Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Nafarrak eta itsasoa

 

1998-09-25

 

      Iruindar guztiak bezala ibili da goizean zehar itsasoaren ertzean, hau da, ergel baten aurpegia jarriz. Nafarrek beste modu batez begiratzen diote Kantauriari, uretan nolabaiteko traszendentzia bilatuko balute bezala. Erraza da, pentsatu du, goiz eguzkitsu honetan hondartzan edo Paseo Berrian dabilen jendetzaren artean metropoli foraletik datozenak bereiztea. Gipuzkoarrak irrifartsu dabiltzan bitartean, nafarrak serio-serio doaz, buruan ideia sakonen bat balute bezala. Batzuk momentu batetik bestera beren buruaz beste egitera doazela dirudi, salto batez ozeanoan murgildu eta betiko desagertuko direla lehorrean sekula aurkituko ez luketen Atlantida misteriotsu baten bila. Jende gehiena bizi da barnealdean, egia da; hala ere, arabar bat, Huescako bat edo Madrildik etorritako atsoa askoz ere modu naturalagoan mugitzen dira itsasoaren presentzian, beldurrik gabe, errespeturik gabe ia. Erresuma zaharreko bisitariak, berriz, izuturik baleude bezala ibili ohi dira, uren azpian sekretu ikaragarriak gordeko bailiran.

      Pelikulak ikustera etorri da Donostiara pantailako irudiek bere gogo izorratuari nolabaiteko pakea emanen diotelakoan, beste batzuek eraikitako ametsek bere amesgaizto guztiak suntsituko dituztelakoan, baina huts egin du. Berarekin antz handia duten pertsonaiak baino ez dira ageri, istorio gehienek berak bizitutako pasadizoak ekarri dizkiote gogora eta atsedena behar zuen memoriak inoiz baino lan handiagoa egin du. Maiz, ispilu baten aurrean balego bezala sentitu da, eta ikusi duena ez zaio batere gustatu. Madarikatu egin du errealitatetik hain hurbil dagoen zinea, eta etorkizunean bakarrik ebasioa bilatuko duela agindu dio bere buruari, nahiz eta promesa laster ahaztuko zaiola jakin.

      Egunerokotasuna eta jende arruntaren bizimodua ardatz dituen beste film horietako bat ikusten ari zela, urduri jarri da. Bere ohituren kontra, proiekzioa bukatu aurretik atera da aretotik, betaurreko graduatuak kendu eta eguzkikoak jarri ditu, eta, nafar bati dagokion seriotasunaz, hondartzarantz abiatu da. Kontxa aldea jendez gainezka dago. Erlojuaren parera iritsi denean, bozgorailuetatik ozenki ateratako esaldi bat entzun du: “Galdutako ume bat dago aldagela nagusian; gurasoak bila etor daitezela, mesedez”. Abisuak zerbait mugitu du bere barrenean, aspaldiko irudiak gogoratu ditu. Bera ere negarrez egon zen aldagela hartan, duela urte asko, eta bururatu zaio geroztik ez dela handik mugitu, inor ez zaiola sekula bila joan.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak