www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gontzetarik jalgiaraziak
Jean Hiriart Urruti
1891-1914, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gontzetarik jalgiaraziak, Jean Hiriart Urruti (Iņaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

aurrekoa hurrengoa

Burdin-bidetako langileak

 

        Gutitarik egin du, azken bi aste hautan, ez baita Frantzia guzia xahutu, odol kolpe batez bezala; eta oraino ere gaitzaren garhaitzera doalako espantu guti egin ditake.

        Gizonaren bizia zainek eta zainen barnez barne dabilan odolak balin badaukate, halaber egungo egunean bizipide, lanbide, janhari, edari, negozio, erresumaren goiti-beheitia, hots, bizia, hor da, burdin-bide hoitan. Hoiek derabilate jendea, gau eta egun, harat hunat, eta zer jende keta izigarria!

        Orga, karrosa, beribil eta botiga, bertze guziak oro deus guti dire, banazka ala oro elgarrekin, burdin-biden aldean.

        Horra non gelditzer diren, oro batean, burdin-bidez dabiltzan guziak, hoitako langilek lanari uko eginik, orok elgar hitzharturik, beren ustez.

        Bihotza eta zainak lokartzearekin, oro lo. Bizpahiru egun bereziki hor iragan dire, beldurtzeko baitzen, etzadin gehiago trein bat higi nehorat, ez aitzinerat, ez gibelerat; oro zank, hanxe lokarturik, erran dena, geldi ziten.

        Lo egon balire oraino! Lana ba lo; langilen besoak, hortzak eta hertzeak zortzi egun gabe loaz bertzerik nahiz ernatuko zirela, ezta dudarik. Orok betan lana uztearekin laster ikusiko ginituen oro kurrinkaz abiatzen, jateko bilha. Den lekuan loth.

        Gose denak ahal duena eginen baitu, bizi nahiz.

        Tripa hutsik duen gizona bat bederazka ere zernahiri jazartzeko aiher balin bada, zenbatez gehiago, ehunka, milaka direnean gose eta egarri, eta alfer... elgar sustatzen dutela gerlaren pizterat, nonbeitik hatzemaiteko ahoratekoa.

        Beharrik da hor beldurtzeko zena ez gerthatu. Debruak zeramatzan bertzenaz gobernamenduak eta oro. Eta zalhuxko lurperat sarthuko ziren zenbeiten furfuriak; iduri zernahi badirela, haizeari erhautsak baino gehiago ez baitzuten iharduk ahalko «nor gira gu» larruak atxik ahala urguluz hanturik dabiltzan batzu.

        Gutitarik egin du, ez baita uste gabetarik bezala bet-betan lehertu handitxua, hedaturik behin, egun batetik bertzera, gorputz guzia hartzerainokoan.

        Elgar ez dute oraiko huntan oraino aski ongi aditu burdin-bidetako langilek. Batzu lanari uko egitera zauden, bertzeak ez, tenorea etzitzeielakotz iduri ethorria zela; geroxago utziz lana orok batean, lehenik ontsa elgar hitzharturik, hobe zutela.

        Zer da gerthatu? Buru beroenak berehala eman dire *** buru hotzak jarraiki aitzina lanari; bitartekoak —orotan bezala, hor ere baitire azkarrena zoin izanen den beha daudenak, ikusteko, norat eror— bitartekoak dilindan bezala egon dire; lana utzi nahi, ez nahi; ez jakin zer egin...

        Ohartu direnean, partida galtzera zeramatela langilek, dudako guziak egon dire higitu gabe beren lan hartarik.

        Utzia zutenetarik ere anhitz berriz itzuli dire, buruak aphalik; zer egin zezaketen bertzerik?

        Thematu direnak han daude, lanik gabe, geroaren menturan; egun guziez nekezago ardiets ahalko lana. Batzu ja errebokatuak; Baionan berean hogoi bat hurbil baitziren, bortzez bertzeak hartu dituzte berriz. Orotara Frantzia guzian, nork daki zonbat den geldituko errebokaturik?

        Lana galduz geroz langilea urrikaltzeko da; orhoitu othe dire hortaz, langile dohakaben sustatzaileak?

        Berek berentzat deus galtzekorik ez duten bazter nahastalek orai zer egin dezakete, zer axola ere othe dute, ogia gal-arazi dioten langilentzat zerbeiten egiteaz?

        Ez dire bakarrik egun hautako buru berotzaleak hobendun. Hauk bezen edo gehiago dauzkagu eta dire kriminel, oraiko ministroak berak eta heiekilakoak.

        Elhe ederrez hanturik ezarri dute jende xehea, ogi baino gasna gehiago hitzemanez bethi. Eta gero? Dakizuena.

        Baheaz uraren hatzemaitea baizik ez balute oraino egin... Bainan herra, nausi eta langilen arteko hisia gaixto, elgar ezin ikusizko janhiza guziak hazi dituzte. Bakean bizi zirenen artean gerla gorria piztu dute berek.

        Zenbat deputatu ezta dirudunen eta langilen arteko gerla berek sustatu dutelakotz baitire jaun handi?

        Ez du bi urthe, Barthou ministroak deputatuen bilkuran goraki ziola: «nahi nuke jakin, ea nork erranen dautan, burdin-bidetako langilek ez dutela dretxorik en grève jartzeko iduri zeien guziez».

        Horra non diren jarri, Barthou ministroak uste baino lehen. Goizegi araiz; ezen ministro hura bera kontra dute orai; gaizki dabiltzala.

        Orobat eta gorakiago ere grève eta holako hoien alde izana bertze orduz, ministroen buruzagia, Briand; laneko tresnen makurtzea, nausieri hilka jazartzea eta oro onhartzen zituena, onhartzen eta kontseilatzen, sustatzen oihuka... orai? —Orai zoazte, galda zozue zer dion. Hil lezakete langilek: zertako trahitzen dituen.

        Gerla berek erain eta bakea nahi lukete altxatu. Ez ditake. Eraiten duzun hura da sortzen, eta sorthuko, mundua mundu deno.

        Burdin-bidetako langileak zuzenean zirena, ala ez, irabazi gehiagoren galdatzeko? Bertzerik da hau. Gutienik irabazten dutenek poxi bat gehiago behar luketela, segur; bainan orok araberan baitute ordean galdatzen emendatzea. Hiru liberaz petikakoek eta orok, gutienetik, bortz libera. Gero handik goiti orori gehiago. Kolpez ahamen handiegia nahi duena geldituko da ahoa idek eta zabal-zabala, hutsik.

        Bainan bethi huntara goazin: langilea da hemen asko aldiz gutienik hutsean. Badituzkete, ba, nausiek ere hobenak. Bainan batzuen ala bertzenak baino handiago da eta itsusiago, nausi-langilen artean gerla piztuz, haziz gerla, hartarik bizi diren alfer batzuen tzarkeria.

 

Eskualduna, 1910-10-21

 

aurrekoa hurrengoa