Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-3

 

1992-02-07

 

      Zenbait urtetan atzerrian ibili ondoren ez zuen inor ezagutzen hirian. Ez zekien zergatik itzuli zen eta kalean zebilen egun batean bere aurretik zihoan gizona segitzea bururatu zitzaion. Leika txiki bat zeraman poltsan eta detektibe bat bailitzan ezezagun haren itzala bihurtuko zela erabaki zuen. Argazkiak eginez, bere etxera iritsi zen eta ordu pare batez itxoin ondoren, atera zen berriro. Eskuan poltsa bat zeraman eta beldur pixka batez bidairen bat egin behar zuela pentsatu zuen. Gizona oinez zihoan, eta ordu erdi batez edo ibili ondoren hiriaren inguruetara heldu ziren. Auzo zahar bat zen, eroritako etxeak eta zabor ugari besterik ez zen agertzen. Erakusketa batean ikusitako argazkien desolazioa etorri zitzaion burura eta egilearen esaldiaz oroitu zen: “gure obsesioen argazkiak egiten aritzen gara beti”. Horma baten atzean izkutatu zen eta kamararen objektiboak lokiaren beste perspektiba bat eman zion. Gizonak zigarro bat erre zuen mugitu gabe eta itzali zuenean geltokira abiatu zen. Atzetik joan zitzaion mundu guztiaren zeharkaldia hastera zihoala jakin gabe. Eskerrak patrikan bere kredito txartela zeraman.

      Hiru urte iraun zuen bidaiak, baina ez zuen inoiz deskubritu, edo hala uste zuen behintzat. Gizonak ez zuen apenas inorekin hitzegin hiru urte haietan eta bere obsesio bakarra auzo zaharretako bazter despoblatuak zirela zirudien. Hiri batera iritsi bezain laister, gauzak hotelean uzten zituen eta suburbioetara abiatzen zen. Zigarro bat erretzen zuen pentsati eta gelara itzultzen zen, bere mugimendu guztiak erregistratzen ari zirela jakin gabe. Inoiz ez zuten hiri batean egun bat baino gehiago pasa eta azkenean, sorterrira ailegatzean, poltsa karretez beterik zeraman. Gizon berbera eta antzeko paisaiak argazki guztietan, desolazio postnuklearren irudiak ematen zuten.

      Geltokian jeitsi zirenean, segimendua bertan behera uztea erabaki zuen, baina maitemindurik zegoen. Ez zen ezer esatera ausartzen ordea, eta azken agur isila emateko asmotan duela hiru urteko toki berean segitu zuen. Aldatua zegoen, etxe batzuk eraikitzen hasiak ziren eta ingurua beste itxura bat hartzen ari zen. Kamara atera zuen azken argazkia egiteko, baina gizona negarrez hasi zela ohartu zen eta ez zuen botoia sakatu, aurreko denbora guztian ez bezala bestearen intimitatean sartzea iruditu zitzaion. Leika poltsan gorde zuen eta etxera joan zen egongelarako landareak guztiz lehortuak egongo zirela pentsatuz.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak