|
Metropoli Forala
MF-26
1993-12-03
Negu Gorriak taldeak saioren bat egin badu ere, elektrifikazioa ez da oraindik bertsolaritzaren mundura iritsi eta tradizioen zaindariak lasai daude beren eserlekuetan, bertsolariak egunen batean kitarra, baxua eta bateriarekin batera taularatuko direla susmatu gabe. Estudioko musikariak arituko dira txapelketetan eta bestelako saioetan bertsolari bakoitzak bere taldea eraman ahal izanen du —hau irakurtzen ari diren bitartean “herejia” oihukatzen hasi dira batzuk eta eskua gerrira eraman dute, baina pistolak egon beharko lukeen tokian telebistaren kanalak aldatzeko baino balio ez duen aparailu txikia besterik ez dute aurkitu, eta pantailan “grunge” estetikaz jantziriko bertsolari ileluze batek poto egin du kitarjolearen “riff-ak” despistatu duelako—. Badakit ez direla kitarra elektrikoen alde mintzatzeko garai onenak; azken bolada honetan ospe handiko rockero askok alde batera utzi dituzte kableak eta kitarra akustikoa hartuta hamaika “unplugged” grabatu dituzte. Agian lehenbiziko pausoa hori litzateke, bertsolariak garai bateko kantautoreak bailiran —eta ez dut ezer asmatzen, Xabier Lete eta Antton Valverdek horrelako zerbait egin bait zuten—, akorde batzuk jartzea. Jakina, bertsoak osatzea eta aldi berean kitarra jotzea ez litzateke batere erraza izanen bertsolari gehienentzat; ikastaroren bat egin beharko lukete aurretik Jimmy Hendrixen abileziak ikasteko. Guzti honetan pentsatu nuen lehengoan Johnny Clegg hegoafrikarraren kontzertuan. Napartheidekoek diotenez, badira Hegoafrika eta Euskal Herriaren artean zenbait parekotasun, eta haiek beren ohiturak rock and rollaren formetara egokitu badituzte, ez dakit zergatik ezin dugun berdin egin. Azken finean euskal kultura zabaltzeko aukera gehiago izanen genuen Lopategi, Sarasua, Arozena eta beste batzuk MTVeko bideoklipetan agertuz gero. Diskografikoak konturatzen badira honek eskaintzen dituen posibilitateez, bertso-noise, heavy-bertso, zortziko-txiki-grungea eta bertsolaritza Seattleko estiloan izanen ditugu hemendik gutxira. Gora elektrifikazioa!
Metropoli Forala |