Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-18

 

1993-04-09

 

      Gero eta gutxiago ulertzen dut zergatik dieten batzuk horren beldur handia fikziozko pelikulei, telebistako serie dramatikoei edo aktoreren bat larrugorritan azaltzen den antzerki obrei. Moralistek eta ohitura onen defendatzaileek dokumentalez eta informatiboez kezkatu beharko lukete, eta nik umeak izanen banitu siestara bidaliko nituzke telediarioen orduan.

      Ez dut esanen pelikulek hunkitzen ez nautenik edo nire barneko pasio izkutuak berpizteko ahalmenik ez dutenik. Hala ere, egun hauetan ikusi dudan eszena gogorrenetakoak telebista estatalak ikusle gehien dauden momentuan eskeinitako batzuk ziren. Agure batek bere bakardadeari aurre egiteko kasete bat aurrean zuela hitz egiten zuen eta gero erreproduzitu egiten zuen monologoa elkarrizketa baten ilusioa sortzeko. Amona batzuk beren bizimodu trajikoak azaldu zituzten programa berean eta agian Abigailen pitukeriekin negar egiten duen jende berbera oihuka eskatzen ari zen afari erreportai aspergarria noiz bukatuko zen zai, ondoren futbola baitzetorren, jakina. Dena den, umeak ez omen daude horren deformaturik eta ez nintzake harrituko holako programa batzuk ikusiz gero bost urterekin alkoholikoak bihurtuko balira.

      Saio hauek beharrezkoak dira, jakina, baina errealitatea eta fikzioa nahasten diren momentu hauetan lehenengoak gero eta protagonismo gutxiago du, nahiz eta une luzidoenetan estali arren eguneroko bizitza gure aurrean izanen dugula ulertu. Kulebroia bukatzen denean telebista itzaltzen badugu ere, kajaren barruan gelditu diren Sarajevoko bonben oihartzuna somatuko dugu egongelan, eta egunen batean ohartuko gara Italiako Senadoko debateak ez direla situazio komedia bat. Bake hotzaren garaian gure herrietan seguru gaudela sinestarazi digute, eta kasualitatez hondamena iritsiko balitz, hozkailura hurbildu, zerbeza bat hartu eta leihotik begiratuko genuke produktu berri baten promozio kanpaina delakoan.

      Anaia eta bere emaztea afariren batera ateratzen direnean, lau eta bost urtetako umeak uzten dizkidate. Oheratu beharrean, musika entzuten dugu telediarioaren orduan. Gero pokerrean aritzen gara —hamar mila pezeta zor dizkiet dagoeneko— eta goizaldean “El silencio de los corderos” edo antzeko pelikulak ikusten ditugu. Anaiak dioenez, gauero etorri nahi dute nire etxera nahiz eta lo gutxi egin, ipui politak kontatzen omen dizkiet eta beren etxean beldurtu egiten dira informatiboen aurrean. Aingerutxoak.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak