Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

Tokiaren izpiritua

 

1997-05-02

 

      Karrikak izen ospetsuko denda dotorez betetzen hasi direnean bakarrik oroitu dira beren haurtzaroaz Parisko auzo mitiko bateko biztanleak, eta duela ia hogeita hamar urte jaurti zituzten galtzadarrien azpian tokiaren izpiritua bilatzeari ekin diote. Ez da lan makala. Seguru asko Armani, Dior, Chanel eta horrelako konpainietako arduradunek ere hainbat tokiren izpiritua bilatu zuten etengabe, foulard batean, lurrin marka batean edo trasparentzia batean aurkitu zuten arte. Gero diruak izpiritua irentsi zuen, eta aldizkarietako paper garestian produktuak iragartzen dituzten jainkosen irribarrea besterik ez zen geratu. Hori bai, behin eta berriro konparatzen ditugu Emmanuelle Beart aktorearen argazkiak eta ez dakigu non aurkitu duen bakea bere izpirituak, luxuzko marketan ala etorkin beltzen aldeko borrokan. Arriskuan omen daude zituen kontratuak emakume frantses sofistikatuaren irudia ematen ez duelako, baina guri inoiz baino sofistikatuagoa eta ederragoa iruditu zitzaigun poliziek atxilotuta eraman zutenean. Zer pentsatuko zuten modako estilista finek beren musa manifestazio baten buruan eta makilajerik gabe ikusi zutenean? Beren garai iraultzaileez oroitu ziren eta aktorea madarikatuko zuten ongi orraztu gabe ibiltzeagatik? Eta zer pentsatuko dute orain urrezko jostun hauek, modaren sortzaile zorrotzek, jendeak toki baten izpiritua deuseztatu izana leporatzen dienean? Seguru asko Juliette Greco eta gainerakoak injustizia bat egiten ari direla, eta, gainera, horterak eta gustu txarrekoak direla esanen dute, orain arte inork ez baitu protestarik egin macdonals, burgerking eta holakoen kontra. Zer da arriskutsuagoa pertsona nahiz toki baten izpirituarentzat, haragi txarraz egindako hanburgesa edo bi milioi frankoko jantzi abangoardista? Gure izpirituak erabat nahasirik dauden garai hauetan, pentsa ezazue nola egonen diren tokien izpirituak hainbeste eraikin berri, hainbeste antena paraboliko, hainbeste astakeria urbanistiko ikusi ondoren. Metropoli foral honen izpiritua, esate baterako, erotuta omen dabil aspaldian eta gauez, kanposantuaren inguruan, negarrez entzun dutela diote batzuek. Eta hori Armani, Dior, Galiano eta Macartneyren alabaren diseinuak ez direla oraindik iritsi, ezta El Corte Inglés ere. Eskerrak haurtzaroko argazkiak eta konpainia handiek eta enpresa konstruktoreen makinek sekula aurkituko ez duten ezkutalekuren bat geratzen zaigun tokiaren izpiritua babesteko.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak