailezokete, gogotik, egarri diren guziei; bertze batzuek hitzemaiten dautzutena, hunek eman orori; ba eta saskiz arno ere, ahal balu. Bera xede onez bethea delakotz, uste bertzeak ere hala direla. Gillotina khen zezaten eman du boza.

        Bertze apez deputatua da Gayraud. Hau buruz azkarrago da, xuxenago, ez delarik bihotz gabea. Hau ere kordokatu bide dute aphur bat gillotinaren kentzea hobe zela ziotenek; dudaturik egon da bozik eman gabe, zoin alde eman ez jakinez omen.

        Bi aldetarat arrazoin handiak badire, alde batetarat baizik ez bailitake, ez balitz jendea tzartzen ari, eta gizon-hiltzaleak emendatzen urthetik urthera.

        Hura khendurik hauk are gehiago emenda-eta, non ginintazke?

 

Eskualduna, 1908-12-08

 

aurrekoa hurrengoa