Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Peter Panen sindromea

 

1996-03-15

 

      Politikari buruzko eztabaida bukatu ondoren, elkarrizketa pertsonalago baten beharra sentitu balute bezala, beren buruaz hitz egiten hasi dira mahaikide batzuk. Batek Peter Panen sindromea aipatu du eta momentu batez iruditu zait aurpegia gorritu egin zaiola, baina agian jatetxeko argiaren efektua besterik ez da. Ez omen du hazi nahi. Behin, duela urte asko, heldutasunaren atarira iritsi zen eta beste aldean zegoenaz ohartu zenean bere betiko mundura itzuli zen, muga zeharkatuz gero ilusio guztiak galduko zituelakoan. Jakina, lanean hasi behar izan zuen eta bere lagunak nola aldatzen ziren ikusi zuen, baina berak betiko gotorlekuan hertsirik segitu du, musikak eta liburuek osaturiko harresiak saltatu gabe. Hari entzutean Peter Panen belaunaldiaz hitz egin ote daitekeen pentsatu dut. Mahaiaren inguruan gauden guztiok antzeko esperientziak izan ditugu, kale berberetan hartu ditugu poteak urteetan zehar eta oraindik ere betiko tabernetan elkartzen gara, aurreko asteetako frakasoak ahaztuta, gauak lurralde ezezagun batera eramanen gaituelakoan. Hamasei urte genituenean entzuten genituen musiko berberen disko berriak erosten ditugu, lehenengo andregaiak utzi gintuenean deskubritu genuen poema hura irakurtzen segitzen dugu eta goizaldean betiko aitorpenak egiten dizkiogu elkarri. Batzuetan argazki zaharrak ateratzen ditugu kajoietatik eta barre egiten dugu ile luzeak eta galtza akanpanatuak ikustean. Hori al da urte hauetan aldatu den bakarra?, galdetzen diogu geure buruari. Argazkietan ez dira ageri garai hartako esperantzak eta proiektuak, baina Peter Pan soilduek ahaztu dituzte beren mundua suntsi ez dadin, betikoak direla sinesten jarraitzeko.

Lagunak Peter Panen sindromea duela esan duenean isilik geratu gara guztiok. Beharbada guretako inork ez du hazi nahi eta atseginez entzuten dugu betiko galdera: baina, hik noiz arraio jokatuko duk pertsona heldu batek bezala? Hala ere, zertxobait aldatu garela pentsatu dut, zinismoak bete du neurri handi batean garai bateko inozentziaren tokia eta orain badakigu Wendy puta bat izan daitekeela eta Peter Pan bera ere hiltzaile bat bilaka daitekeela edozein momentutan. Hau guztia bururatu zait, baina ez diot lagunari deus ere esan eta isilunearen ondoren politikaz hitz egiten segitu dugu.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak