Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

“Titanic”-eko orkestra

 

1998-02-13

 

      Orkestrak azken momentura arte jo behar du. Hala egin omen zuten Titanic-eko musikariek eta horrek desberdin egin zuen beren heriotza, heroikoagoa, are epikoagoa; gainerako bidaiariek txalupa batean tokiren bat, irtenbideren bat, mirariren bat bilatzen zuten bitartean, haiek, biolina ferekatuz, artista batek eman dezakeen kontzerturik onena eskaintzen saiatu ziren, beren bizitzetako emanaldirik garrantzitsuena, nahiz eta ederki zekiten inork ez ziela adituko. Zoriontsuak izan al ziren musikari haiek une batez besterik izan ez bazen olatuek irentsi aurretik? Zerk bultzatu zituen azken momentura arte jotzera? Profesionalak ziren, jotzeko ordaintzen zieten eta profesional batek ez du eszenatokia nolanahi uzten. Beharbada betidanik kontatu digutena eta Cameronek bere filmean azaldu duena gezurra da eta lasterka hasi ziren lehenbizikoak musikariak izan ziren, baina ez dugu holakorik imajinatu ere egin nahi, leienda ederra baita, dena suntsitzen den bitartean salbaziorako aukera bakarra partitura batean aurkitzen duen artistaren irudia guztiz hunkigarria da.

      Fikzioz eta itxurakeriaz beterik omen dagoen herri edo dena delako hau ere hondoratzera doan itsasuntzi bat baino ez dela ematen du askotan eta bakar-bakarrik azken momentura arte eszenatokian geldituko den orkestra bat falta zaigu lasai ederrean desagertzeko, Hondamendiaren Orkestra Sinfonikoa. Alta, deskalabrua berehala gertatzen ez bada, gero eta zailagoa izanen da musika tresnaren bat jotzen dakiten heroiak aurkitzea. Eta “hemen datza herri bat izan zena” estiloko esaldiak izkribatuko dituzten kronistak ere ez dira aise topatuko, hemengo hizkuntzarik zaharrenean naturaltasunaz idazteko gauza direnak, behintzat, hizkuntzarena beste fikzio bat baita batzuentzat; badirudi ahaztu egin zaigula Beckettek eta Cioranek, beste askoren artean, beren amarena ez zen hizkuntza batean idatzi zutela. Gainera, biek asko zekiten mota guztietako naufragioez. Beharbada hori da gure arazoa, gauzak ahaztu egiten zaizkigula, Alzheimer gaitzak jota gaudela eta ez dugu gogoratzen nondik gatozen, zer garen, nora goazen eta gauean norekin gelditu garen afaltzeko. Hala ere, deusek ez gaitu kezkatzen. Zertarako nahi genituzke horrenbeste oroitzapen? Zertarako gero betetzen ez diren horrenbeste plan eta proiektu? Memoriarik eta borondaterik gabe errazagoa da dena. Azken ordua iristen zaigunean Titanic-eko bidaiariek baino lasaiago jokatuko dugu, honez gero ongi baitakigu orkestra on baten musikaz eta whisky trago batez askoz ere animatuagoak eta arinagoak izaten direla tragediak, pertsonalak nahiz kolektiboak.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak