Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Pelotazoa kopeta erdian

 

1995-12-08

 

      Pelotazoak kopetaren erdian jo zuen eta esnatu zenean basamortua ikusi zuen kartzelako leihotik. Beste edozeinek teilatuak, kaleak, jendea, kotxeak eta mugimendua ikusiko zituen hiriaren erdian kokaturiko presondegitik, baina bere aurrean sekula bukatzen ez zen desertu lehorra baino ez zegoen. Umeen amesgaiztoetan bezala, lagunen izenak oihukatu zituen. Gero, egoeraren erredikuluaz ohartu zenean, telefono zelularra bilatu zuen txaketaren poltsikoan. Ez zegoen deus, ordea, ez dirurik, ez urrezko Visarik, ez giltzik, ezer ere ez. Telefonoa izan balu ere, inork ez zukeen erantzungo, garai batean egindako mesedeak laster ahazten ditu jendeak eta inork ez du erori denarekin nahastu nahi. Ez zuen ulertzen zer gertatzen ari zitzaion, bera ez zen galtzaile bat, ez zuen zerikusirik kartzelako pasiloetan gurutzatu zitzaizkion gaizkileekin —batzuen aurpegietan irrifarrak antzeman zituen—. Bazekien kartzelaren bestaldean, berak ikusi ezin zuen tokian, ondasunez beteriko lorategi eder bat zegoela, boterea dutenen erabilera esklusiboko lorategia, eta pentsatu zuen ez zela behin ere itzuliko. Apaiza zenean askotan irakurri zituen paradisuaren galerari buruzko orrialdeak, baina bakarrik orain uler zitzakeen Adanen sentimenduak. Negar egin zuen, eta negarraldiaren erdian hainbestetan esana zuen Etika hitza etorri zitzaion burura, Boterearen Erotikotasunak suntsituriko Etika, eta momentu batez ez zuen jakin zer egin, negarrez jarraitu edo parrez hasi. Bere burua lasaitzen saiatu zen: ez zen zaila izango fiantza biltzea, seguro baten bat bulegoetan barrena zebilela aspaldiko adiskidetasunak eta parrandak gogoraraziz. Arazo bakarra azken boladan Erresuma Zaharrean hedaturiko amnesia izurritea zen, berak epailearen aurrean izan zuen amnesia berbera: ez naiz deustaz gogoratzen, ez dakit nondik atera den hori, ez dakit, ez naiz gogoratzen, ez dut horren berri, errepikatzen zuen denbora guztian mahaiaren gainean zeuden paperei begira. Ongi zekien kartzelako egonaldia ez zela luzea izango, bere kategoriako guztiak bezala laster aterako zen diru truke, bera ez baitzen galtzeko jaio diren gizajo horietako bat. Hala ere triste zegoen, aurrerantzean basamortua baino ez zuen izango begien aurrean, ezinezkoa zen boteredunen lorategira itzultzea. Mina sentitu zuen kopetan. Pelotazoa gogorra zen, oso gogorra.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak