Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-13

 

1992-11-13

 

      Gogorra da aurreko egunean zerbeza bat jarri dizuen hogeitazortzi urtetako kamareroa gau hartan bihotzeko batek jota hil dela jakitea. Gainera, lehenengo inpresioa gainditu ondoren, oroitzen zara zigarro bat eskeini zeniola. “Azkenean berdin berdin hilko gaituk” esan eta zigarroa hartu zuen azkenetako bat zela ez zekiela. Ez ginen oso adiskideak, baina zenbait kamarerorekin harreman berezi bat sortzen da, konplizitate atsegin bat somatu dezakezu barraren beste aldean emandako orduen ondorioz. Beti obsesionatu nau segundu batean lau mila milioi lagun zerbaitetan ari izateak, instant batean milaka lagun hiltzen, jaten, txortan, irakurtzen edo disparatzen ari direla pentsatzeak, eta askotan, munduan zerbait garrantzitsua gertatu denean, une hartan zertan ari nintzen oroitzen saiatu naiz behin baino gehiagotan. Orain ez dakit zehazki zer egiten ari nintzen lehengo gauean, agian, beste askotan bezala, sofa batean eserita nengoen heriotzaz eta maitasunez pentsatzen —eros eta tanatos, zergatik lotzen ote ditugu beti?—. Auskalo. Berria esan didatenenan tristetu naiz, harriturik geratu naiz, eta ez bakarrik neri gaur bertan gauza berbera gertatu dakidakela bururatu zaidalako, baizik eta asko kostatzen zaidalako ez didala beste zerbezarik inoiz jarriko onartzea. Ohitzen saiatzen naizen bitartean, bere lankide batek eskatu ez dudan zerbeza bat gehiago atera dit eta falta den lagunaren oroimenez altxatu ditugu basoak. Kamata fina fitxatu dute eternitateko tabernan. Salud, Juan.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak