Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Air bag

 

1994-04-15

 

      Kotxeetan jartzen hasi diren “air bag” horietako bat beharko genuke bizitzan ere eguneroko kolpe emozionaletatik eta istripu esistentzialetatik libratzeko, eta bestela gal diezaiotela Kurt Cobain Nirvana taldeko liderrari. Orain arte askok uste zuten dirua, ospea eta arrakasta trapezista hartzen duen sarea bezalakoak zirela, baina batzutan sarearen zuloak handiegiak izaten dira, edo ez dute gloriaren pisu astuna erresistitzen. Amildegian ez dago poltsa salbatzailerik eta gorputza-gorpua beherantza doa erremediorik gabe, ahanzturaruntz kasu gehienetan eta, paradoxa badirudi ere, hilezkortasunerantz beste batzutan. Dena dela, erori nahi den tokia aukeratu ondoren, saltoa oso ongi kalkulatu beharra dago, edozein modutan sorpresak aurki ditzakegula jakinik. Askok mitoen paradisura iritsiko zirelakoan eman zuten azken pausua eta bere izena ez dago inoren gogoan idatzirik; beste batzuk, berriz, ezerezean galdu nahi izan zuten eta haize bolada traidore batek historia liburu guztietara edo gizarte baten heroien zerrenda kapritxosora eraman zituen. Orain negarrez ari dira eternitatea nahi ez zuten leku batean pasa behar dutelako eta pentsatzen dute azken momentuan bizitzaren “air bag-a” akzionatu balitz beste aukera bat izango zuketela. Egia da poltsa mirakulutsua izanez gero Lou Reed-en bizitzaren alde basatia eta arriskutsuak bere xarma guztia galduko lukeela eta mitoak izan nahi ez zuten mitoen zerrenda txikiagoa izango litzateke, baina agian Neil Young gehiago izango genuke gure artean —hala ere ez dut uste Cobain hainbeste miresten omen zuen Neil Young izatera iritsiko zenik—. Alkimista modernoak lanean ari dira eta agian egun batean altzairuzko kasko batek inguratuko du automatikoki gure burua pistola disparatzean edo gibelak atzera botako du droga sobrantea. Baina telebista eta egunkarietako iragarkietan bizitzarako “air bag” seguroak —ahal bada kopilotoarentzat ere bai— ikusten ez ditugun bitartean hobe dugu babesa norbaiten besoetan bilatzea. Guztiz fidagarria ez bada ere, amildegiaren erakargarritasuna areagotzen duten sirena kantuetatik salba gaitzakete eta horrela inork ez gaitu molestatuko gure hilobietan argizariak, loreak edo botilak jarriz, hilik egon arren mitoa izatea oso lan astuna bilakatzen ari baita.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak