Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Udarako planifikazioa

 

1996-07-26

 

      Udan urtean zehar nagitasunaz, alferkeriaz edo astirik ez izateagatik egin gabe utzitako guztia eginen zuela zin egin zion bere buruari. Ez zuen beste batzuetan bezala denbora galduko, eta hasteko Prousten lan erraldoiaren liburuki guztiak irakurriko zituen. Joyceren Ulises ere hasi behar zuen, ez baitzen oroitzen non utzi zuen irakurtzen saiatu zen azken aldian; eta horrez gain, Cioranen lanak berraztertu eta aldizkari baterako artikulua prestatu behar zuen aspalditik ahaztuta zituen Miles Davisen disko guztiak entzuten zituen bitartean. Dena dela, ez zezala inork pentsa bera etxetik inoiz ateratzen ez diren eruditu aspergarri horietako bat zela, ez horixe. Munduko gizona zen eta munduko plazerrak ikaragarri gustatzen zitzaizkion, baina ikasturtean zehar ez zuen aukera gehigirik izaten. Bazekien, ongi planifikatuz gero, edozer gauza egin zezakeela, nahi zituen liburu guztiak irakurri, hainbat artikulu eta kolaborazio idatzi eta lagunekin atera. Suerte pixka batekin neska dotore bat ezagutuko zuen eta azken frakaso sentimentalak ahaztuko zituen. Bere buruari diziplina pixka bat jarri behar zion, besterik ez. Goizeko zortzietan altxatuko zen egunero, nahiz eta aurreko gauean berandu oheratu, eta buruan zuen programa hutsik egin gabe jarraituko zuen. Bederatzietatik hamaiketara eguneko prentsa irakurri, hamaiketatik ordu bietara bost orri idatzi, eta bazkalondoan, lauretatik bederatzietara, irakurketa sakonak eta musika ona; gauean, berriz, jende interesgarriz beteriko tabernetan ibiliko zen nekatu gabe. Uda hirian pasatzeko plangintza ezin hobea.

      Irailean harrituta zeuden bere lagunak, uda osoan ez zen egun batean ere azaldu betiko tabernetan eta ez zion inori esan kanpora joateko asmorik zuenik. Lanean azaldu ez zenean kezkatzen hasi ziren eta bere etxera joatea erabaki zuten. Atean jo zuten, baina ez zuen inork erantzun. Usain txarra nabari zitekeen eskaileretatik, eta okerrena pentsatu zuten. Azkenean atea bota, barnera sartu eta egongelan aurkitu zuten tona bat zaborrek inguraturik. Erotuta zirudien, ezin zituen begiak telebistako pantailatik kendu. Lagunak bertan zeudela ohartu zenean oihuka hasi zen: “Gora Indurain, aurrera gure atletak, biba bosgarren kateko lehiaketak eta Pluseko pornoa”. Gero pizza kaja baten gainean erori zen konortea galduta. Lagun batek telebista itzali zuen. Hiru hilabete zeramatzan piztuta.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak