|
Metropoli Forala
MF-21
1993-07-02
Ogibidez kazetaria izan arren, beti izan naiz sekula elkarrizketa baterako zitarik eman nahi ez duen Van Morrison abeslariaren “fan” bat eta aitortu beharko nuke inbidia pixka bat ere badiodala. Eta Van Morrison bezalaxe, gustatzen zaiena inolako kontzesiorik gabe egiten duten guztiak. Beraiei ezezik egiten dutena neri ere gustatzen bazait, orduan txapela kendu beharra dago. Merkatuari ihes egitea ez da meritu gutxi gauza guztien gainetik errentabilitatea neurtzen den garai hauetan, salmentak eta balantze ekonomikoak helburu bakarra diren milenioaren bukaera honetan —zin egina nion nire buruari milenioaren bukaeraren topikoa ez nuela berriro errepikatuko, baina atera egin zait—. “Too long in exile” diska erosi berria dut, eta dagoeneko hamaika aldiz entzuna dut. Huajaloteen plastikoak itxoin beharko du —nahikoa entzunen da Sanferminetan, udako kanta napar mex huts hutsa izanen baita—. Metropoli foral maite-gorrotatu honetan askotan egiten diogu uko merkatuari, baina ez beti gustatzen zaizkigun gauzengatik. Herri atipiko batean bizitzearen desero(so)tasunak edo ordaindu beharreko peajeak nonbait. Gure komunikabideetarako edo zuzentzen dituztenentzat izugarrizko garrantzia omen duten zenbait gertaera kubritu behar ditugu, gaurkotasunak dakarzkigun hamaika txorakeriez informatu beharra daukagu eta prentsaurretara joaten gara irakurtzen ari garen liburuaren kapitulu batez edo gure nobiaren azken orrazkeraz pentsatzen ari garen bitartean. Eta beti egoten da gustatzen zaizuna egiten ari zarela eta gainera horregatik kobratzen duzula esaten dizun graziosoren bat. Gora lanbide liberalak! Sanferminak atean ditugu eta betiko topikoak jarriko ditugu berriro ere paperetan —milenioaren bukaerarena txorakeria bat da sanferminen ondoan—. Hala ere baten batek kazetariok gure errealizazio pertsonalaren tontorrera iristen ari garela pentsatuko du eta esan eginen digu gainera, txupinazoaz idazterakoan orgasmo bat izanen bagenu bezala. Orduan bi irtenbide dituzu, hori esan duenaren buruaren gainean ordenadorearen pantaila hautsi, eta holakorik egitea ez da oso gomendagarria halakoak botatzen dituztenak jerenteak edo komunikabidearen buruak izaten baitira, ala ezentzunarena egin, partsimoniaz walkmanaren kaskoak jarri eta Van Morrisonen zinta entzunez herbesteratze luze batean sartu. Eskerrak batzutan gaurkotasunari lotugabeko istorio zentzugabeak idazteko txokoren bai uzten diguten. Lagun batek zioenez, asko kobratzen ez dugun arren psikoanalistaren tarifa behinik behin aurreztu dezakegu.
Metropoli Forala |