Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Udazkeneko ilunabarrak

 

1994-11-18

 

      Udazkeneko ilunabarretan, zerua argi dagoenean, eguzkiaren azken izpiak erabat desagertu baino lehentxeago, gauza guztiak giro irreal batek inguraturik agertzen dira Rohmer-en pelikulako izpi berdea bezain laburra den momentu batez, eta orduan galduta sentitzen zara zure betiko hirian, zorioneko metropoli foral honetan. Hotel baten neonezko hizki erraldoiak ikusten dituzu urrutian eta Dusseldorf, Paris, Filadelfia, Oslo, Belfast eta beste leku askotan egon zaitezkeela pentsatzen duzu argi magikoak toki guztiak berdinduko bailituen. Hodei gorriskak tarteka pasatzen dira zure gainetik, baina urdina da nagusi, oso margolari gutxik kopiatu ahal izan duten urdin mota bat. Horrelako arratsetan ez duzu deus entzuten, kotxeak zure ondotik pasatzen dira beti bezala, baina motoreak mutu daude, edo hala iruditzen zaizu zuri behinik behin, faroen argiak —gidari batzuk ez dituzte oraindik piztu, gehienak konturatu ez direlako eta agian baten batek halogenoek momentuaren edertasuna ezabatu dezaketela uste duelako—. Ez duzu inor ezagutzen. Esango bazenu jendea dantzatuz bezala dabilela irakurleak parre egingo luke eta porroren bat erre duzula aurpegiratuko lizuke. Beharbada ez da dantza bat, baina denak goizeko bederatzietan baino lasaiago dabiltza. Amets bat bihurtzen da hiria udazkeneko ilunabar batzutan, lirikotasunerako minutu egokiak izaten dira hauek, eta hamabost pisutako eraikuntzez beteriko etorbideak erreserba natural bihurtzen dira zure begien aurrean ilundu arte. Ilundu ondoren ohartzen zara denak oihukatzen hasi direla, kalean topatu duzun auzokoak —atariko komunitateko presidentea joan den hilabetetik— atzeratutako ordainketak oroitarazi dizkizu modu txarrean eta arestian leku paradisiako bat zirudien etorbidea klaxonek eta mota guztietako zaratek bonbardatzen duten infernu bat bihurtzen da. Zure betiko hirian zaude, dudarik ez dago, eta berriro ere Kavafisen poema datorkizu gogora. Enkantamendua luzatu nahi baduzu erremedio bakarra walkmana ateratzea eta Joe Jackson-en “Nigth Music” entzutea da.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak