Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Lurra eta askatasuna

 

1995-04-21

 

      Mundu honetan errealitate birtuala, diseinu industriala, merkatu finantzieroa eta preso gorbatadunak besterik ez dagoela dirudienean, irakasle itxura duen britaniar batek lozorrotik ateratzen gaitu ostiko batez eta horren urrun ez dagoen iraganera bidaiatuz betiko istorioa kontatzen digu, irabazleek beti ezkutatu nahi izan dituzten galtzaileak erakusten dizkigu eta urte hauetan ezer gutxi aldatu dela ulerterazten digu. Ken Loach boxeolari bat da eta estomaguan jotzen du behin eta berriro pantailan ikusten ari garen langileak, langabetuak, milizianoak edo seme-alabak lapurtu dizkioten ama gu izan gintezkeela konturatzen garen arte. Eskatzen ez baditugu ere, beti bilatu ditugu lurra eta askatasuna. Broker-en eta Internet sarearen garaian batzuek pentsa dezakete guzti hori oso urrun geratzen dela, baina beren barnean begiratuko balute agian ohartuko lirateke haiek ere egun batean antzeko zerbait eskatu zutela beste izen batzuekin.

      Memoria galtzen ari gara, Alzheimer gaisotasunak denok harrapatu gaitu eta etorkizunerantz abiatu nahiago dute gehienek aurrerantzean inoiz galduko ez dutelakoan. Ez dakite aspaldian norbaitek madarikazio ikaragarria bota zuela munduan eta memoria galtzen dutenek ez dutela inoiz irabazteko aukerarik izanen. Ez dut uste dena idatzirik dagoenik, baina atzera begiratuz gero gauza asko aurki dezakegu, esate baterako lurrera erortzen ari den milizianoarekin antz handia dugula eta beharbada duela hirurogei urte egindako argazki bat gure etorkizuna iragartzen ari zaigula. Berriz ere, Ken Loach-ek espejismotik ateratzen gaitu eta gizatasuna zer den azaltzen digu bi hitzez, lurra eta askatasuna. Honekin batera, historian zehar jarritako tranpak ere erakusten ditu eta guk badakigu erortzen segituko dugula, ez dugula erremediorik. Herenegun miliziano anarkistak eta troskistak izan ziren, atzo konstrukzioko langileak, gaur ama desahuziatua eta bihar guretako edozein pentsio fondo pribatu bat egiten ez badugu.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak