Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Pistola mesanotxean

 

1995-10-06

 

      Barry Gifford estatubatuarrak dioenez, denok bizi gara amildegiaren ertzean, baina gehienek ez dute beherantz begiratu nahi eta segurtasun sentsazio faltsu batez ibiltzen dira munduan barrena autoa errepidetik atera arte, emazteak uzten duen arte edo hiltzailea supermerkatuan sartzen den arte. Jakin gabe pistola bat hartzen dugu egunero mesanotxetik jaikitzen garenean eta kalera ateratzen gara kargadorean bala bat besterik ez dagoela pentsatuz, baina badaezpada ere ez dugu begiratzen. Hartzen dugun erabaki bakoitza bala bat izan daiteke, gure bizimodua erabat alda dezake. Askok erre dute gauean azken zigarroa biharamunean tabakorik ez zutela beharko jakin gabe. Bankura nahi genuena baino hamar minutu beranduago joateak salba gaitzake eta norbaiti amorraturik gaudenean esaldi okerra esateak depresiorik sakonenera eraman ahal gaitu. Eroetxeak kargadorean bala bat besterik ez zegoela uste zuten lagunez beterik daude eta kanposantuetan zahartzarorako pentsioak eta aseguruak eginak zituzten hamaika gazteren izenak irakur daitezke. Agian ez genuke egun osoa beherantz begiratzen pasa behar, jakina baita amildegien erakarpena izugarria dela batzuentzat, baina ez legoke gaizki egin behar dugun bidearen benetako zabalera neurtzea eta ez ibiltzea autobiak bukaerarik izango ez balu bezala. Itxura lasaiko aita bortxatzaile bat izan daiteke, eta horrela gogorarazten digute teleberrietan, ondoko pisuan gorpu bat baino gehiago egon daiteke izkutaturik, eta patuak mozkorti batek gidaturiko kotxea jar dezake gure bidean kalea gurutzatzen ari garela. Eta zeinek esaten digu guk, hiritar zintzook eta pakezaleok, ez dugula eztabaida baten erdian gure andregaia laban batez hilko? Nola jakin oporretako amodioek ez gaituztela birus baten bidez infernura betirako bidaliko? Gifford-en pertsonaiek hiltzen dute, kasualitatez beharbada, amildegia bertan dute, baina noizean behin begiratzen dute eta lasterka ateratzen dira noraezean; guk, berriz, urrutiegi dagoen etorkizun bati begiratzen diogu amildegia ikusi nahi ez dugulako. Beharbada hori da diferentzia bakarra, baina ez gara ohartzen, eta egunero, gosaldu ondoren, pistolarekin hasten gara jokatzen zenbat bala dituen jakin gabe.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak