www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Hiru andere

 

        Behar dautzuet erran zer ikhusi dudan egun hautarik batez. Izan niz Xuberon, Eskualdun On hunen egiten laguntzaile ditugun adixkidetarik zenbeit behar nintuela ikhusi. Eta nahi baduzue jakin egia, ez niz batere urrikitua, joan-jin hori eginik. —Nolaz othe? —Hori... gutartean bego.

        Gibeleratekoan, Mauletik Baionarat gindoazilarik burdin bidez, trein guzia jendez mukhurru bethea zen. Behinik behin, gure bagonean baginen koka ahala. Halere horra non, Autevielen edo han nonbeit, igaiten zauzkun, haizea bezen arin eta zalhu, eta harro, su hiltzetik heldu balire bezala berotuak, eta gora, bainan gora mintzo eta hiruak betan... hiru andere gazte; saltsa bezala aphainduak, xapeletan, esku-larrurik gabe bizkitartean. Egia da, ez zutela esku-larru beharrik; poxolu zituzketela.

        Sarthu orduko, beren puskak harat hunat aurdikirik «barkhatu jende onak» ez eta «egun on», ez holakorik deus erran gabe, jartzen dire, bat hemen, bertze biak han, hari buruz-buru. Ber-berak izan balire baino gehiago ez zirela kexu ageri zuten, bertzeen poxolatzeaz. Nahiago, izaitekotz ere, oro makhur-arazi, beren buruen erakusteko, eta ahal bazuten, norbeitekin mokoka partida baten egiteko.

        Zer begiak, eta zer mihiak! Berrogoi lagun dauzkalako bagon barne hura guzia ez zen aski heientzat. Hihi-haha, irri eta kalaka. Sei soldadok, ostatuko mahainean papoa beroturik etxerat joaki, ez zautzuten haro gehiago eginen, gure hiru anderek baino. Deus erraitekorik ez, eta elhea ez athertzen; barazuza bezala zariotela hiruei. Aroaz, iguzkiaz, erhautsaz, hatsik ezin hartuaz, egarriaz, goseaz... nik dakita zer eta zertaz? Bazerasaten Akelarre guziak bezenbat, berek.

        Gu bertzeak oro ixilik, elgarri so, irria ezin atxikiz; artetan hitz bat edo bertze ahal ginuen bezala erranez; bainan deus ezin adi.

        Gutarik batek baitzuen berekin indicateur treinen orenak oro dauzkan liburuttoa, galdatu zion hiru anderetarik iduriz zaharrenak: «erakuts othoi». Behako bat emanik, bihurtu zion, ziolarik: «milesker».

        Ez da erraiteko baizik, ez bide zutela deus gaixtorik. Paria nezakezu, ez zirela ohartzen ere, nola ginauden gu estonatuak.

        Elhe eta elhe, hasten dire hiruak zokolet jaten. Bat buru huntarik, bertzea hartarik loth eskuz; krisk-krask, puska hauts, eta ahorat. Ogirik gabe, hutsik bazeramaten ithoka.

        «To! ametsetako lukhainka, dio gazteenak frantsesez, bertze bieri kheinu egiten diotelarik; behazue hantxeko hari».

        Bagonaren bertze buruan zen jaun adineko bat, frango ontsa emana, kara onekoa; aise mintzo, eta itxuraz berak ere jakin, bazakiela mintzatzen; hots, norbeit bazela. Lege zaharreko jaun errient ohoragarri baten eite zuen. Urrunera solasean hasten dire: «agur, jauna. —Bai zueri ere, andereak. Nola zarete? —Eta zu, jauna? Zato gurekin bazkaiterat. Aire hartzerat goazi egun guzikotz. Saliesen jausten gira. Zato. —Milesker, ez nitake jin. Urrunago noa. —Zato bederen hunat, gurekin solas egiterat».

        Jauna irriz: nola zoaken bagonaren buru batetik bertzera, airean ez joaitekotz?

        Gure andereñoak ez baitziren jaun hura bezen lotsa, ez herabe, airean ibiltzeari, elgarrekin kozurta egiten dute: «joan baginte gu? —Ez. —Ba».

        «Un, deux, trois»... bat bertzearen ondotik badoazi, eta zalhu, hemendik hara. Alkien bizkar-gibelak bagonetan goraxko dire; gaineko estalgia berriz aphalxko. Jauzi egiteko behar da zangoa altxatu eta burua beheititu, anderen... zerari doakon baino gehixago. Jo aintzina. Briu-brau, zaldirat igaiterat baloazi bezala, zango bat altxa, bertzea altxa, ixtaklok jartzen dire bizkar-gibeleko taula haren gainean. Igan bezala jauts. Bati gaina jorik, bere lastozko xapel handia lehertzen zaio; bertzeari zango bat zaietan lothurik dilindan gelditzen; lagunek libratu ez balute, han beharko zuen gelditu... zaldiz.

        Hara non diren beren ezagun jaunarekin jarriak, solasean, iduri behingotz.

        Oren erdi bat gabe jautsi ziren, igan bezala, jauna han utzirik, buruko minik balin bazuen, khendurik; eta ez balin bazuen, emanik.

        Har dezagun hatsa.

        «Zer dire hoik? —Hauk dire marimuthikoak! —Nork egundaino ikhusi du holakorik? Urrikari ditut hoien burhasoak. —Ba eta nik gizongeiak».

        Orok baginuen zerbeit erraiteko. Ene aldeko lagunak egiten daut: «ez dakizu zer diren? Errientsak dire. —Zaude ixilik. Ez dut sinhesten. —Sinhesten ahal duzu, hala baitire. Eta ez baloharrak. Adin hortako andere errientsak oro kasik orai hola dire. Iduri dute ez dakit zer. Alabainan neska gazte, buru arin, ahul dohakabeak elhe ederrez hanturik dauzkate buruzagiek. Hau dela, hura dela. Oro jakin, zernahi irabaziko. Ohore handiak izanen, ezkontza aberatsak eginen; eta holako.

        Heiek oro sinhets. Erdiek ja erlisione izpirik ez. Dutenek ere, gorde behar, ongi ikhusiak nahi badire. Dena den, gordeka bederen, poxi bat dutenak oraino zerbeit dire. Bainan bertzeak! Hogoi urthetan, atsegin gose errabiatuak; urguluz... nehon ez dauzkela, diotelarik erreboluzione ohiko egunetan bertze zoro batzuek ziotena: «C'est nous qui sont les princesses, à présent».

        «Nigaringarri da garbiki, nolako buruzagien eskuetarat erortzera doazin eta ja eroriak diren, Frantziako haur girixtino gaixoa!».

        Irriak sar-arazi zauzkidala hitz dautzuet, ene aldeko lagunaren atheraldiak.

        Eta futxo egia zuen. Deus ez da gogoetagarriagorik, non ez den, hori gure begiz ikhusten dugularik, gure ezazolkeria; deus ez balitz baino gehiago ez baikire hartuak izigarrikeria huntaz.

 

Eskualdun Ona, 1904-08-26

 

aurrekoa hurrengoa