www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Adéma apheza

 

        Eskualdun bat hil da. Balin bazen eta izan bada egundaino egiazko eskualdunik, hura zen.

        Eztut erran nahi eskualdunaren ongaitz guziak oro bazituela; bainan haren gogoa, bihotza, lana, hots, haren izaite guzia, solas eta urhats, Eskual Herriari, eskualduntasunari zatxikizkola, ba.

        Eskuararen eta eskualdunen aiphamena, zoin eder, zoin handi, zoin zahar, leihorrez leihor, menderen mende, hel ahala urrun oro zauzkala, loria zen haren aditzea.

        Etzitzakioken bethi jarraik, ez baitzuen gizagaixoak hasiz geroz bararik.

        Bainan hain zen solas egile maithagarria, haur ona: bere zaharrean ere haur bat bere aita amez espantuka bezala mintzo bethi Eskual Herriaz, eskuaraz, eskualdunez, non onerat baizik ez baitzitazken har haren atheraldiak.

        Koplaria zen, lehenetarik; bainan egun zortzi mintzatuko gira hemen Adéma zenaren kopla ederrez.

        Egun bakharrik eskualdunaz gira mintzo, eta aphezaz.

        Apheztasuna eta eskualduntasuna, biak elgarrekin, zerbeit badira. Hitz dautzuet bazazkola zerbeit Adéma zenari.

        Eliza gizona zen: predikaria, kantaria; gostu handia zuena elizaren aphaintzen; ba eta hortako jakitatea ere. Egon den herrietan bada harek eginikako asko lan; bera langile.

        Bikari egon zen sei urthe Hasparnen; erretor Bidarrain hamar urthe: gero Atharratzen hemezortzi. Azkenik Baionan kalonje. Han hil da eta Senperen ehortzi, elizako ohoreak Baionako katredalean izanik.

        Ehorzte horrek orhoit-arazten gitu Hasparnen bikari zelarik 1858an izan baitzen izigarriko eritasun bat, sukhar ustela, etxe bakharretik hiru, lau jendetaraino ereman zituena (ez kolera denboran; hura lau urthez lehenago zen); orhoitzen gira entzunik batzuen eta bertzen ahotik, eriz eri zabilalarik, kuraia handia erakutsi zuela.

        Omen zion: sekulan egitekotz, orduan zitakela behar pilota partida eder bat egin, jenden gogoaren arintzeko. Hura behar zen izan, uraren gainean pilotariei beha egonen zena, uste izaiteko Kaskoina deithu pilotari handiaren eta haren lagunen pilotan ari ikusteak haizatuko zuela gaitza.

        Omen zion eritasunak baino jende gehiago zeremala beldurrak, izialdurak, edo bederen askori eritasuna izialdurak loth-arazten ziotela.

        Hain xuxen, bertze anhitz bezala, orduan zen hil, sukharra bildurik, Kaskoin pilotari famatu hura.

        Nolazpeit bethi pilota partida handi bat segurik egin zen. Ezen hiltzerako bezperan, Kaskoinak ohera ekhar-arazten omen zituen, berak galdaturik, partidaren berriak, ponduz pondu, ari zirelarik pilotariak plazan.

        Ordu berean sukhar usteletik hil zen Hazparne Hazketan neskato gazte bat; izialdurarekin oro ihes; hilketariek ere ez nahi kutxan sarthu hila. Adéma apheza hilaren bilha han.

        Ikusiz auzoen beldur-ikhara, bi hitz erran zazkoten, ez behin ahanztekoak; hartu berak hila besoetan eta sarthu kutxan.

        Orhoitzapen lazgarri hortaz bertzerik izanen dugu aiphatzeko, eskualdun aphezaren ondotik mintzatuko girelarik egun zortzi koplariaz.

 

Eskualdun Ona, 1907-12-20

 

aurrekoa hurrengoa