Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-5

 

1992-04-03

 

      Duela hogei urte galtza motzetan ibiltzen nintzen Iruņeko kale hotzetan —amak horrela hankak indartuko zitzaizkidala esaten zidan nik praka luzeak zeramatzaten gizontxoenganako inbidia adierazten nuen bakoitzean— eta, jakina, apaizen kolejioan ez zuten Arturo Kanpionen izena behin ere aipatzen. Hala ere, ikasturte baten hasieran, erlijiozko klasean, apaiz batek ulertzen ez genituen hitz batzuk harbelean idatzi eta kopiarazi zizkigun: “Aita gurea zeruetan zerana” eta abar. Handik aurrera, apaiz zahar harekin klasea tokatzen zitzaigunean, pupitretik papera atera eta denok —zenbait urte beranduago kate bat eskuetan zeramatela Viva Cristo Rey oihukatuz kolpeak banatzen zituztenek ere, piko bat zainean sartuta izkina batean betiko gelditu direnek ere— hitz ezezagun haiek irakurtzen genituen buruz ikasi arte. Gu baino zaharxeagoak zirenak batzarretan biltzen hasiak ziren kolejioko patioan eta frontoian k-z eta —gero jakin ahal izan genuenez— ortografia akatsez beteriko esaldi batzuk azaldu ziren. Beste apaiz batek —inguraturik geunden— mendizaletasuna sartu zigun eta goizeko bostetan altxatzen ginen, hiru pare galtzerdi, gorria, berdea eta zuria bata bestearengaineanjarrita, Moncayo, Pirineo eta Larrun aldera autobus zaharretan zorabiaturik abiatzeko.

      Adoleszentziako militantzia, harriak, farrak, bilerak eta beharbada garai hartako konpromezu serio bakarra, euskal kulturarena, euskararena. Nor-nori-nork subjuntiboan menperatu genuen, gezurra badirudi ere Lertxundiren kantak buruz ikasi genituen eta gure lehendabiziko lana lortu genuen Konpaņia kaleko pisu txiki batean. Geroago trasladoa, lehenbiziko porroak, kitarra elektrikoak, La Pollaren abestiak, metodo komunikatiboa, tentsio haundiko bilerak, lorik egin gabeko barnetegiak, eszisioak, sekrekzioak, euskal Talking Heads, komikilariak eta beste gauza asko etorriko ziren.

      Hogei urte pasa dira, soiltzen hasi gara, zahartu egin gara —hala ere honen gainean dagoen argazkiak ez dit justiziarik egiten—, bide desberdinak hartu ditugu eta neuronak itzaltzen hasi zaizkigu, baina azken hogei urte hauetako izen zerrenda bat egin beharko bagenu, Arturo Kanpion agertuko litzateke Iruņerriko euskaldun askoren oroimenean.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak