|
Metropoli Forala
Belaunaldi baten kronika
1996-12-20
Goizaldean telebista piztu eta road movie bat jartzen ari dira, baina hau ez da estatubatuarra, italiarra baizik, eta nire adinekoen hamaikagarren kronika jenerazionala ikusi dut. Gu baino zaharragoak direnek urteak daramatzate beren esperientziak kontatzen, eta, orain arte bururatu ez bazait ere, goizaldean pentsatu dut jende gehiena hogeita hamabost urte betetzean hasten dela bere belaunaldiaren erretratoak egiten, muga ikustezin bat pasa eta memoria goiztiarrak idazten hasteko beharra sentitu izan balute bezala. Marokon barna egindako bidaia iniziatikoa, haxixa, aspaldiko adiskidetasunen hondarrak, sexuari buruzko gogoetak... Topiko ugari daude errepideko filme italiarrean, baina agian horrexegatik identifikatzen dut nire burua hainbat eszenatan eta zenbait pertsonaia ezagun egiten zaizkit. Belaunaldien kontuak topikoz beterik daude. Batzuek diotenez, gure aurrekoa irabazleena izan zen eta gaur egun boterean daude. Gainera, haiek izan omen ziren iraultza sexualaren berri izan zuten lehenengoak, hemendik kanpo ibili zirenak behintzat, Euskal Herrian iraultza sexuala oraindik egiteke baitago askoren iritziz. Gurea, berriz, gurasoen etxetik garaiz eta ezkondu gabe alde egin zuen azken belaunaldia da, edo hala dio behintzat lagun batek. Jakina, jenerazioen kontuan ezin da jeneralizatu. Nire adineko batzuek mariocondekumetzat jotzen zituzten haiek baino gazteagoak ziren guztiak. Gero extasiak eta gainerako pilulak iritsi ziren eta hutsik geratu ziren Ekonomia fakultateak, ikasleek diskotekak nahiago baitzituzten. Zertarako jaitsi Marokora etxe ondoko garitoan mota guztietako sentsazioak eta koloreak aurki badaitezke? Zertarako idatzi poesia elektronikak mundu birtual posible guztiak erakusten badizkigu? D.J. (diyei edo disc-jockey) batzuek rockaren jainkoen tokia hartu duten milurte bukaera honetan karroza batzuek belaunaldien arteko amildegi ikaragarriez eztabaidatzen dute goizaldeetan, aspaldiko bidaiak gogoratzen dituzte eta negar egiten dute aspalditik errepideko pelikula onik egiten ez delako. Leihotik beheko tabernako musika elektronikoa sartzen da, baina ez dute entzuten, ez dute entzun nahi. Haiek dira zuri-beltzeko istorioak maite izan dituen azken belaunaldia.
Metropoli Forala |