www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Bi aldetarik

 

        Ez du aspaldi mintzatu garela hemen Eskual Herriaz eta Eskual Herriak arrotzen begietan bethidanik daukan aiphamen bereziaz.

        Iragan egun horietan atsegin handirekin aiphatu ditugu eskualdun zazpi herrialdetako semeek elgarretara bildurik egin dituzten besta ederrak.

        Ba, eder da eta gozo da ikhustea, nolako atxikimendua duten elgarrentzat bethi, Nafarreko, Alabako, Biskaiako, Gipuzkoako, Zuberoko, Garaziko eta Laphurdiko eskualdunek.

        Eskualdun guziek elgar anaiatzat ezagutzen dute bethi eta orotan, itsasoz ala mendiz elgarretarik urrun bereziak izanik ere.

        Deusek ez du behin ere batasun hori hautsi ahal izan, ez gizonek, ez eta mundu huntako gauza guziak azkenean higatzen dituen denborak.

        Nork daki zenbat mende eta mende iragan diren gure lehen arbaso eskualdun zirenen hiltzetik hunat? Nork daki? Eta bizkitartean bertze jendakia batzu haizeak harat-hunat erabili ondoan erhausten eta suntsitzen zituelarik, eskualdunek bethi atxiki dituzte beren sor-lurrean erroak azkar.

        Gure orhoitean berean, zenbat gora-behera, zenbat gerla eta bertze makhur ez dire gerthatu toki hautan edo hautarik hurbil, hemengo buruzagi zirenen artean? Gu bethi bihotzez elgarren haurride. Batzu menditar, bertzeak zelhaitar edo itsasoar; batzu frantses, bertzeak español, bainan oro bardin eta bethi eskualdun; oro elgarren herritar.

        Dugun atxik bethi batasun hori; eta hortakotz datxikagun orok sinheste bat eta mintzaia bat. Ah! baginaki ongi, zer eta zenbat zor diogun gure eskualduntasunari! Izen hori eta izaite hori galduz geroz, deus ez gintazke. Horri esker gare oraino zerbeit eta norbeit gu, Frantzian eta Espainian.

        Eskualduntasuna begiratzekotz behar dugu begiratu lehenik gure erlijionea oso eta azkar. Gero haren ondotik, edo hobeki erran dezadan, harekin batean begiratu behar dugu eta atxiki gogoz, bihotzez, solasez eta egitatez gure mintzaia zaharra, eskualdunen eskuara gozoa eta aberatsa.

        Behin baino gehiagotan jadanik erran dugu hauxet: bainan iduri zauku ez dezakegula erran arduregi, ez eta goregi. Oihu, oihu nahi ginuke egin, eta Frantziako eta Espainiako eskualdun guziei adi-arazi. Batzuek eta bertzek badukegu aditzearen beharra; atzar gaiten eta erna, nahi badugu eskuara, gure mintzaia begiratu; ez balin badugu nahi utzi osoki galtzerat.

        Bertze orduz hemen berean erran duguna, kaskointzen edo ez dakit zer bilhakatzen ari garen Eskual Herrian. Zinez egia da.

        Gu hemen Laphurdin eta bertzetan oro kaskoin, biarnes edo obernes, pitzun eta xanfarin... Espainian aldiz español eskualdunak osoki españoltzen.

        Badakit hemen zauri minbera bat ukitzen dudala; ez nintuzke nahi Espainiako gure eskualdun anaiak aphaldu nehoren begietan.

        Orok dakiguna da Espainiako eskualdunak gu bezen eta gu baino gehiago ere atxikiak direla beren eskualduntasunari. Hanbat ederki eta azkarki dauzkate beren zuzen guziak... Guziak erran dut, bainan aithortu behar da, guri bezala hekiei ere eskurik gehienak egungo buruzagiek khenduak dazkotela eta zuzenik gehienak ebatsiak.

        Halere ez dute beren buruez etsitzen; eta beren fueros ohien ondarrak beren ahal guziez begiratuz, goraki erakusten dute ez direla nahi izan orotaz buluziak, ez eta nehoren zangopean erabiliak.

        Zer ez dute egiten Espainiako eskualdunek, hango gizon argituek, ba eta orok ere, eskuara beren sor-mintzaia galtzerat ez uzteagatik? Zenbat eskuarazko liburu eta kazeta? Batzuek egin, eskuara garbiz, ahalik hobekiena; bertzeek heda eta irakur.

        Bizkitartean ezin ukhatua da, hemen bezala Espainian ere, eskuara mehatxatua dela. —Nola hori? —Erranen dugu egun hautarik batez. Luzegi liteke aldi huntan xehetasunetan sartzea.

        Bainan ageri da; ezin ukha ez gorde dezakegu, eskuara eta eskuararekin batean eskualduntasun guzia, ba Frantzian, ba Espainian ttipitzen ari direla.

        Bi aldetarik inguratua, gero ta gehiago hersturan daukate frantsesak eta españolak eskuara. Iduri du ithotzera daramatela bien artean. Ez othe dugu deus eginen, orok elgar lagunduz, Eskuarari Eskual Herrian begiratzeko ez bakharrik nolazpeiteko iraupen bat, bainan zuzenez doakon nausitasuna?

 

Eskualduna, 1894-09-28

 

aurrekoa hurrengoa