www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Igandetako lana

 

        Deusetarik ez duzu hobeki ezagutuko zer heinetan den herri batean erlisionea, baizik ere ikhusiz herri hartako jendeak nola begiratzen duen igande eguna. Gure Eskual Herrian berean ikhus azu zertaratuak giren, duela hogoi urthe hautarik hunat. Orhoit zaite zure herrian berean, nungo nahiko izanagatik, nola iragaiten zen bertze orduz igande eguna, goizetik arrats. Eta orai aldiz! Garbiki, ahalgegarri da zertaratuak giren.

        Ez naiz mintzo meza bezperen entzuteaz, nahiz balitaken nun zer erran. Ez naiz mintzo ere, igande egunetan egiten diren sal-erospenez, libertimenduez; ez eta ere igandetan hor gaindi harat-hunat, herriz-herri, bidez-bide, batzu ihizin, bertzeak arraintzan, gehienak bere burua zoin bere lekhuetan ezin jasanez, iduri ez dakitela nola jan denbora; ez naiz mintzo ase eta pasea, alfer daudenez edo dabiltzanez. Banuke gaurko eta biharko lan, orotaz mintzatzekotz.

        Mintzo naiz bakarrik lanaz, igandetako lanaz. Bertze orduz Eskual Herrian, ez eta ere nehungo giristino herrietan nehork ez zuen lan dorpherik hunkituko, baitezpadako ezin-bertzean baizik. Horrelako behar orduetan langilek galdatzen zuten herriko artzainaren permisionea. Jainkoari esker oraino ere badira herri onak, usaia zuhur hori daukatenak. Bainan asko tokitan galdua da edo galtzen ari usaia hori. Horrela, nahi eta ez, jendea lazatzen da, igandearen lege sainduari buruz. Batek lan poxi bat, bertzeak puska bat egin; erdietan behar handirik gabe; emeki emeki jendea sorhaiotzen da; zer ere ikhusten baitugu bertzeer egiten, hari jartzen gare. Den gutieneko estakurua aski dugu igande bethean lanean artzeko. Estakururik ez duenak, bilhatuko du... ba eta errexki hatzemanen. «Hau egin behar, hura egin gabe ezin utz; alabainan bizi nahi; eta futxo, igandetan lan hau edo hura egin gabe, ezin bizi». Ehun mila zinkhurina. Bardin bardina mintzo dira hor gaindi igande egun edo goiz guzia, burdin bide horietan eta bertze asko lanetan igande goiz guzia ari direnak.

        Bainan nunbeitikako langile dohakabe hek bederen paganoak dira; edo, giristino bezala bateiatuak badira ere, pagano bilhakatuak dira. Gu, Eskual Herrian, ez gira oraino pagano bilhakatuak; ez nahi ere! —Ongi, ederki. Bainan ez dezagun sobera espantu egin. Ni beldur naiz, paganoak ikhusiaren bortxaz, eta heiekin bizitzearen bortxaz, ez othe giren, ohartu gabe, paganoak bezelakatzen ari. Beldur naiz ez othe giren zonbeit lekhutan jadanik hortaratuak.

        Nork erranen zuen denbora batez, ikhusiko gintuela Eskual Herrian, herriko langileak, igande egunaren legea kolpatzen, goiz osoak lanean, aitzur-lanean?

        Nik badazkit Eskual Herrian horrelako eskualdunak, horrelako giristinoak. Nahi duena eskandalisa bedi: ez nauke begien aintzinean dudana erran gabe. Ez dut izendatzen herria, ez nahiz herri hartako erretora eta hango giristino egiazkoak ahalge-arazi. Neroni ahalgetzen naiz, erran behar izaiteaz baditezkela eta badirela eskualdun giristinoak beren buruen nausi ez direnak, eta igande eguna lanean deramatenak, erranez asteko lana gal lezaketela bertzela eginez. «Bizi nahi...» —Orai arte nola bizi izan dira? Bainan debalde duzu deusen erratea. Hortan gira!...

 

Eskualduna, 1892-01-08

 

aurrekoa hurrengoa