www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Diharassarry apheza

 

        Zer den gutaz! Eta zeri gauden gutien ustean! Badakigu, erraten ere dugu, deus ez girela; egun sendo eta azkar, biharko hilak. Kaska handi bat buruaren gainera Jinkoak igortzen daukunean, orhoitzen, deus ez girela; amets labur bat dela gure bizia. Eta gero, ahanzten.

        Heriotzeaz bertzerik ere ikhusten dugu mundu huntan gerthatzen, uste ez ginuenik. Nork erranen zaunkun, duela zortzi urthe! Orzaizeko jaun ertorarekin ginabiltzalarik herriz herri, etxez etxe, harentzat boz galdez... egun batez ikhusiko zela hemen Eskualdun-ean orduko gure etsaia, edo bederen etsaien gizona, itxura guziez heiekilakoa; gure aldeko gizontzat ezagutua; bere deputatu lagun andana batekin itzulia ikhusiko ginuela oneko alderat, agian zinez eta bethikotz den bezala Morroxko Harriague?

        Eta aldiz gure adixkide handi deputatu gei apheza, hainbertze harat-hunat ibili ondoan, oraino gazte eta azkar, osasun bethean zelarik, bere jinkozko lan handiei buruz oraino behingo gizon eta erretor iduriz, ikhusi behar ginuela nehork sekulan amestuko ez zuen tokian, mando itsu batek lehertua, buruan jorik nork erranen zaukun?

        Jinkoak bakharrik daki zer ari den eta zer daukan guretzat. Oro haren eskuetan gira.

        Ez ginuen ontsala, behar-bada, solas huntarik hasi behar Diharassarry aphez on, argitu eta khartsu zenaz hemen mintzatzea? Zertako ez ordean, ohiko bozen urtheburua dugunaz geroz? Egun hauiek ja, ordukoez orhoit-arazten ginintuzten. Are gehiago, aphez gaizoaren hiltze izigarri hori gerthatzearekin.

        Bertzalde, zenbeit aldiz, geroztik gogoan erabili duguna, hemen erran dezakegu: egun bero nekegarri hetan ikhusi dugula hurbildanik aphez hori, bere bizi guzian izan dena: Jinkoarentzat haren etsaienganik zernahiren jasaitera bethi zagola; bere buruaz orhoitu ere gabe; aditzen zituen oihuek, trufek, mehatxuek, deusek den gutiena ez zuelarik gibelatzen, bere eginbide zaukanaren egitetik. Eta zer gogoa! Ari ba zinez, eta ibilki bere ahal guziaren egiten, bainan gero gerthatzen zena gertha, ziolarik: «Jinkoak ez dauku bertzerik galdatzen, baizik ere harentzat gure ahalaren egitea. Ez dire ez, egun hautan gure etsaiak ere ezteietan! Nausitzen bazauzku ere, hoik beren eta bertzen kaltetan dabiltza. Guk aldiz oraiko alfer idurizko urhats hauk oro hatzemanen ditugu egun batez gaineko harentzat eginak, ba eta saristatuak». Uste baino lehen behar zituen hatzeman!

        Ez dukete orok ahantzia, nola zerk emana zion gogora, deputatu-gei agertzea. Kasik azken egunak ziren eta nehor ez nahi, haize kontra, lanetan ditaken idorrenari lothu.

        Adiskidek berotu zuten. Eta erran behar da: ez zuen hanbat berotzearen beharrik, edozoin eskualde, Jinkoarentzat indar baten egiteko. Egundaino ez bide zuen amestu ere, deputatu izaiterik. Bainan bizpahiru adiskide (eta ez nornahi) besotik lothu bezala zitzazkon; baginakike xuxen errateko non eta nola ere. «Hots, Diharassarry, nehor ez denaz geroz aitzinatu nahi, zuri doakizu hor zankako baten emaitea. Nahuzu izan gure gizon? Huna non garen gu zure». Berehala bildu zuten. Aphez bezala holako lan bati lotzeko behar zuen baimena ere ardietsi; eta bero-beroa berehala hedatu berria.

        Erran behar da, nehor ez zela bertze aldetik ere oraino agerturik. Baia ba? Aphezaren itzala ikhusi orduko tarrapatan hor Baionara bildu ziren gorriak, eta berezi zuten beren gizontzat Harriague, Hasparneko jaun mera, jadanik aitzineko boz-aldian Labaten kontra nausitzea gutitarik huts egina. Oraikotik gainez gain irabaztea segura zaukaten.

        Handik haratekoak orok badazkitzate, nahiz ez oro. Ez behar ere; bizkitartean edozoin zeretan baino gehiago, holakoetan bakhotxari berea badoako; eta solasean garenaz geroz, baditugu hemen bi hitz errateko.

        Aphezaren sustatzailetarik bat izan zen Donibaneko auzapeza, Goyeneche zena. Hura ere bat, bere erratekoekin, hau bezala; egungo egunean nehon nehor guti baita haren eta hunen kaskoko gizonik; batek ala bertzeak, ziren tokian, zilho bat ederra utzi baitute, nekez-nekez bethetzekoa.

        Ez ziren bertzenaz bat ere elgar iduriak; guzizki, ez elgarrekin uztartzekoak. Xede berak, osoki berak izanik ere, beldurtzeko zitaken, elgarri hurbil, ez zirela, berek nahirikan ere, hiru hilabethe makhurtu gabe joan ahalko. Bederen ardura ukhanen zuten bitarte norbeiten beharra. Hain ziren biziak eta bakhotxa bere hartan, osoak.

        Ez dut erranen orotaz hein berekoak zirela ere. Batek gaizkiaren herra, bertzeak gaixtaginena. Buruz, amarruz eta askoz, biga ziren; eta bizkitartean...

        Bizkitartean bazuten biek hauxet, egungo egunean bakhan ikhusten dena: bata ez bertzea ez ziren buru aphaltzaletarik.

        On edo gaixto, omen dugu hori eskualdunek. Hala diote bederen gutaz mintzo diren urrungo arrotzek. Egia? Noiz nola. Ez othe dugu, aiphamen horren begiratzeko, holako zenbeiten beharra?

        Dena dela, behinik behin orduan hitz gutiz egin zuten aphez kartsuak eta auzaphez azkar beroak elgarrekilakoa. Hitz har, hitz-eman, berehala lehen urhatsei lothu ziren, ginen, batzu bertzen ondotik, laguntzaileak.

        Ez ginelarik zer zitzaukun erraterat aitzinetik deithuak izan, berehala eman ginioten, bihotz onez, ondotikako baia, eta gure ahal guziz egiten ahal ginuena egin. Aithortu behar dugu: neholere ez zitzaukun iduri nausituko zela. Berari ba. Uste gaizoak, bera dena khar eta leialtasun zelakotz, bere iduriko leherra gizon hatzemanen zituela, multzoka, herri guzietan.

        Hatzeman ere zituen eta ziozkaten adixkidek frango, non egun hetan, haren ahotik ardurena entzuten ginuen elhetarik bat baitzen hauxe: «zernahi gertha, jende onik ere ikhusten dugu han hemenka zokhoetan. Girixtino fededun azkarrak badire oraino, nahutena erranik eta eginik ere gure erlisionearen etsaiek». Egia, ez balitu on bat zen tokian bi eta hiru ikhusi. Bere bihotz onak eta gizontasun zabalak egiten zion hori.

        Hastapenaren araberako izan ziren ondorioak. Heldu ahal izan zen tokietan hazi ona erainik, bildu zituen 3.779 boz, 5.351 bozen kontra. Donibaneko kantonamenduak eman zion esku-gain handia. Bertze kantonamenduetan gibeletik zen; bertzeari hurbilenik Bastidan, eta urrunenik Bidaxunen.

        Kanbok eman ziozkan 173 boz; bertzeari 175. Bi boz gutiago beraz erretor ohiari. Bere sorherri Saran galtzeak baino anhitzez min gehiago egin zion haren bihotzari, bere Kanbo maitean ez nausitzeak.

        Arimetan baitziren haren erroak, lurrean baino azkarkiago sarthuak. Izaitez hala, eta ustez are gehiago, bera zelakotz arima osoki onekoa.

        Bertzalde anhitzek hitzeman zioten kanboarrek boza. Aditzekoa zen gaizoa: «holakoak hitzeman, halakoak hitzeman». Eta harek zabal-zabala oro sinhetsi.

        Ororen buruan, hura ezagutu dutenek errexki sinhetsiko dute, nehorentzat ez duela herrarik den gutiena egundaino izan.

        Orzaizetik abiatua, bere populuari erranik othoitz egin zezaten harentzat; bazoala «Jainkoarentzat indar baten egitera»; zangoa non emaiten zuen, ez zeri zagon gogo eman gabe; bere eginbidea bethe zuena ba? Itzuli zen, bihotza deskantsu, bere Orzaizeko xokho maiterat.

        Zenbeit aldi geroztik erran baitu: ez ziola Jinkoari bertzerik galdatzen, baizik ere Orzaizen bizitzea eta hiltzea.

        Hil da; hetsi dire haren begiak. Digula Jinkoak, haren ohiko etsaien begiak, ja aphur bat idekiak, idek ditezen Frantziaren eta Eskual Herriaren behar baitezpadakoen gainerat, gero-ta gehiago.

        Nehorentzat egiten ez duguna, hil hunen bizia, hemen aldi batez emaite orde, zathika deramagu. Gutartean zelarik ere bazaukan, asko gisetara, eremu puska bat. Ez bizkitartean Eskualdun huntan.

        Bizirik eskas egin badauku, goza dezagun bederen hilik. Bozek ekharri gaituzte aiphatzerat egun, ohiko deputatu-geia. Bertze aldian mintzatuko gira bakharrik aphezaz.

 

Eskualduna, 1902-04-25

 

aurrekoa hurrengoa