www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Eskualdun biltzarrea

 

        Hendaian ginen beraz iragan astelehenian; harat bilduak ziren elgarretarat lehen aldikotz, Eskual Herri guzitik hogoi ta hamar bat eskualdun.

        Bethi begitarte on egin diotegu, ba eta eginen, Eskual-Herriaren eta gure eskuara, mintzai zahar eta ederraren onetan zerbeiten egiterat ekharriak diren guziei.

        Daukagu arren, hor buruil hunen hamaseian, eskuarari buruz, elgarretaraturik lanari lothu diren gizonek, hoiek eta oraino agian, elgar ongi adituz hoitaratuko direnek, on handia egin dezoketela, ez berehala, bainan denborarekin, eskualdun mintzaiari. Behin has zerbeitetarik; zerbeit hari buruz orok ahalaz bat egin, eta jo aintzina; loth bertze lan bati.

        Lehen lana, lehenik hasi dena, eta nere arabera, bururatu arte lanak emanen dituen lana da: ortografaren xuxentzea eta hein bat bederen bateratzea. Xuxentzea zer den ageri da: makhur dituzkegun hitz-adarren adarratzea; a, e, i, o, u, s, z, c, k, tz, ts, x, y, j, ch... eta holako zer guziak nahas-mahas; bata bertzearekin, edo bata bertzearen ordain aldizka, nolanahi; edo bata behar litaken aldi oroz, bertzea, ez litazke behar eman. Hoitarik noiz eta non, zoin da hobe? Batzuen arabera hau; bertzeen arabera, hura; bertze batzuen gogora berriz, oro bardin zer erran nahi du? —Zer erran nahi duen! Deus ez dakitenak edo deusez axolarik ez dutenak dire horrela mintzo. Zer erran nahi duen mintzai batean hala edo hula, ala nolanahi mintza ala izkriba (hemen izkribuaz da solas!). Ez da munduan mintzairik, aiphatzea doakokenik, non ez dituen, hitzen behar bezala xuxen izkribatzeko, bere legeak; eta eskuara litake bakharrik lege-gabea? Eskuara, munduko mintzai guzietan... ez dut erranen lehena, zaharrena, ez baitzaut espantua lakhet; bainan ororen jakinean zaharrenetarik bat, jakintsunek hunen erroak oraino ezin hatzeman dituztenaz geroz; hau bakharrik ortografarik gabea? Hots, posser la question... ce n'est pas la résoudre; pas tout-à-fait; bainan bethi la question s'impose nahi ala ez.

        Zertako has ordean ortografatik? Orizue egia: ez zaut gogoratu ere, buruzagiei horren galdatzea. Nik uste, hortarik hasi diren... zerbeitetarik hasteko. Haurrak ere hortarik hasten dire frantsesaren ala edozoin mintzai izkribuzkoen ikhasten. Eskualdun biltzarrea ere hortarik edo zerbeit holatsukotarik behar zen hasi, ez hastekotz asto-makhiletarik.

        Hek aspaldi ikhasi ginintuen, ez dea hala?

        Hitz makhurren xuxentzea bat duzu; ez guti halere, bereziki guk ditugun buruekin: nehori ez baitzaio bere hura baizik onik; eta gutartean hau edo hura uste edo nahi, hauturik bat ere ja egina ez dutenek ere ez baitautzute holakoetan onhartu nahi kasik deus. «Zertako hau? Zertako hura? Zertako ezar, hots, ortografa guzia goihen-barren, azpikoz-gora nahasirik?». —Ez da nahasteaz nehor mintzo; xuxentzeaz da solas. Nahasia orai da, bakhotxa bere burutik doalakotz; eta anhitz, buru-buztanik gabe.

        Bainan goazin urhats bat aintzinago gure solas-sailari jarraikiz. Diot makhurren xuxentzea bat dela. Bertze lan bat, errexagoa ez dena da: oroz batean guzien bateratzea; erran nahi dut xuberotar, laphurtar, bizkaitar, gipuzkoar eta guziak elgarretaraturik, orori har-araztea, ahal bezenbat ortografa bera, edo bersua. Batzuk nahi lukete osoki bera. Hum! ni beldur? Bainan heintto bat bateratzea ere ja zerbeit litake. Nork daki? Behar bada, aski buruz jokhatuz, deus ez nehor nahasi gabe, batera gitazke oro, hala non Santa-Garazitik Hazparneraino, handik eskuin-ezker Baigorri, Donapaleu, frantses Eskual Herri guzia hartuz, Donibane-Ziburun gaindi Hendaiara; Espainian barna Bilbaon, Iruñen eta bertzetan, eskualdun guziek hitz berez bardin izkriba ditzaten izen berak... ahalaz. Bakhotxak bere mintzai-moldea atxik, bainan orok ortografa bat. Ez da hitz hori eskuara; bainan bat ere denak badakike, zer duen erran nahi horrek.

        Bertzea baino are nekeago izanen da bigarren lan hau. Zuhurtzia handirekin eta neurriz, gauzak ongi haztatuz egin dadila, ez da ezin eginezkoa. Entseatzea badoako bethi. —Nork onhetsiko du ordean hori, zuhurki eginik ere? —Nahi duenak, eta nahi ez duenak ez. Hor elgarretaraturik hitz-hartuko direnek ortografa beraren edo bertsuaren hartzea ere, ja zerbeit izanen da. Nahi ez duena uztera haizu den bezala, bego nahi duena hortan sartzera haizu. Bakhotxa bere buruaren jabe. Sarthu-ta ere jali nahiko duenarentzat atheak bethi idekiak izanen dire. Behar ere ba. Ez egon nahi edo ezin egon, hor ikhus. Toki hutsen bethetzeko, sar ditezela bertze batzu. Beharrena da, bizi dadin eskualdun eskualzale biltzarre hori. Sorthu da. —Iraunen du? —Agian ba. —Zerbeit onik eginen du? —Zertako ez? Hasi lan hori behin, eta gero... Gero ikhus, bizi denak zer egin. Hauxet dakigu: biltzarre hortaz itsura bar bar bar mintzatuko diren guziek batean bezenbat lan eginen duela bizi bada eskuararentzat urthe laburrez berak.

 

Eskualduna, 1901-09-20

 

aurrekoa hurrengoa