Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Jubilatuen paradisua

 

1994-10-07

 

      FMI delakoa arrazoia ematen ari zaio Johnny Thundersi: azkenean hobe izanen dugu gaztetan hiltzea eta zerraldoan sartuta gorpu eder bat erakustea, zahartzarora iritsiz gero miseria gorrian bizi beharko baitugu, bakarrik pentsio fondo pribatuetan inbertitu dutenak etzan ahal izanen dira Benidormeko hondartzetan gainerakook eskean gabiltzan bitartean. Eta arazoa ez da hor bukatzen, langabetuok ere gaizki ibiliko baikara gure babarrunak lortzeko, gaur egun milioika hiritar dauden moduan bestalde. Apokalipsia omen dator, beltzak, langabetuak, jubilatuak, ezkondu gabeko alargunak, behin behineko kontratu berriak eta soldata eskasak dituzten langileak, babesik gabeko gaisoak, aurreztutako diru guztia gastatu ondoren etxerik gabe geratu diren kooperatibista ohiak, edateko arrazoiak soberan dituzten alkoholikoak, umezurtzak, bisadorik gabeko etorkinak eta orokorrean “self made man” bat izateko ausardiarik izan ez duten guztiak pilatuko dira kaleetan, labana eskuan daramatela, Banko Mundialaren ejekutiboen bila, baina ez dute bakar bat ere aurkituko. Korbatadunak kristal blindaturen baten atzetik begiratuko du paisaje urbano eta sotanotik gin-tonic bat igo diezaioten eskatuko du interfonotik. Bere ordenadorean ekonomia primeran doala hamaikagarrenez konprobatu ondoren, programa aldatu eta Tetrisean arituko da estresa kentzearren. Gestio pare bat telefonoz New Yorkeko broker lagun batekin eta etxera abiatuko da terrazan duen helikopteroaz. Ordurako behekoak haien artean borrokan ariko dira eta ejekutiboa segurtasun faltaz kejatuko da, baina badaki hildakoak ez direla asko izaten, kontrol demografikorako beharrezkoa dena, besterik ez. Laster piztuko dira kaleetan telebista pantaila erraldoiak eta “Blade Runner-eko” txinatarra agertu beharrean Isabel Gemio azalduko da; orduan munduko pariak lurrean eseriko dira gorpuen artean tokia eginez eta beren problemak ahaztuko dituzte saio eta tartekatzen dituzten pentsio fondo pribatuen iragarkiak ikusten dituzten bitartean: “zure etorkizuna inporta zaigulako, zoriontsua ikusi nahi zaitugulako, etor zaitez gurekin jubilazioaren paradisura”.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak