Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Gauerdiko espresoa

 

1999-08-20

 

      Izen berri bat gehitu zitzaien lehengo egunean astero senideek herriko presoen argazkiekin ateratzen dituzten kartelei. Hasiera batean, denek harriturik begiratu zioten pankarta berria zeramanari, eta une batez inork ez zuen deus esan, ezagutzen ez zuten presoaren aurpegia gogoratzen saiatzen ariko bailiran, argazkia ez zen aski nonbait. Gehienak deseroso zeudela zirudien; kartela zeramana ikusia zuten herrian, baina ez zen behin ere haien inguruan mugitu. Azkenean, batek bota zuen: “Hori ez da sekula preso politikoa izan, droga eramateagatik atxilotu zuten nonbaiten, eta ez du eskubiderik gure anaia-arreben eta seme-alaben artean egoteko, haiek ideia baten alde borrokatu dute, aberri baten alde, eta zure lagunak dirua egin nahi zuen gazteak pozoinduz. Zoaz pikutara eta ez itzuli”. Pankartadun berria ez zen ikaratu eta are tinkoago eutsi zion urrutiko herrialde batean atxilotutako lagunaren argazki txarrari. “Nire lagunak ere ideia baten alde borrokatu zuen, edo, nahiago baldin baduzue, bestelako bizimodu baten alde, eta ez zuen inor pozoindu nahi, haxix piska batekin harrapatu zuten eta hogeita hamar urteko zigorra bota zioten dirurik ez zuelako. Orain, urrutien dagoen herriko presoa da, eta, norbaitek zioen bezala, preso guztiak politikoak dira, beren burua lapurtzera behartuta ikusten dutenak, prostituitzen direnak, droga toki batetik bestera daramatenak edo iruzur txikitan dabiltzanak, denek eskuratu nahi dute gizarteak, botereak edo suerteak eman ez diena, eta hauek ere zigorra jaioterrian betetzeko eskubidea behintzat izan beharko lukete”. Gauean manifestari berriarekin topatu nintzen taberna batean eta istorioa kontatu zidan. “Denak isilik geratu dira, eta deus gertatu ez balitz bezala, han segitu dugu denok pankartekin. Nik Midnight Express berriro ikusia nuen telebistan, eta bururatu zitzaidan Manu ere herriko preso bat zela, gogoratu nintzen, elkar gehiegi ezagutzen ez bagenuen ere, gau batzuetan literaturaz hitz egiten genuela taberna batean topatuz gero; beharbada ez duzu jakinen, baina sari batzuk irabazi ditu eta liburu bat argitaratzear omen zuen. Bakarrik ibiltzen zen beti, eta hori arraroa da herri honetan. Bapatean desagertu zen eta egun batean Asia aldean txokolate piska batekin harrapatu zutela irakurri nuen. Zerbait egitea erabaki nuen, ezin nituen burutik kendu gauerdiko espresoaren zain dauden senide eta lagun guztiak”. Tragoa hartu genuen eta nik kartzeletan eta sekula iristen ez diren tren fantasmetan pentsatu nuen. Hurrengo astean pankarta gehiago zeuden manifestazioan, goian presoaren izena idatzita eta, behean, Bangkokeko espetxeren batean, Indian atxilotua, Malaysian preso, eta antzeko testuak. Manifestarien isiltasuna urrutian pasa zen tren batek urratu zuen, baina bagenekien barnean ez zetorrela inor eta ez zela herrian geldituko. Gauerdirako ordu batzuk falta ziren eta geltokia hutsik zegoen.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak