|
Metropoli Forala
MF-22
1993-08-06
Hiria fantasmez bete zaigu, arimak noraezean dabiltza eta bozgorailuetatik depresioaren etorrera iragartzen dute behin eta berriro. Hilezkorrak izan arren, espektro batzuk azken pisuetara igotzen dira hondamendiaren berria ematen duten bezain laister beren burua botatzen duten lehenbizikoak izan nahi dutelako. Garai modernoetako pestea hemen dago, eta, Sanferminen festondoa kentzeko astirik izan gabe, jendea elizetara sartzen da Bundesbankari otoitz egitera. Elizaren barruan asko dira beren azpian dauden hilobietako bar lortu nahi luketenak, baina aspaldian bete ziren, beste krisi baten ondorioz. Espekuladoreek Europa izorratu nahi dutela diote komunikabideek, beharbada haiekin oheratu nahi izan ez zuelako edo oheratu zenean birjinitatea aspaldian galduta zuela ohartu zirelako. Luxozko jatetxeetako ateetan zai daude sukaldariak eta beren aurpegi zurbiletan momentu latzetan aurkitzen garela irakur daiteke. Mundu berri baten aurrean geundela esan ziguten eta arrazoia zuten. Bestela nire kaleko izkinak saxofoia jotzen zuen neskato errubioa ez zatekeen bapatean desagertuko eta gure harakinak ez zukeen bere burua zintzilikatuko haragia jartzen zuen burdin horietako batetik. Lehenago jende irrifartsua ikusten omen zen kaleetan, kontatzen zuten zaharrenek, baina gaur egun galtza laranjak zeramatzatenak ere desagertu dira eta bere irlara erretiratu zen Robinsoni ez zaio periodikua erosteko iristen. Munduko pariek —non entzun ote dut hitz hori lehenago— Frankfurt, New York, Tokio eta Bilboko Boltsak atrakatu beharko lituzkeela idatzi dute, baina inork ez die irakurri eskale guztiak telebistaren aurrean baitaude “El precio justo” ikusten eta kalean dabiltzan bakarrak begirada galduta dute eta noizean behin musika funebre bat txistukatzen dute indarrik gabe, zeinek daki noren omenez, agian nire oroimenez. Auzo altuetako leihoren batetik arratoi itxura duen agure batek parre egiten du hutsik dauden kaleei begira, hiru segundo barru bihotzeko batek seko utziko duela susmatu gabe. Agian orduan denok espero dugun harmonikaren musika leuna entzunen da eta jendea kloaketatik ateratzen hasiko da. Hurrengo krisia arte zoriontsuak izango gara.
Metropoli Forala |