Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak

 

 

MF-14

 

1992-12-11

 

      Askok esaten dute ez luketela metropoli forala deusengatik aldatuko; nik, berriz, aitortu behar dut benetako hiri batera joaten naizenean liluraturik sentitzen naizela eta lehenengo momentuetan behintzat nire jaioterria gustora traizionatuko nukeela. “Garai baterako bai, baina ni ez nintzateke hiri erraldoi batean luzez bizitzeko gauza izanen”, esaten dute batzuk nahiz herritik behin ere atera ez diren. Neuk ere ez dakit ataskoaren erdian lasaitasuna gordeko nukeen; beharbada hiru egun pasa ondoren zubiren batetik botako nuke nere burua. Hala ere, orain arte behintzat bolada motzak besterik ez ditut eman eta nire ezagupena nahiko murritza da —gauza gehienetan bezala, ideiarik ez dugunok izaten gara gehien hitz egiten dugunok—.

      Dena dela, bada jaiotzen, sufritzen, mozkortzen, negar egiten, larrua jotzen, maitemintzen, gorrotatzen, harriak botatzen, iluntasunean bideo pornoak begiratzen eta arratsetan paseo bakartietan ikusi gaituen hiriarekiko nolabaiteko fidelitate sentimendu bat, eta beste nonbaitera joaten garenean adarrak jarriko bagenizkio bezala sentitzen gara nahiz eta jakin hiriak heriotzera bulkatzen gaituela edo kanpoan zementuzkoa ez den maitale bat aurkituko dugula espero. Mugitu direnak ikaraturik bizi izan dira haurtzaroko jokoetako plaza abandonatu zutenetik, hiriaren mendekuaren zai egon dira hil diren arte eta azken unean damutu egin dira, ziutatea jainko bat bailitzan.

      Foralak ez badira ere, hiri handiak betidanik gustatu zaizkit eta behin baino gehiagotan bizilekua aldatzea pentsatu dut etorbide zabaletan nire herriko kaleska hestuetan bilatu dudana aurkituko nuelakoan edo herkideen pentsamendu itxietatik alde egin nahian. Orduan, ahots ezezagun batek botatako mehatxuak entzun ditut eta benetako metropoliak egun batean beren sorterria utzi zutenen gorpuez beterik ikusi ditut aluzinazio batean sarturik. Metropoli foralaren mendeku krudelaren frogak ikusirik, tren geltoki hurbilena bilatu dut holakoetan eta, bigarren klaseko bagoi batean, burua makurturik, traizionatutako hiri jeloskorraren barkamena bila abiatu naiz egunen batean bera baino indartsuagoa izanen naizela amestuz.

 

Metropoli Forala
Felipe Rius

1991-1999
Euskaldunon Egunkariako
Nafarkaria gehigarrian
argitaratutako artikuluak