|
Metropoli Forala
Teoriak eta tragoak
1998-08-07
Alfredo Bryce Echenique idazleak azken urteetako liburu farregarrienetako batean alkoholik edaten ez dutenez ez genukeela fidatu behar idatzi zuen, eta berriki Peruko telebistan bera guztiz fidatzekoa dela erakutsi omen du saio batean erabat horditurik aurkeztuz. Bukowski eta beat-generationeko idazleak modaz pasatzera omen doazen momentu hauetan ez dago gaizki horrelako aldarrikapenak zabaltzea, besterik ez bada Inperiotik etengabe iristen zaizkigun inposaketa osasuntsuei aurre egiteko. Oso gizon depresiboa omen da Bryce Echenique, eta beharbada depresiorako joera hori da edatera bultzatzen duena. Dena dela, Brycek, edo nahi bada bere pertsonaiak, Martin Romaña izenekoak hain zuzen, arrazoia dutela frogatzeko aski da parrandetan mostoa baino eskatzen ez dutenen aurpegietara begiratzea, eta argi gera dadila hemen ez dela alkoholaren inolako apologia egiten ari. Bestalde, bakarrik mostoa edaten dutenei zailago izanen zaie beste nobela bateko pertsonaiari, Felipe Benítez Reyesen El novio del mundo liburuko Walter Ariasi, pasatzen zaiona gertatzea,hau da, Amsterdameko hotel batean oheratu eta biharamunean Melillako kale baten erdian esnatzea. Walter Ariasek ere baditu fidagarritasunari buruzko printzipio batzuk: bere ustez, ez genuke inolaz ere fidatu behar teoriarik ez duen jendeaz, eta berdin da teoriak sexuari buruzkoak edo beste edozein gairi buruzkoak izatea, teoriarik gabeko jendeak bapatean egiten omen baititu gauza guztiak, pentsatu gabe. Teoriak, bestalde, besteen teorien aurrean dugun defentsa bakarra dira, Ariasen ustez. Pentsa liteke, edozein modutan, Bryce eta Benítez Reyes-en pertsonaiak ez direla inoiz ados jarriko, askok sekula teoria on bat aurkitu ez dutelako edaten baitute —zenbat mozkorti ez ote ditugun topatu goizeko ordu txikietan tajuzko teoria bat osatzeko ahaleginetan—, eta teoriak dituztenek alkoholak neuronak eta haiekin batera teoriak ere suntsituko dizkien beldurrez mostoak baino edaten ez dituztelako. Izugarrizko dilema planteatzen zaigu, beraz: zer egin behar dugu bizitza honetan besteak gutaz fida daitezen, edan ala teoria bat izan? Batzuek teoriak izan dituzte inoiz, eta mozkorraldi baten ondoren teoria horiek ez dutela deustarako balio ohartu dira; beste batzuek, berriz, Izenik Gabeko Alkoholikoen bileretan ikasi dute zeinen garrantzitsua den teoria bat izatea. Azkenean inork ez daki zeinetaz fidatu behar duen. Niri Walter Ariasenak bezalako teoriak izatea gustatuko litzaidake, baina, teoriak aspaldian agortu zitzaizkidanez eta besteek niregan konfiantza izatea nahi dudanez, trago batzuk hartuko ditut ea suerte piska batez gauean metropoli foral honetan oheratu eta bihar goizean Bostgarren Etorbidean esnatzen naizen festondorik gabe.
Metropoli Forala |